Hirinet euskara hutsezko sareko komunikabide honen oinarriak informazioa, gaurkotasuna eta entretenimendua dira. Egunero Gasteizen gertatu diren albiste garrantzitsuenak biltzeaz gain, gai ezberdinak sakontasunez jorratzen dituzten erreportajeak eta elkarrizketak landu ditu. Inguruko elkarte, eragile eta talderen lana ezagutzera eman du, idatzizko zein ikus-entzunezko erreportajeen bitartez. Honekin batera, Arabako gaurkotasunaren protagonistak ezagutzera eman ditu atariak; Pou anaiak, Ivan Fernandez lasterkaria, Unax Ugalde aktorea, Berri Txarrak taldeko kideak edo Oihane Perea bertsolaria bezalako pertsonaiak sakontasunez elkarrizketatuz.
Gainera, Araban antolatu diren euskarazko ekintza guztiak biltzen dituen Euskararen Agenda eskaini du Hirinet.net-ek, non 2.000 agenda ohar baino gehiago argitaratu dituen. Iritzi atalean, berriz, pil-pilean egon diren gaien inguruko hausnarketak eskaini ditu, gero eta handiagoa den kolaboratzaile-sare bati esker. Egun, 30 kolaboratzaile baino gehiagok osatzen dute sare hau. Erabiltzaileen parte-hartzea ere goraipatu nahi genuke, asko izan baitira gure irakurleek bidali dizkiguten argazkiak, idatziak, iritziak eta iruzkinak.
Izan ere, guztion artean egiten dugu Hirinet eta Gasteiztar zein Arabako euskaldunez osatutako kolaboratzaile sareak eta erabiltzaileek lagundu gaituzte web gunea elikatzen. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Hirinet posible egiten duten guztioi, baita Hirinet irakurtzen duzuen guztioi ere. Horregatik, ESKERRIK ASKO GUZTIOI!
Web gunearen lehen urte hau ospatzeko, GEU elkarteak Hirinet I.urteurrena jai honetara gonbidatu nahi ditu gasteiztar guztiak eta eskerrak eman nahi dizkie urte honetan web gunea bisitatu dituzten pertsona guztiei zein modu batez edo bestez Gasteizko euskaldunon sare hau elikatzen eta sendotzen lagundu duten guztiei.
Informazio gehiago: Hirinet I.urteurrena jaia