Mikel Irizar: "Esanguratsua da alfabetatzean eta hedabideetan baliabideei eustea"

hirinet 2013ko mar. 25a, 10:04
mikel-irizar-aurrekontuakJaurlaritzaren aurrekontu proposamena ezagutu aurretik, zalaparta handia ibili da hainbat sektoretan eta euskalgintzak murrizketa handiak aurreikusten zituen. Behin proposamena ezagututa, TOKIKOMen (Hirinet Tokikom-eko kide da) presidente Mikel Irizarri galdetu diogu gai honen gainean.
 

 

Espero zena bete da? 

Jaurlaritzak esanda zeukan % 11 jaitsiko zela 2013ko aurrekontua. Eta atal batzuetan ez zela murrizketarik izango, zehazki hezkuntzan, osasunean eta gizarte politiketan. Horregatik beste ataletan espero genituen murrizketa handiagoak. Azkenean, HPSren poltsa % 9 jaistea aurreikusten da, batazbestekoaren azpitik. Beraz, ez da bete hipotesirik txarrena, baina murrizketak datoz.


Eta jakina da non? 

Alfabetatzean eta hedabideetan orain artekoari eutsi egingo zaio, eta hori esanguratsua da. Hedabideetan zehazki abiatuta gaude hobekuntza prozesu sakon batean eta bidelagun ditugu erakundeak, baita baliabideetan ere. Eta hori bereziki estimatzekoa da, kontuan izanda EITBri % 17ko murrizketa ezarri zaiola. Baina atal batzuen poltsari eusteak esan nahi du beste hainbat ataletan jaitsiera handiagoak izango direla, eta hori txarra da.


Orduan, zein litzateke zure balorazio orokorra? 

Nire ustez, euskararen normalizazioa osorik egon behar litzateke jaitsi ezin diren atalen artean, eta hori ez dugu oraindik lortu. Baina irudipena daukat erakunde batzuk mugitzen hasi direla norabide horretan. Nabarmentzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen poltsari eutsi izana, eta Jaurlaritzan bertan batazbestekoa baino zerbait hobeto geratzea. Balizko joera hori indartzeko lana egin behar da orain sendo.


Zein norabidetan? 

Euskararen normalizazioan ziklo berri baten hasieran gaude. Ikuspegiak berritzen ari dira eta aukerak irekitzen, orain garena baino eraginkorragoak izateko. Jauzi garrantzitsu bat egin daiteke, eragileak suspertzen ari dira. Baina jauzi horrek baliabideak ere behar ditu, eta erakundeen bultzada. Uztartu beharra dago euskalgintza soziala eta instituzionala, ikuspegiak partekatu, estrategiak adostu eta lankidetza hitzartu. Bakoitzak bere aldetik ez du lortuko, elkarrekin lehian are gutxiago.


Hori epe ertaineko lana da, baina epe laburrean ze ondorio espero daiteke?

Krisia hasi zenetik murrizketak metatzen ari dira urtetik urtera. Dagoeneko egitasmo batzuk bidean gelditu dira eta beste batzuk gutxiren faltan daude pott egiteko. Horregatik, aurtengo murrizketen eragina are kaltegarriagoa izango da, lehendik oso ahul dauden ataletan. Oraindik aurrekontuen lehen proposamenean gaude, maiatza bitartean negoziatu egingo dira. Ea euskalgintzan gai garen hobekuntzak eragiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide