Eraztun berdea

hirinet 2013ko mar. 27a, 01:00
eraztun-berdeaGaurkoan kirola egiten hasteko nagikeria duten pertsonak jarduera fisikoa egitera animatuko ditugu,  horretarako Gasteizek dituen aukera eta paisaia berde ezin hobeak baliatuz.

Askotan zapatilak jantzi eta kalera bakarrik atera behar horrek etxean gelditzera animatzen gaitu. Hauxe ekiditeko asmoz, hona hemen proposamen bat; gure inguruan denok dugu kirola praktikatzen duen lagunen bat eta beraz abiapuntu paregabea izango litzateke egunen batean kide horrekin gelditu eta apurka-apurka kirola egitaren ohitura barneratzen joatea. Honela, elkarren arteko harremana are eta gehiago estutuko litzateke, eta beraz oso esperientzia polita izango litzateke.

Halaber, senar-emazte eta bikoteak ere ez nituzke albo batera utzi nahi, izan ere zinez interesgarria da elkarrekin jarduera fisikoa egitea. Egia esan, bikoteaz gozatzeko beste modu bat da, ingurune eta egoera berri batean bikote, paisaia eta ariketaz elkar gozatuz, komunikazioa testuinguru berri batean burutuz, maitasuna puri-purian azaleratuz…


Bestetik, seme-alabak izanez gero, familian burutzeko ibilbide paregabeak dira, zailtasun gabeak direlako eta naturaren garrantziaz eta bere balioaz ohartarazi diezaiekegulako.


Azken heinean, lagun zein bikote zein familian ondo pasatzea da xedea, hiriak eskaintzen dituen toki anitz eta berdeetan dagoen isiltasun, fauna eta flora gertutik bizituz. Modu honetan, deskonektatzeko modu aparta da, norbere burua lasaitu eta ondorengo beharrak umore eta gogo handiagoz hartzeko.


Gisa honetan, hiriak eskaintzen dituen gune berde aipagarrienak “Eraztun Berdea” osatzen dutenak dira: Errekaleor, Zabalgana, Olarizu, Salburua, Armentia eta Zadorra. Toki lauak eta atseginak dira eta beraz oinez, lasterka zein bizikletan burutzeko apartak. Horrez gain, aipatu beharra dago ibilbidean zehar informazio guneak daudela, beraz, ez dago galtzeko arriskurik.


Honelako natur-parkeetara joateko autoaren beharrik ez izatea, zortedunak garela esateko aitzakia paregabea da, beraz, goza dezagun daukagun altxorraz.


Anima zaitez gure eraztun berdea bertatik bertara ezagutzera!!!!!!


Informazio gehiago: Gasteizko Eraztun Berdea

 

 

Egilea: Mikel Villarrolain

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide