Gauzak honela, zur eta lur geratu ziren programa honen onuradunak otsailean Vitalquiler enpresak berritu behar zituen kontratu batzuei laguntza kendu eta, egun batetik bestera, bikoitza kobratzen hasi zenean. Vital Kutxako Gizarte Ekintzak aurtengo diru laguntza emango ez zuelakoan, inori abisatu gabe, Vitalquiler enpresak, familien kalterako egindako trikimailua izan zen. Argibideak eskatu bazituzten ere, ezjakintasunak hartu zituen familiak.
Egunek aurrera egiten duten ahala, Vitalquiler enpresaren eta Gizarte Ekintzaren aurrera begirako planen zehaztapen gehiagoren berri izan dute kaltetuek. Lehenik eta behin, martxoaren 7an izandako Vital Kutxako Administrazio Kontseiluak 2013. urterako Gizarte Ekintzak zenbateko aurrekontua izango zuen zehaztu zuen. Etxebizitza programa honetara 1,6 milioi euro bideratuko dituzte aurten, laguntzari eutsiz. Alabaina, 2014ra begira ez dute ezer argitu, beraz, zentzu honetan, Vitalquiler programa airean geratu da.
Dagoeneko, kaltetuak antolatzen hasiak dira eta, gehienbat, sare sozialen bidez ari dira mobilizatzen. Facebook-en eta Twitter-en lortzen ari diren presentzia handituz doa. Hainbat elkarretaratze egiteaz gainera, Gasteizko Udaletxek plenoan ere egon da kaltetuen ordezkapen bat. Herritarren txandaz baliatu ziren beren kezkak azaltzeko eta irtenbideak exijitzeko. Kaltetuek sinatutako baldintzak kontratuak irauten duen bost urtetan mantentzea eskatzen dute. Afera honen inguruan, alderdi politikoek zenbait mozio aurkeztu zituzten egun horretan bertan eta azkenean, EAJk aurkeztutakoa atera zuten aurrera, soilik, PP alderdiaren bozkekin. Honen aurrean, ezinegona erakutsi dute berriro ere kaltetuek, gehiengoa osatzen duten alderdi bi hauek adostutako mozioak beren etorkizuna ez duelako argitzen eta beldur dira datorren urtetik aurrera kalean ez ote diren geratuko.