Zorionak Hirinet!

hirinet 2013ko api. 18a, 02:00

Amaia Gartzia


Zorionak Hirinet. Bada urtetxo bat dagoeneko. Ibili aurretik hitz egiten ikasi zenuela esan daiteke. Eta zure lehenengo hitza zein atzetik etorri diren guztiak hizkuntza bakar batean izan dira, gurean gure,  ama-hizkuntzan, euskaraz. Gurean euskaraz delako gure leloa. Eta zure jaiotzaren inguruan bildu ginen Arabako euskaldun asko eta asko. Eta jarraitzen dute hurbiltzen. Ibiltzen ikasten laguntzen ari zaituzten asko gara, eskua helarazten, bidean hartu zenitzakeen kolpeak ekiditeko, bideko harri kozkorrak ostiko batez bidaltzeko. Eta pausotxoak eskuz esku, eskutik eskura, Gasteizko euskaldun ezberdinen eskuekin osatutako sarean, geroz eta handiagoak hasi dira egiten, zorionez.

 

Eta pasa da urte bat zure hitz eta esaldien sehaskatxo hau kulunkatzen,  geroz eta buru gehiago ikusten dituzu zugana lepoa luzatzen, zu bisitatzen, zurekin irribarre egiten. Jaso dituzu bertsoak, elkarrizketak, gutunak, marrazkiak eta argazkiak. Hazi egin zara, ez dago dudarik, baina zutaz gain interesgarria izango da hemendik urte batzuetara zurekin batera jaio diren euskaldunak ere gora egin dutela ikustea ere. Zu ere zarelako gure berma. Horregatik piztu gintuen ilusioz zure jaiotzak. Esku bakar batek ez daukalako zentzurik besteak ez badu estutzen, komunikaziorik ez badago, sarerik ez badago. Itxaropena arnasten zuen jaioberria izan zinen. Eta horrela izan da.


Ostiralean bilduko gaituzu berriz. Zure bizitzako lehen  urtea ospatuko dugu. Eta guk eramango dugu itxaropen  bete ahokada opari gisa, euskaraz egindako hitz bakoitzarekin, gure ezpainetatik irrist egiten duen euskarazko esaldiekin. Horrela behar duelako euskarak gure ezpainetan,  naturaltasunez airera doan hitz labainkor bat, ahalik eta toki gehienetara heldu dadin. Hortaz, badakizu, ostiralean gain, hemendik aurrera irristatu euskarazko esaldiak Gasteiz barrena, arnas dezala hiriak behingoz guztietan osasungarria den giro euskalduna.


Zure lehen urtebetetzean,  gure eskuak helduleku, gure ezpainak bidelagun, urte askoan Hirinet.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago