Shakti Olaizola: "Zirkuaren munduan, formakuntzarako lekuak falta dira Euskal Herrian"

hirinet 2013ko api. 23a, 11:40

shakti-olaizola-2Apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren egunaren harira, aurreko igandean Shakti Olaizola artista gazteak ‘Irakurtzen’ ikuskizuna aurkeztu zuen Gasteizen, hain zuzen, kontorsioa eta irakurketa nahasten dituena. Elkarrizketa honetan ‘Irakurtzen’ ikuskizunaz eta oro har bere lanaz mintzatu gaitu gazteak.

Zer kontatu diezu ikusleei ahotsaren, mugimenduaren eta gorputzaren malgutasunaren bidez?

Gauza batzuk ezin dira hitzen bidez azaldu, baina pista batzuk emango dizkizuet. Ikuskizunaren protagonistak irakurtzen duen bitartean igarotzen dituen egoera eta gertakizun ezberdinak kontatzen saiatzen naiz. Honen bitartez bere istorioa eta irakurtzen duen istorioari buruzko informazioa ematen dut. Baina batzuetan nahastu egingo dira.


shkati-olaizola-3Zergatik dantza eta irakurketaren arteko binomio hau?

Interesgarria iruditzen zitzaidan zirkua eta dantza eguneroko ekintzekin nahastea. Irudimenari atea irekiz egunerokotasunetik atera eta dena modu ezberdinean ikusteko aukera izango dugu, beste ikuspuntu batetik. Irakurtzea oso ekintza estatikoa da berez, baina gure buruan pentsamenduen mugimendua kristona da eta polita iruditzen zitzaidan dantza eta kontorsioaren bidez adieraztea.


Zirku teknikak ikus daitezke ikuskizun honetan. Nola murgildu zinen zirkuaren mundu honetan?

Arte ederrak ikasten nengoela Kukutza aurkitu nuen Bilbon. Beste ekintza ezberdinez aparte, hemen Koblakari izeneko zirku elkartearen kideak akrobaziako klaseak ematen zituen. Denboraldi hartan dantzako klaseetan nenbilen beti bezala, baina poliki-poliki gero eta gehiago murgildu nintzen akrobazietan eta gero zirkuan baita ere. Zirkuan ibiltzen zen jendearekin harreman ona egin nuen eta asko ikasi nuen beraiekin. Izugarri gustatzen zitzaidan akrobaziak egitea, baina inoiz ez nuen imajinatuko noizbait antzezten ibiliko nintzela.


Arte Ederretan lizentziatu arren, kontorsioan, dantza akrobatikoan eta klown-ean espezializatu zara, ezta?

Bereiziki kontorsioan eta akrobazian prestatu egin naiz, lehen esan dudan bezala Kukutzan hasi nintzen akrobaziak ikasten orain dela sei urte luze eta geroago kontorsioan asi nintzen ere Ane Miren-ekin. Arte ederrak bukatu eta bazter batean utzi nuen pixka bat margolaritza. Zirkuko ikastaro  ezberdinak egiten hasi nintzen nire ezagutza handitzeko, akrobazia eta orekak Marcelo Ramos-ekin adibidez, dantza akrobatikoa Lucio Baglivo-rekin eta baita klown-ean ibili naiz pixka bat “Que Par Che Teatro” konpainiarekin eta Lila Monti-rekin. Bilbon, Gasteizen eta Madrilen egin ditut ikastaroak.


shakti-olaizola1Aukerarik al dago Euskal Herrian zirkua, klown-a eta akrobazien munduan aritzeko?

Ez da erraza ez, behin zirkuan lan egitea aukeratzen duzula benetan lan gogorra egin behar duzu zure tartetxoa izateko eta honetaz lan egiten bizi ahal izateko. Gaur egun oro har daukagun egoeran erdi ero iruditu daiteke honelako erabakia hartzea. Baina horrela erabaki nuen une hartan eta pixkanaka lan egiteko aukera onak ateratzen ari dira. Euskal Herrian antzerki jaialdi eta programazio kulturala nahikoa badago. Alde horretatik estatuko beste lekuak baina hobeago dago, naiz eta gero ekitaldi hauetan parte hartzea erraza ez izan. Euskal Herrian faltan botatzen dena formakuntzarako lekuak eta jendea da. Normalean kanpora ikastera joan behar gara zirkuan profesionalizatu nahi dugunak, eta batzuk ez dira bueltatzen. Gero eta zirku mugimendu gehiago ikus daiteke gure herrian. Baita nazioarte mailan arrakasta izaten ari diren Euskal Herriko konpainia gehiago ere. Baina zirku gehiago behar dugu Euskal Herrian.


Gaztetxoa izan arren, 2011an konpainia propioa sortu zenuen. Zergatik?

"Irakurtzen" nire lehenengo bakarkako lana izan da. “Chemins Emergents IV” (2012-2013)-an hautatuta izan zen, "Pyrénées de Cirque" proiektuan. Beraz, nire konpainia propioa egitea erabaki nuen nire ikuskizuna mugitzeko. Ikuskizun honekin Toulousen lan egin dut pasa den urtean eta Talent Madrid 2013 jaialdian parte hartu dut Madrilen. Aurten, Euskal Herriaz aparte, ondorengo lekuetan antzeztuko dut ere: “Fira del Circ al Carrer” Kataluinan eta Cauterets eta Perpignan-eko jaialdietan Frantzian. Ikuskizun labur honek gero eta gehiago garatzen doa eta laster 30 minutuko bertsioa prestatzen hasiko naiz.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago