Animaziozko zikloa abian Zigoitiko zineklubean

hirinet 2013ko api. 5a, 09:30

Animazio-zikloa-zigoitianZigoitiko Nomadak zineklubak hiru filmek osatutako zikloa prestatu du udaberriari merezi bezala eta kolorez harrera emateko. Oraingoan animazioari begiratu diote eta oso mota ezberdineko lanak aukeratu dituzte.

Animazio-ziklo hau larunbat honetan, apirilaren 6an, hasiko da 20:00etan, ohi bezala, Zigoitia aretoan (Ondategi). Egun horretan Fernando Trueba, Javier Mariscal eta Tono Errandoren artean prestaturiko Chico eta Rita izeneko filma proiektatuko da, Europar Zinearen Sarien 24. edizioan animaziozko film onenaren saria eskuratu zuena.

Berrogeigarren urteen amaierako Kuban, maitasun historia kartsua hasiko dute Chicok eta Ritak. Jazzarekin maitemindurik dagoen piano-jotzaile gaztea da Chico eta Ritak, berriz, abeslari handia izan nahi du. Habanako klub batean dantzaldi batean halabeharrak elkartu zituen gau hartatik, elkartzen eta elkarrengandik urruntzen ditu bizitzak, bolero bateko pertsonaien antzera.


Fernando Trueba da zuzendaria, 1993. urtean Belle epoque filmarengatik atzerriko hizkuntzan egindako film hoberenaren Oscarraren irabazlea, aspaldi ez dela Artista eta modeloa (2012) estreinatu duena. Film honetan aldiz Truebak Bebo Valdés musikaria oroitu nahi izan du.


Javier Mariscal da zuzendarikidea, artista eta diseinatzailea, Bartzelona 92ko Joko Olinpikoetan "Cobi" maskota ofizial aukeratu zutenean egin zen ezagun. Tono Errando ere zuzendarikidea da, Mariscalen anaia txikia, eta bideoklip musikalen (Radio Futura, Los Rodríguez, Duncan Dhu, Luz Casal, Compay Segundo,La Oreja de Van Gogh) eta Telebistako iragarkien zuzendari lanetan denboraldi bat eman ondoren, 1998. urtean Estudio Mariscal estudioan hasi zen animazio zuzendari gisa.


Zera dio Truebak: "Niretzat, abestia da Chico & Rita, abesti erromantikoa, boleroa. Abeslari baten eta piano-jotzaile baten istorioa da, Kuban, berrogeigarren urteen amaieran, eta bizitzak nola elkartzen eta nola elkarrengandik urruntzen dituen kontatzen du abesti batean bezala. Musika, maitasun, sentsualitate eta kolorez betetako filma da".


Trueba bat dator Bebo Valdes goapo eta gaztearen argazkiek Mariscali Chicoren kontzeptualizazio fisikorako inspirazio gisa balio izan ziotela esatean, pertsonaia ez dagoela musikarian oinarritua esaten badu ere.


Bestetik, ziklorari jarraiki, apirilaren 27an aldiz oso film ezezaguna eta interesgarria ikusteko aukera egongo da, Anders Morgenthaler-ek zuzendutako Princess izeneko filma, hain zuzen.


Zikloa maiatzak 18an amaituko da Ignacio Ferreras-en Arrugas-en proiekzioarekin. Arrugas bi dimentsioko animaziozko film luzea da, helduentzat pentsatua eta Paco Rocaren (2008ko Espainiako Komikigintza sariaren irabazlea) izen bereko komikia oinarri duena.

 


Egilea: klaketa.net

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago