Unax Ugalde: “Ikusle bezala gustatuko litzaizkidakeen pelikulak egitea izan da nire premisa”

hirinet 2013ko api. 2a, 17:20

unax-ugalde-gran-reservaGasteizen interpretazio munduan aritzeko zailtasunak Madrilera eraman zuen Unax Ugalde aktorea orain dela hamarna urte. Telesailekin hasi eta pixkanaka zineman murgildu zen; geroztik, 30 pelikula inguru egin ditu eta ahal izan duen neurrian, kalitatezko ibilbide profesionala bideratzea lortu du. Baina ez hori bakarrik. Ahal bezainbeste, bere jaioterritik gertu gauzatzen diren ekimen ezberdinetan kolaboratzen du gasteiztarrak; Fracking Ez edo Korrikaren aldeko bideoetan, esaterako. Azkena, Save The Children GKEak Gasteizen egin zuen kanpaina izan da. Izan ere, aktoreak hirira egin zuen bisita aprobetxatu dugu berarekin solas egiteko.

Egunotan berriro ere telebistan ikus zaitzakegu, ‘Gran Reserva’ seriean. Zer moduz grabaketa?

Seriean sartu nintzenean ilusio handia egin zitzaidan Tristan Ulloa aktorearekin lan egitea. Bere garaian ‘Volveras’ izeneko pelikula egin genuen elkarrekin eta berriro berarekin lan egiteak poztu ninduen. Seriean interpretatzen dudan pertsonaia hasiera batean ez zegoen oso argi eta produktoreekin hitz egin nuenean nire pertsonaia maltzurra izango zela esan zidaten. Gidoilariekin lanean egon nintzen eta pertsonaia sortu dugu eta horregatik pozik nago. Gainera, seriean ospe handiko aktore eta zuzendariak daude, esaterako, hirugarren denboraldian Manolo Gomez Pereira, David Pinillos eta Antonio Hernandez zinema zuzendariak egon dira kameraren atzean eta horrek itxura sendoagoa ematen dio serieari.


Maltzurraren papera egitea berria izango da zuretzat, ezta?

Bai, hala da. Dena den, aurreko urtean halako bi pertsonai interpretatu nituen, seriean eta ‘Somos gente honrada’ pelikulan. Nire aurpegiarekin inoiz ez zidaten halako pertsonaiarik eskaintzen eta orain oso pozik nago. Maltzurren paperak egitea oso polita da eta gainera, egun telebistan agertzen diren pertsona batzuk inspirazio-iturri paregabeak dira!


Unax-ugalde baztanOrain dela gutxi ‘Baztan’ pelikula ikusteko aukera izan genuen ‘Euskal Zinemaren Astean’. Pelikula bitxia, bertan bi film ezberdin aurkitzen direlako, ezta?

Meta-zinema esaten zaio horri, hau da, zinema zinema barruan. Istorioa bi alditan kontatzen da, XIII. mendean eta gaur egun. Epoka deitzen den atalean agoteak agertzen dira eta Gaur egun atalean, berriz, herriko jendea ateratzen da eta ikusten da nola grabatu zen pelikula. Izan ere, pelikulan agertzen diren aktore asko Baztanekoak ziren, kaleko jendea zen eta antzezten zuten lehen aldia izan zen. Oso ondo egin zuten. Horrela, nolabait herriko jendeak azaltzen du pelikulan bertan zer gertatu zen agoteekin. Pelikula hau gainera euskaraz grabatu genuen, zehazki, Baztanen hitz egiten den euskaran. Nik ez nuen ezagutzen eta oso polita da.


Asko dira egin dituzun pelikulak, izen handiko zuzendariekin zein aktore garrantzitsuekin ere. Zaila bada ere, zein goraipatuko zenuke?

Milos Forman zuzendariarekin, esaterako, oso ondo sentitu nintzen. Horrez gain, Steven Soderberghekin lan egitea ere harrigarria izan zen. ‘Che’ pelikula Puerto Rico-n Benicio del Tororekin grabatzea oso esperientzia polita izan zen. Bestetik, Tom Kalin-en zuzendaritzapean ‘Savage Grace’ pelikula egin nuen, Julianne Moore-ekin batera. Tom oso zuzendari teknikoa da, beti zegoen gure alboan gomendioak ematen eta oso harreman ona izan nuen berarekin. Baina egia esan, zuzendari onenak hemengoak izan dira. Esaterako, Gracia Querejeta niretzat zuzendari bereziena izan dela esango nuke; izan ere, guztira 30 pelikula inguru egin ditut eta horien artean bakarrik bi izan dira emakume baten gidaritzapean eta zuzendari onenak izan dira. Lankideei dagokienez, Vigo Mortensen-ekin izan nuen harremana berezia eta polita izan zen. Egun asko eman genituen ‘Alatriste’ grabatzen, asko hitz egiteko aukera izan genuen eta mundu mailan oso aktore ospetsua izan arren, tipo jatorra eta bihotz onekoa da oso. Jarrera horrek oinak lurrean jartzen laguntzen zaitu.


Zure filmografia ikusita, kalitatearen aldeko apustua egin duzula esan daiteke. Erabaki hau naturala izan al da?

Estrategia bat izan dela esango nuke. Lanean zaudenean zuzendari askok deitzen zaituzte pelikulak egiteko eta kasu askotan diru kantitate handia eskaintzen dizute. Baina beti nire premisa zera izan da; ikusle bezala  gustatuko litzaizkidakeen pelikulak egitea, hain zuzen. Horregatik, hasieran ez nuen diruagatik bakarrik lan egiten, lanaren kalitatea ere kontuan hartzen nuen, behintzat hautatzeko aukera nuenean. Tamalez, gaur egun aktoreek ez daukagu erabakitzeko aukera hori. Baina momentu horretan ni lanak aukeratzeko parada izan nuen eta horrela egin nuen. Norberak erabaki behar dut nondik eramaten duen bere karrera eta nik bide hori hartu nuen.


Egun, ordea, kalitatearen irizpide horiek mantentzea ez da posible, ezta?

Ez, ez da posible. BEZaren igoerarekin eta oro har krisiarekin, nire lanbidearen egoera latza da. %90eko langabezia dago eta ez dago lanik, izan ere, orain dela hiru urte urtean 100 pelikula inguru egiten baziren ere, aurten soilik 20 pelikula inguru egingo dira. Jende asko dago langabezian, ez bakarrik aktoreak, baita teknikoak edo zuzendariak ere. Orduan oso momentu txarra da eta ezin dugu aukeratu. Nik behintzat ezin dut; hots, ez da nire momentua, baina bueltan etorriko dela pentsatzen dut.


Zure lankide askok egin duten moduan, Amerikako Estatu Batuetara joatea pentsatu al duzu inoiz?

Pelikula amerikarrak egin nituenean jende askok esan zidan Los Angelesera joateko eta bertan ordezkari bat bilatzeko. Baina nire bizitza ez dago hemendik kanpo, ez dut nire burua ikusten Estatu Batuetan lan egiten. Niretzat bizitza lana baino garrantzitsuagoa da eta hemen zoriontsu bizi naiz. Bertan lan egiteko deitzen badidate joango naiz, jakina, baina gero berriro etxera itzultzeko asmoarekin.


Zein zuzendarirekin gustatuko litzaizuke lan egitea?

Askorekin! Baina momentu honetan gehien gustatzen zaidan zuzendaria Michael Haneke da. Bere azken lana ‘Amour’ izugarria da. Europa aldetik lan egitea asko gustatuko litzaidake.


Erakartzen al zaitu kameraren beste aldean egoteak?

Bai, gauza asko dauzkat idatzita eta etorkizuneko ideia bat da. Baina horretarako ikasi behar dut, zuzendaritzarako oso garrantzitsua den alde tekniko bat baitago.

Izan ere, buruan dudan proiektuetako bat martxoaren 3an Gasteizen gertatu zenaren ingurukoa da. Garai horretan nire aita Forgasen egiten zuen lan, hildako bat nire aitaren lankidea zen eta beraz, nire aitak gertutik bizi izan du. Noizbait bertan gertatu zen guztia kontatzea gustatuko litzaidake.


unax-ugaldeZertan dabil momentu honetan Unax Ugalde?

‘Gran Reserva’ seriearen laugarren denboraldiko hainbat kapitulu grabatu ditugu orain eta  hemendik gutxira Dominikar Errepublikara joango naiz laburmetrai bat egitera. Dena den, seguraski Mexikora edo Kolonbiara joango naiz. Bertan aktoreentzako lan asko dago eta aukera ona izan daiteke. Hemen egoera latza da.


Urte asko daramatzazu Gasteiztik kanpo baina askotan etortzen zara bisitan. Nola aldatu da hiria urte hauetan?

Itxura aldetik asko aldatu da, baina oso hiri txikia izanik izaera aldaketak izatea asko kostatzen zaigu. Niri gauza gehiago egotea gustatuko litzaidake, esaterako, eskaintza kultural aberatsagoa, hemen pelikulak grabatzea eta azken finean, hemengo politikoek benetan kulturaren aldeko konpromisoa har dezaten. Baina daukagun udal gobernuarekin oso zaila da, kulturan egin baititu murrizketa gehien.

Horregatik, momentu honetan, Unai Lopez de Armentia aktore gasteiztarrak antzerki alternatiboa egiteko espazio bat sortzen ari da eta saiatuko gara bertan gauza ezberdinak egiten, Printzipal Antzokian ikusten ez diren lan berriak, esaterako.


Beharrezkoa ikusten al duzu Kafe Antzokia Gasteizen?

Bai, horrelako espazio bat egotea beharrezkoa ikusten dut. Baina egia da ere, momentu honetan horrelako inbertsio handiak zentzuz egin behar direla. Egun hauetan, ‘Save the children’ GKErekin egon naiz eta eman dizkidaten datuak kezkagarriak dira oso. Hemen Gasteizen, adibidez, umeen arten pobrezia tasa gero eta handiagoa da eta beraz, gauza hauek kontuz egin behar direla uste dut.


Kanpoan bizi arren, askotan ikusi zaitugu hemen gauzatzen diren ekimenetan parte hartzen, hala nola, Fracking-aren kontra, Korrikaren alde, pobreziaren kontrako kanpainan… Zergatik?

Lehen denbora gutxiago neukan gauza hauetan inplikatzeko baina pertsona ezaguna zarenean bi aukera dauzkazu; zure aurpegia marka batekin diruagatik lotzea edo zuk sinesten eta defendatzen dituzun kontuekin inplikatzea. Horrela, nire irudia baliagarria baldin bada jendea kontzientziatzeko, aurrera!


Gasteizko txoko bat…

“Chirpial” izeneko leku bat, horrela deitzen zion nire amonak. Nire gurasoek duten txoko txiki bat da, bertan nire aitaren baratza dago eta asko dira leku horretan prestatu ditudan pelikulak. Oso leku polita.


Gasteizen duen onena…

Jendea.


…eta txarrena…

Nire lanbidean lan egiteko kanpora atera behar izan nintzela. Interpretazioa ikasteko eta honetan lan egiteko aukera falta. Horrez gain, hiri honetan konplexu asko ditugula uste dut.

 

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago