‘Giro Onean’, lurraldeko ostalaritzan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko kanpaina

hirinet 2013ko api. 16a, 09:13

GIRO-ONEAN-2‘Giro onean' kanpaina  Guardiako Villa-Lucia ardoaren erakustokian aurkeztu zen aurreko ostiralean.  Arabako Foru Aldundiko Euskararen Plan Estrategikoaren testuinguruan, kanpainak jatetxe, taberna, ostatu, hotel, landetxe eta upeltegietako hizkuntza-paisaian eta bezeroentzako dokumentazioan apurka-apurka euskara txertatzea du abiapuntu.  Arabako herri guztietan  garatuko da, Gasteizen, Laudion eta Amurrion salbu, hauek euskara plan propioak dituztelako.


Bertan, Iciar Lamarain Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu zuen moduan,  “hizkuntza normalizazioa lortzeko eremu sozioekonomikoa da giltzarria”. Era berean, Gasteizko merkataritzan eta ostalaritzan egindako azterlan-diagnostiko baten arabera, eremu sozioekonomikoan nagusi da euskara sustatzearen aldeko jarrera. “Txosten horretatik ateratzen da, halaber, hizkuntzak ez duela baldintzatzen establezimendu bat edo bestea aukeratzea, baina lagundu, laguntzen duela”.


Diputatuak gaineratu zuenez, “Araba aurrera doa, pausoz pauso, elebitasunerantz, eta baita eleaniztasunerantz ere. Zerbaitengatik da Araba herritar elebidunen kopurua gehien hazten ari den lurralde historikoa. Horregatik, esaera zaharrak dioen moduan, badut itxaropena: “Sasoiak helduko ditu mahatsak. Horixe espero dut euskararekin ere Araban”.


Ruben Lavin Villa-Luciako gerenteak, diputatuaren hitzak berretsiz, ostalaritza zerbitzuan hizkuntza-kudeaketa egokia egitea estrategikoa dela nabarmendu du.  Hain zuzen ere, euren kanpo komunikazioan euskara txertatzen hasteagatik iaz Lazarraga saria eskuratu zuten, alegia Aldundiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Arabako arlo sozio-ekonomikoan euskararen alde lan egin duten entitate edota pertsonak  errekonozitzeko ematen duten saria.


Lavinen hitzak borobilduz, Rakel Blanco sommelier eta Villa-Luciako proiektu komunen arduradunak ardo dastaketa berezi bat eskaini du.  “Hasiera batean ardoa eta euskararen munduak ezezagun suertatzeak ez du esan nahi eskuraezinak direnik, bata zein bestea ezagutzeko praktika ezinbestekoa da”. Praktika horri ekitean aurreiritziak baztertzeko beharra azpimarratu du Blancok. Esaterako:  “Ardoa edari alkoholduna den heinean, txarra da; euskarak ez du nire lanerako balio, ez dut behar, jendeak ez du hitz egiten, ez du baloratzen. Edo… euskaraz ez dakidanez ez ditut elebietan jarriko nire establezimenduko errotulua, web-gunea, kartelak… Ardoaz ulertzen ez dudanez berdin zait urteko ardoa, ondua edo erreserba eskatu, ez dut alderik nabarituko. Hauek guztiak aurreiritziak baino ez dira, ideia irrazionalak”, azaldu du. Honekin batera, ardoa aukeratzeko orduan kontuan har daitezkeen faktoreak eta ostalaritza zerbitzua hautatzean ikuspuntu linguistikotik  baloratzen direnak erkatu ditu.


Zer eskaintzen du ‘Giro onean’ kanpainak?


Ostalaritzan euskara sustatzeko arrazoiak asko direla agerian geratu ostean, Euskararen Foru Zerbitzuak “Giro onean” kanpainarekin doan eskura jartzen dituen baliabideak zehaztu dira.  Alde batetik, itzulpen zerbitzua eskaintzen da bezeroei zuzendutako mezuak  (menuak, kartak, tarifak...) euskaraz ere jarri ahal izateko. Gainera mezu horiek tamaina desberdinetako kartel mutuetan txertatzeko aukera dago. Honekin batera "irekita/itxita" kartelak, ostalaritza, enologia eta turismo hiztegia, ohiko esaldien "txuleta”, “Gaur nahi baduzu euskaraz” pegatinak eta kartelak eta "Nahi baduzu euskaraz" pinak eskaintzen dira. Azken hauekin langile eta bezero euskaldunen arteko harremana hasiera batetik euskaraz izatea bilatzen da. Cafés la Brasileñarekin elkarlanean kanpainaren lema duten azukre poltsak sortu dira, eta datozen hilebeteetan hainbat establezimendutan banatuko dira. Gainera euskara ikasteko diru-laguntzak eskaintzen dira, baita etengabeko aholkularitza zerbitzua ere.


Informazio gehiago: Giro Onean Ostalaritza euskaraz  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago