Korrika 18ren balorazioa: "Eskerrik asko Euskal Herria!"

hirinet 2013ko mar. 27a, 11:25

korrika-balorazioaEskerrik asko Korrikan modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei: eskerrik asko Korrika batzordeetan Korrika antolatzen lagundu diguten guztiei, Korrika laguntzaile egin direnei, Korrika Kulturalean parte hartu duten guztie, kilometroa erosi dutenei, lekukoa harrotasunez eraman duten milaka eta milaka elkarte, erakunde eta norbanakoei, AEK-ko ikasle eta irakasleei, Euskal Herritik kanpo ere Korrikarekin bat egin duten guztiei…. zuei denei esker esan ahal dugu gaur: KORRIKA 18, MUNDIALA IZAN DA.

Zergatik?


Inoiz baino parte hartze handiagoa izan delako.

Inoiz baino pluralagoa izan delako, orain arte parte hartu ez dutenek ere bat egin dutelako.

Inoiz baino kilometro gehiago egin ditugulako eta inoiz baino lekuko eramaile gehiago izan delako.

Baionan, igandean, Korrikaren amaieran, Lapurdiko hiriburuak inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena eman delako.


Korrika pasatzen ez zen lekuetan ere, Arabako Errioxan, adibidez, Korrikarekin bat egin dutelako, eta Korrika egin dutelako, euskara elkarri emateko deia, han ere, hedatuz.
Korrika ordu txikitan pasatzen zelarik, Korrika pasa aurretik ala pasa eta gero berriro egin dutelako leku batzuetan Korrika; txikienek, zaharrenek, denek ere Korrikan parte hartzeko aukera izan zezaten.

Diasporan inoiz baino Korrika gehiago egin direlako, 30 leku baino gehiagotan, munduko kontinente guztietan.

Indar mediatiko izugarria izan duelako eta nahi izan duenak Korrikaren berri jaso ahal izan duelako 24 orduz, 11 egunez; hasieratik amaierara.


Interneten inoiz baino zabalpen handiagoa lortu dugulako:
milaka eta milaka bisita Korrikaren web-gunean
5.160 zale facebooken
Ia 2.000 jarraitzaile twitterren
Korrikaren sakeleko aplikazioak 11.900 deskarga izan dituelako

Baina badugu, halere, kezka bat: HEMENDIK AURRERA, ZER?


“Eman euskara elkarri” egunerokoa bihurtu behar dugu. Hori da gure benetako erronka. Nola kanalizatu Korrikarekin metatzen den indarra?

Amets Arzallusen hitz ederrak errepikatuko ditugu gaur ere: “Hizkuntzak egiten gaitu gu eta guk egiten dugu hizkuntza”. Elkarren lekuko gara. Elkarri emanez bizi gara. Herri hau euskaraz pentsatuko dugu eta horretarako hurrengo baldintzak eman behar dira:
Euskara daukanak eman egin behar du; euskaldunok euskara erabiltzeko joera landu egin behar dugu. Euskaraz dakigunok elkarri euskaraz hitz egin behar diogu.

Euskara ez daukanak, ikasi egin behar du. Aukera eman behar dio euskara erabili nahi duenari. Inoiz baino argiago geratu da euskara kohesiorako tresna dela eta horretarako euskararen ezagutza unibertsalizatu beharra dago. Ez dakienak euskara euskaltegian elkarrekin ikasi behar du. Eta horretarako, Euskaltegiak estrategikoak gara euskararen berreskurapenean.Korrika bukatu da eta orain euskaltegiak betetzeko unea heldu da. Euskaltegietako ateak zabalik daude eta irrikitan gaude euskara elkarri emateko, nahi duten guztien ama hizkuntza euskara bihurtzeko, alegia.

Baina horretarako, erabilera eta ezagutza bermatzeko, aukerak eta baldintzak behar dira. Berezkoa dugun hizkuntza normalizatzeko sustapena egiten, eta ikasteko eta erabiltzeko baliabideak jartzen ematen zaio EUSKARA ELKARRI. Administrazioen eginbeharra da ikasteteko erraztasunak ematea batetik eta arlo publiko eta pribatuan erabiltzeko aukerak sortzea.

Esan dugu lehen, hortik doa gure kezka. Eta gure kezka euskalgintza osoaren kezka da. Guk, AEK-k, gure konpromisoa beteko dugu, orain arte bezala, euskalgintza osoak beteko du euskararen aldeko bere konpromisoa. Berdina egitea eskatzen diegu zeregin honetan zer egina eta zer esana duten guzti-guztiei.

Arestian esan bezala, Korrika hau mundiala izan da, pozik eta baikor gaude eta hemendik aurrera euskara elkarri ematea ohikoa bihurtu behar dugu. Izan ere, Amets Srzallusen berbak berriro gure eginda, herri hau euskaraz pentsatuko badugu, guztion artean, elkarlanean eta bakoitzak bere arduragatik EMAN DIEZAIOGUN EUSKARA ELKARRI.


Parte-hartzaileak:
AEKren Artezkaritza Kontseiluko Asier Amondo, Iñaki Urkijo, Oskar Elizburu, Jakes Bortairu eta Helios del Santo; Mertxe Mugika, AEKren koordinatzaile nagusia; eta Edurne Brouard, Korrikaren arduraduna.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago