Askoa Etxebarrieta, La Pulga: “Flamenkoan pertsona bakoitzaren energiak du garrantzia”

hirinet 2013ko mar. 26a, 11:58

AskoaLa-Pulga-txikiaBere ahotsaren tinbre zorrotzak deitzen du atentzioa lehenengo begiratuan. Batez ere bere gorputz mehearekin alderatuta, argala baita baina gihartsua oso.  Erdaraz egiterakoan Andaluziako azentua ateratzen zaion euskalduna da, eta “vamo allá” eta holakoak  buleria edo seguidilletan botatzeko ahots aproposa dela dudarik ez dago, batez ere flamenkoak duen alaitasuna transmititzeko. “Flamenco a raudales” dio bere aurkezpen gutunak, eta egia da, La Pulga zerbait baldin bada, flamenkoa alde guztietatik indarrez isurtzen duen emakumea delako. Entseguetatik hasten da izerditzen “La Pulga”. “Bere...dena” botatzen du.

Pasa den larunbatean “Berriketan” ikuskizunarekin egon zen Aguraingo Harresi aretoan, Andaluziako eta Euskal Herriko kulturak uztartzen dituena, “kultura oso potenteak biak”. Txalaparta, gitarra espainola eta perkusioa hartuta doinu euskaldunak flamenkoarekin nahasi zituzten partaideek dantzari gasteiztarraren hankek gainontzekoa egin zutelarik. Askoa Etxebarrietarekin hitz egin dugu La Pulgaz, baina batez ere begiak emozioz betetzen dizkion flamenkoaz. Egun, klaseak ematen ditu Gasteizen baina noizbehinka Madrilera joaten jarraitzen du, berak dioen moduan “kaña” eman diezaioten. Bera “zoriontsua” da. Eta gu ere, bera oholtza gainean ikusirik.


Bitxia da euskaldun bat flamenkoa dantzatzen ikustea, askotan galdegin dizute honengatik, baina are bitxiagoa egingo zaio Andaluz bati euskaldun bat tablao gainean ikustea. Nola jaso zizuten Andaluziara joan zinenean?

Askoa-Etxebarrieta-La-PulgaGranadara joan nintzenean ez zen horren bitxia izan, nahiko euskaldun daudelako han. Bestalde, Andaluzian mundu guztiko jendea dago flamenkoa ikasten, herrialde askotakoak, Brasiletik hasi Japoneraino. Flamenkoa nahiko unibertsala da. Granadan ez zitzaien horren arraroa egin, Sevillan bai ordea, pixkat: “¿Una vasca bailando flamenco?!”, esaten zidaten. Mundu osoko jendea badago flamenkoa dantzatzen zergatik ez euskaldun bat? Japoniar batek ikasten badu zergatik ez? Euskal Herriko jendea ere izan daiteke flamenka.

Berriketan-ekin joan ginenean ere ondo hartu gintuzten, nahiko beldurtuta gindoazen Kadiz-era, presio puntu batekin, baina oso pozik gelditu ginen jendeari asko gustatu zitzaiolako eta kritikak ere onak izan zirelako. Oso pozik geratu ginen izan genuen harrerarekin. Andaluziarrek flipatu egin zuten txalapartarekin.


Ballet klasikoarekin hasi zinen eta flamenkoan bukatu. Zer ezberdintasun daude bi dantzen artean?

Klasikoa ere asko gustatzen zait, baina askoz zurrunagoa da, ezin baitzara dituen neurri edo erregeletatik atera, nahiz eta zoratzen nauen. Flamenkoa ezberdinagoa da, pertsona bakoitzaren energiak daukalako garrantzia, askoz pertsonalagoa da. Libreagoa ere bada, “anarkoagoa”.


Nor da La Pulga?  Ba al dago ezberdintasunik Askoa Etxebarrieta eta La Pulgaren artean?

Orain gure artean ez dagoen lagun oso berezi batek jarri zidan ezizen hori. Bere omenez jarri nuen bizitza osorako. Baina bai, badago ezberdintasunik. La Pulga askoz harroagoa da, askoz makarragoa, harrotasun sen hori ateratzen dit, Askoa soilik izanda berez ez daukadan harrotasuna, beraz oholtza gainean pixkat eraldatzen diren horietarikoa naiz ni. Aldatzera narama eta harropuzkeriaz esatera: “Zer da nahi duzuna?!”


Zergatik flamenkoa eta euskal doinuak fusionatu? Egon izango dira horrelako nahasketak gustukoegi ez duen publikorik, batez ere flamenkoa dela eta. Zer esango zenieke? Zergatik etorri “Berriketan” ikustera?

Interesgarria dela ezberdina den neurrian. Bi kulturen fusio bat egiten saiatzen garela, ez txalapartaz lagundutako koadro flamenko bat. Gure bihotza jartzen dugu partaideok ikuskizun honetan.  Nik gogoa neukan txalapartarekin zeozer egiteko. Txalapartariek ere flamenkoarekin erlazionatutako zerbait egiteko nahia zuten eta aurretik ere beste talde flamenko batekin arituak ziren. Lagun baten bidez ezagutu ginen eta horrela hasi ginen bi musiken arteko aukerak probatzen. Kantak ateratzen hasi ziren eta ikuskizun bat egitera animatu ginen. Berriketan-ekin urte eta erdi daramagu lanean.

Askoa-La-Pulga-handia

Zer ematen dizu flamenkoak?

Nire bizitza da flamenkoa, nire bizitza osoa. Ez dakit zer egingo nukeen dantza hau kenduko balidate. Egunero jaiki eta entseatzera noa. Egunen batean ezin badut praktikatu zerbait falta zaidala sentitzen dut. Nik beharrezkoa dut … (txaloak jotzen ditu). Oso ondo pasatzen dut. Ez dakit nola azaldu baina dantzatzen dena botatzen dut.


Zer dauka zailenen flamenkoak? Pausoak ala pasioa?

Flamenkoa erritmoa da batez ere. Erritmoa eta konpasa dira flamenkoaren jainkoak. Orduan, batez ere zaila da konpasak ikastea, hamabi denbora dituztelako. Hori asimilatzea zaila da. Baino konpasa biziki garrantzitsua da. Konpasetik kanpo bazabiltza egiten duzunak ez du ezertarako balio, nahiz eta mirariak egin. Bere lekuan egon behar du, bestela ezer ere ez.


Flamenkoarena erabatekoa izan zen edo horretara jauzi egin aurretik duda-mudan ibili zinen?

Hasieran Zaramazuloko korrilloan hasi nintzen. Nire lehenengo irakaslea izango zena dantzatzen ikusi nuen eta oso argi ikusi nuen: “Nik hori egin nahi dut”. Klaseetara apuntatu nintzen eta uda hartan Granadara joan nintzen ikastaro trinko bat egitera, eta  ondoren Andaluziara. Taldean egotearena konpasa eramaten eta bat-batean edonor dantzatzen hastearena asko betetzen ninduela ikusi nuen. Beraz Granadara joan nintzen bertako irakasleengandik ikasteko eta esentzia hartzeko. Esentzia oso garrantzitsua da eta han arnastu egiten da.


Egun flamenko klaseak ematen dituzu Gasteizen. Interesik sumatzen duzu flamenkoarekiko Euskal Herrian?

Bai, nik uste geroz eta gehiago, gainera. Jendeari gustatzen zaio. Gauza da jendea ez dagoela oso ohitua flamenkoa ikustera. Publikoa konturatzen ari da ez daukala zerikusirik Espainiarekin ez eta Espainiak esan nahi duenarekin. Gauza batek ez du bestearekin zerikusirik. Andaluzian jende oso independentea ezagutu dut. Logikoa da flamenko eta zezenen Frankoren Espainiarekin erlazionatzea, eta arrunta errefusatze hori. Gauza bat Espainia da, eta beste bat flamenkoa. Badaude letra oso alternatiboak abesten dituzten abeslariak ere flamenkoan. Baina hori geroz eta gehiago ulertzen duen jendea dago, eta ikusterakoan gustatzen zaie.


Egilea: Amaia Gartzia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago