LOS CRETINOS, doinu zikinen maitale

hirinet 2013ko api. 9a, 11:19

LOS-CRETINOS-2-soinu-zikineLos Cretinos laukoa Arrasatetik dator, eta jada 10 urte baino gehiago pasa dira gustuko zituzten musika taldeen bertsioak jotzeko lehen aldiz entsegu lokalean sartu zirenetik. Orduz geroztik, makina bat kontzertu (tartean London eta Herbereheetan eskainitakoak), taldekideen joan-etorriak eta estudioko hiru disko. Eta lerro hauetan mintzagai dugun “Addictos sonitus” hau, guztietan mardulena da, nola bestela!

Topiko errepikatua bezain egiazkoa den azken esaldi hori idazteko, arrazoi ezberdinak ditut lagunok. Batetik, urteak aurrera egiteak zein errepidean gora eta behera ibiltzeak ematen duen eskarmentua. Bestetik, ohikoak dituzten musika tresnez gain (gitarra, teklatua, baxua, bateria,) harmonika, saxoa, marakak eta pandereta bezalako instrumentuak gehitu dituzte disko hau grabatzeko, honek abestien konposizioa aberastuz. Eta beharbada deigarriena, diskoa Jorge Explosión (Doctor Explosión) musikari eta teknikariaren aginduetara grabatu dutela Circo Perrotti estudioetan, horretarako modu analogikoa erabiliz. Beraz, bada zerbait nazioartean onespena duen pertsonarekin, non eta bere “etxean”, garai bateko vintage tresneria erabiliz grabatzeak.


LOS-CRETINOS,-soinu-zikinenGauzak horrela, diskoan aurkituko duguna post-garage bizia eta 60. hamarkadako rock and roll, surf zein rhythm and blues doinuen nahasketa primitiboa dugu. Honi, besteak beste, melodia itsaskorrak, Farfisa-k kantu guztietan sortzen duen zirimola, eta bateriaren kolpe neurtuak gehitu behar zaizkio. Diskoan aurkituko ditugun 12 abestien artean, aipatzekoak iruditzen zaizkit, diskoari izena ematen dion “Adictos al ruido” kantu elektrikoa, surf zertzeladak dituen “Waka-mole!” instrumental basatia, “Black phantom” zoroa, “Cretin hop” ramonestarra, edota aurreko diskoan sartu zuten “Mi moda soy yo” eraberritua, saxo eta gitarra solo ikusgarriekin.


Rock and roll eta garagezale orok gozatuko duen diskoa kaleratu dute arrasatearrek, gazteleraz zein ingelesez abestua, the Fleshtones, the Cynics, Wau y Los Arrrghs, eta the Fuzztones taldeen koordenadatan kokatzen dena. Eta gehiagoren egarriz gelditu den irakurlearentzat, adicctus sonitus horietako bat zaren horrentzat, badut albiste on: Grabaciones Cowabunga diskoetxeak “Addictos sonitus” disko hau binilo euskarrian kaleratuko duela.


Egilea: Ion Etxebarria Kortabarria

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago