Oihane Perea: “Araban euskararekin batera elkarrekin hazi gara, elkarrekin egin gara bertsolari”

hirinet 2013ko mar. 22a, 09:33

oihane-PereaNorbanakoaz haratago doan bertsolaritzan sinesten du hirugarren txapela jantzi berri duen Oihane Pereak eta arabarrei ere, oro har, “taldean bakarka baino gehiago” gustatzen zaiela uste du. Arabako Txapelketa bukatu eta luze jo zuten ospakizunek, eta nola ez, bonboa eta guzti zain zituen Lautadako bertso-eskoletako lagunekin egin zituen pausu horiek. Pausuz-pausuz ere prestatzen joango dira Manex Agirre eta Oihane Perea udazkenean jokatuko den Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusia,  Araba existitzen dela erakusteaz gain, beren “arrastotxoa uztea” baitute helburu.

Hirugarren txapela duzu, denak berdin jausi dira?

Ez dut uste, bakoitza bizitzako une ezberdinean etorri zait, eta orain uste dut heldutasun handiagoarekin hartu dudala. Norbere haurrak bezala dira, kar, kar… ezin esan bat bestea baino gehiago maite duzunik. Ez nuen espero egia esan, berezia behar bada  ustekabean harrapatu nauelako, saioa lasai eta gozatuz egin ostean, puntuaketari garrantzi handirik eman gabe eta sorpresa atsegina izan da, nolaezpa!


Zerk egiten ditu ezberdin?

Bizitzako une ezberdinetan harrapatzen zaituzte, desberdin sentitzen zara aldiro, eta gauza ezberdinak espero eta eskaintzen dituzu seguruenik. Txapelek ondorengo pausoetan eragiteko gaitasuna dute, beraz bakoitzak garaian garaiko berezitasunak dituela esango nuke. Oraingo honek helduago harrapatu nauela uste dut, pertsona eta sortzaile bezala, eta horrek gauza txarrak eduki ditzake, baina onak ere beste hainbeste.


Txapela jaso eta antzokia hustu ostean, zer egin zuen Oihane Pereak?

Lehenengo eta behin, prentsarekin denbora pixka bat pasa behar izan genuen guztiek, harrigarria da ze interes eta ze arreta jartzen dioten txapelketari azken urteotan! Etxekoek ere lortu zuten nolabait oholtza gainean lekutxo bat bilatu eta gerturatzea eta pozez txoratzen hartu nituen nire bi semeak. Oholtza gainean txapela euren eskuekin ukitu nahi zutela iruditu zitzaidan… Antzokitik ateratzea dezente kosta zitzaidan baina atera nintzenerako hor zeuden Lautadako bertso-eskolak zain, bonboa jo ta ke eta besoak zabalik. Hortik aurrerako pausoak haiekin egin nituen, korronteari eramaten uzten diozunean bezala  eta ospakizunak luze jo zuen…


arabako-bertso-txapelketa-fTalde izaera zen nagusi finalean, nola lortzen da hori?

Ez da erreza, banakako txapelketan talde izaera kontraesana dela ere pentsatu izan dut zenbaitetan. Araban euskara  eta euskal kultura berreskuratzen ari den belaunaldia da gurea, euskararekin batera elkarrekin hazi gara, elkarrekin egin gara bertsolari. Uste dut familia harreman estu estua dugula, hutsetik Abel Enbeitak abiatu zuen abentura haren lekukoa hartu eta denon aretan ilusio handiz eraiki dugun bertso mugimendu ezberdin eta anitz honetako pieza errepika-ezinek osatzen duten taldea dela gurea. Elkarren arteko konplizitatea eta finalean egon zen giro bikaina horren adierazgarri izan daiteke.  Uste dut jendeak talde giroaren inpresio hori finalean hartu baldin bazuen ez zela kasualitatea izan.


Arabako bertsolaritzaren berezitasuna dela esan dezakegu?

Bai, zalantzarik gabe. Kuadrilla arteko txapelketan ere, bertso sorta kolektiboen lehiaketa barne, hemen sortzea eta horrelako arrakasta izatea ez da kasualitatea. Arabarrak bereziki kolektiboak gara, irudimentsuak, aldrebesak... Bertsolaritza oro har taldean bakarka baino gehiago gustatzen zaigu, jokoa baino jolasa atseginago egiten zaigun bezala. Bertsolaritzak erronka puntu bat izan arren, taldekoa, soziala, gozamenezkoa dela uste dut nagusiki eta horrela izan dadin nahiko nuke aurrerantzean ere. Hori da behintzat nire ustez euskarak eta Arabak behar duena. Aldi berean, banakako txapelketak sorkuntza zorrozten lagundu dezake,  norbere lanketa egiteko, sakontzeko balio izan du. Bi txapelketa horiek dira gure bi itsaso zabalak eta urte batean baten uretan sartu eta hurrengo urtean erabat lehortu gabe bestearen uretan sartzen garenez, ez da arraroa bien arteko lotura estua.


Kartzelako bertsora etorrita, aurreko astean inputatu gisa Audientzia Nazionalera jaitsi behar izan zuten Jagoba eta Iker… 2011n zuri ere tokatu zitzaizun. Kantatu bitartean zer etorri zitzaizun burura?

Ba egun hauetan buruan bueltaka izan dudana. Josu eta biok absolbitu gintuzten eta azkenak izango ginela uste genuen, baina ostegunean beste bi bertsolarik, berriz ere arabarrak, trago mingots bera pasa behar izan zuten. Bertsolaritza, ahozko kantu inprobisatua dela, eta hori zer den esplikatzera Audientzia Nazionalera joan beharra. Behingoz aske adierazten utziko ote digute? Hori dena buruan, bertsoari kontakizun forma eman nion, neure esperientzia propiotik besteen esperientziarekin bat egin nahian edo. Ikusi egiten nuen eta niretzat bezala entzuleentzat ere nahiko sinesgarria izan zela pentsatzen dut. Orain epailearen erabakiaren zain daude Iker eta Jagoba, eta espero dut inolako kargurik gabe uztea, nik bezala presoak gogora ekarriz noiz edo noiz kantatu duten euskal herriko bertsolari guztiek, pentsatzen dut.


Agurra, berriz, Iratxe, Ekaitz eta zure txikiak ahaztu gabe, Lautadako eskolari eskaini zenion. Zer eman dizu eskola honek? Bonboa eta guzti agertu ziren animoak ematera…

Nire bizitzako azken etapa hau ezin da ulertu haiek gabe, bertsolaritza beste modu batean ulertzen lagundu didate, talde sentimendua askoz ere presenteago izaten, baita bertsolaritza Lautadan herrigintza eta parte-hartze parametroetan kokatzen ere. Paregabeak dira, sutsuak, kementsuak, beti prest edozertarako. Hazten joan da bertso-eskola urtez urte eta ekosistema aberatsa lortu du: Familia bertso-eskolako gurasoak  eta haien haurrak, gaztetxoak, gazteak, hiru herrigunetan kokatua, harreman sare estuarekin. Nik nuen bertso-eskolaren ideala duela 10 urte ez zen horren erdira ere iristen. Nire espektatibak gainditu dituen bertso-kabi mundiala izan da eta hor nik ere nire txokoa aurkitu dudala esan dezaket.


Antzokiraino gerturatu zirenak ere ez ziren atzean geratu… Bertsozaletasuna handituz eta gaztetuz doala uste duzu?

Gaur egun ehunka gazte dira, haur zirelarik bertsolaritza eskolan lantzen hasi eta horrela denborarekin bertsozaletu direnak.  Azken urteotan oso nabarmen, uzta hori jasotzen ari garela uste dut. Urtero 2000 haurrek osatutako belaunaldi bat (11-12 urte bitarteko haurrek osatutakoa) bertso jolasean murgiltzen da, urtero belaunaldi berri bat. Gero gehienek bere bidea egiten dute eta batzuk bertso-eskolara etortzen dira, baina hazitxoa landatu eta handik gutxira fruituak ematen dituela oso argi dugu. Entzule asko perfil horretakoak dira, bertsozale gazte berriak. Gauza ederra da eta oso itxaropentsu jartzen gaitu aurrera begira.


Udazkeneko Txapelketa Nagusian, aldiz, publikoa ezezaguna izango da. Beldurrik?

Ba egia esango dizut, beldur apur bat bai. Txapelketa nagusiaren eskema ez da guk dominatzen duguna. Ez nik behintzat. Lehiakorragoa da, indibidualagoa. Hala ere, talde bezala, bikote kasu honetan, joan gaitezkeela uste dut.  Baina gu oso periferikoak gara. Publikoaren zatitxo batek badu gure berri, seguruenik estimatu ere egiten gaitu, baina beste zati erdiguneko horri, kuriositatea edo interesa piztea ez da erreza izango.


Manex Agirre txapeldunordeak azken agurrean esan bezala, zu eskoltatzera joango da…

Elkar eskoltatu beharko dugula uste dut, udan pixka bat prestatzeko tartea izan dezakegu. Eguna iritsita, zenbaiti Araba existitzen dela erakusteaz aparte eta ea garen bezalakoak izanik gure arrastotxoa uztea lortzen dugun.

 


Egilea: Zuriñe Etxeberria

Argazkia: Aiala Albarran

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago