Supersweet eta Zodiacs Helldorado-n, betiko klasiko hilezinak duintasunez orrazten

hirinet 2013ko mar. 29a, 01:00

supersweet onaSupersweet: The Who-ren ‘Tommy’ berpizten

Batzuentzat zaila iruditu arren, badira egun zinez entzutea merezi duten iradokizun soinudunak. Esaterako Supersweet hirukote (!) donostiar trebearen lana kasu. 2011an bere kabuz argitaratu zuten ‘Hereafter’ izeneko lehenbiziko lan borobila. Eta ez da harritzekoa, Buenawista musika elkartean errotutako musikari hauek, Señor No edota Chico Boom bezalako taldeetan trebatutakoak direla jakinda. Maila, talentua eta energia dute bereizgarri. Sorbalda gainean hogei urteko esperientzia eta ehun bat kontzertu baino gehiago emanda baditu talde honek. Oraingoan, gaur egunetik atzera begira egindako fundamentuzko berrikuspen batekin datozkigu. Erreferentetzat duten The Who talde enblematikoaren ‘Tommy’ Rock operaren errepertorioa goitik behera jotzera ausartzen dira. Haien iritziz disko horrek xarma berezia baitu, “oreka magiko bat, rock-aren energia eta 60ko hamarkadako garage soinuen konplexutasun armonikoaren artean, oraindik rock progresibotik urrun zegoena”.


Zodiacs: The Byrds-en kantutegi onirikoa omentzen

zodiacsGetxoko musikariz osatuta dagoen Zodiacs laukoteak, The Byrds talde estatubatuar ospetsua omenduko du. The Re-Byrds ezizena hartuta, besteen gitarra irazekiak, ahots liluragarriak eta erritmo hipnotikoak atzeman eta bereganatzea dute burubide. Horretarako, ‘Turn Turn Turn’ edota ‘Mr Tambourine Man’ bezalako arrakasta mundialak bere egingo dituzte. Ekitaldi hunkigarri zein gozagarria izateaz gain, melodiaz beteriko beste garai bateko egoera zalapartatsu eta psikodelikora bidaiatzea izango dute jomuga. Kaliforniako The Byrds taldearen estreinaldiko single-an folk-rock-a finkatu zuten. Estilo horretan aitzindariak izan ezezik, psychedelia, country edota rock estiloetan ere finki arituko ziren aurrerantzean. Askorentzat, 60ko hamarkadan ibilitako taldeen artean The Byrds funtsezkoenetarikoa omen. Horretaz gain, txori hauek, sorburu izan zuten taldetik kanpo ere, altuera nabarmeneko hegaldiak izan zituzten: Gene Clark bakarkakoan; David Crosby, Still eta Nash-ekin batera; eta Chris Hillman, Gram Parsons-ekin batera Flying Burrito Brothers taldean, horren erakusgarri.


Japoniar esaera zahar batek dioen moduan ohoratzeak ohoratzen du. Gainera, omenaldi bikoitza emanaldi baten prezioan entzuteko aukera aparta izango da. Hoberik bai?


SUPERSWEET eta  ZODIACS Helldorado-n apirilaren 5ean

 

Egilea: Jason Diaux

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago