Vital Kutxak Krea eta Antso Jakituna fundazioen egoitzaren salmenta “obskurantismoz eta arduragabetasunez” egiten ari dela salatu du Bilduk

hirinet 2014ko ots. 27a, 13:13

Vital Kutxak Betoño gunearen salmentan erabiltzen ari den “obskurantismoa zein arduragabetasuna” zentsuratu ditu EH Bilduk.

 

Urtarrilean egin zen aparteko Administrazio Kontseiluan Krea eta Sancho El Sabio Fundazioaren salmenta onartu zen. EH Bilduko ordezkariak izan ezik, gainontzeko guztiek “asmoen gutuna” onartu zuten. Bertan, balizko erosle bati bi hilabeteko esklusibitatea eman zioten.

 

Gune osoaren salmenta edo alokairua baimendu zuen Administrazio Kontseiluak, baina aurretik bi hilabeteko epea zabaldu dute balizko erosle horrek operazio guztia azter dezan. Bi hilabete horietan beste inorekin negoziatuko ez duten konpromisoa hartu du Vital Kutxak. Bilduk salatu duen moduan, “bertan zegoen inork (Vital Kutxako presidentzia barne) ez zekien nor den balizko erosle hori ezta zertarako nahi dituen eraikinak ere”.

 

Antza denez, erosle hori Estatu Batuetakoa da. “Garrantzi handiko operazioa da baina ez dakigu zertarako erabiliko dituzten eraikin horiek ezta hirian edo herrialdean izango duen eragina ere”, azaldu du Vital Kutxako Administrazio Kontseiluan EH Bilduren ordezkaria Fernando Velascok.

 

Egoera honen aurrean, datorren Administrazio Kontseiluan eztabaida eta bozka dezaten ebazpen bat aurkeztu du EH Bilduren ordezkariak.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide