Xabier Etxeberriak oso modu argitsuan tartekatzen ditu hiru pertsonaiak, eta egoera berezia sorrarazten du horrela: hiruretako bati atxikitzen bagatzaizkio, beste bienak arin-arin irakurriko ditugu, gogoko dugunari zer gertatuko zaion jakitearren. Hala eginez gero, ordea, geure arretarik bereganatu ez duten pertsonaia bien kontakizunak oharkabean joango zaizkigu. Ezinbestekoa da, beraz, hirurei garrantzia ematea, eta korrika batean irakurri beharrean, hirurenak aldi berean gozatzea… harik eta, ezusteko amaiera eskaintze aldera, hiruren bizitzak gurutzatzen diren arte; irakurleak ahozabalik utziko dituen amaiera, bide batez esan dezagun.
Xabier Etxeberria Zarautzen (Gipuzkoa) jaio zen 1974an, eta Enpresa Zientziak ikasitakoa da. Egun denak ez dira berdin helduentzako lehen eleberriarekin Igartza saria irabazi zuen 2001ean. Udazkeneko lorea du bakarka idatzitako bigarren eleberria; gehiago ere baditu, Martin anaiarekin batera idatziak, haur eta gazteentzat zein helduentzat.
FITXA TEKNIKOA
Izenburua: Udazkeneko lorea
Idazlea: Xabier Etxeberria
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2012
Orrialde-kopurua: 137
Egilea: Adriano De Mata
Udazkeneko lorea