‘des egiten’, Ione Gorostarzu

hirinet 2013ko mar. 26a, 01:00

des-egiten-ione-gorostarzuPoesia-liburu batekin gatozkizue oraingoan: des egiten, Ione Gorostartzu idazle gaztearen estreinako liburuarekin, hain zuzen ere. Lehenik eta behin, ezin esan liburua gai bakarrari buruzkoa denik, askotariko gaiak baitarabiltza idazleak, era naturalean erabili ere: emetasuna, emakume izatea, ametsak, bizitza eta heriotza, maitasuna, zoriontasuna, denboraren iragana, sexualitatea…

Liburu hau edonorentzat da egokia, bai poesiazale amorratuentzat, bai poesiarik irakurtzeko ohiturarik ez dutenentzat. Guk, bereziki, bigarren horiei gomendatzen diegu. Izan ere, ezin aproposagoa da olerkiaren eremuan lehen aldiz barneratzeko: poema laburrak, mezu zuzenak, baliabide bikainak… gozatzeari utzi gabe erraz ulertzeko modukoak denak.


Poemak, beren laburrean, indarrez beterik daude. Zuriuneek eta hutsuneek ere indar berezia dute, esanahiz gainezka datoz, barru-barruan sentiarazi egiten digute. Hori dela eta, zail izan behar du ozen irakurtzeak, baina arazorik ez dugu izango geure kabuz irakurtzen bagabiltza. Bestalde, gozatu egingo dugu bai sorrarazitako irudiekin, bai ustekabeko amaierekin, pentsarazten diguten horiekin, alegia. Ionek euskal sen ikaragarria agertzen du, eta hitz zein soinuekin jolasean dabilenean igartzen da; esaterako, poema honetan:

Bizitzaz idatzi. Idatziaz, bizi.

Bizitzeko idatzi. Idazteko bizi.

Bizitua idatzi. Idatzia, bizi.

Bizitzatik idatzi. Idaztetik bizi.

Bizi. Idatzi.

Edota beste honetan:

Batzuetan sobera dira hitzak ere

aski onomatopeiak

aski monosilaboak

unerik gozoenetan

Ez da behar elkar-hizketarik

aski elkar-maita

elkar-fereka

elkarrez gainezka

Nahi izanez gero, arin irakur daiteke liburua. Baina egokiena, gure ustez, poliki eta patxadaz irakurtzea da, ahalik eta gehien gozatuko badugu: irakurri, liburua itxi, hausnartu. Liburu onak behin eta berriz irakurtzea komeni omen da; poesiaz ari garelarik, aldiz, zer esanik ez: irakurraldi bakoitzean beste zentzu bat sumatuko baitugu, aurretik igarri ere ez dugun beste esanahi bat.


Ione Gorostartzu Berastegin jaio zen 1984an. Historian lizentziatua da, lanbidez irakaslea eta Idazle Eskolako graduondokoa ikasia. 2011n Lauaxeta poesia-saria eta Karmele Igartua I. sorkuntza-beka irabazi zituen.


FITXA TEKNIKOA

Izenburua: des egiten

Idazlea: Ione Gorostartzu

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2012

Orrialde-kopurua: 92

 


Egilea: Adriano De Mata

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago