Euskaltasunean lagun… Begoña Martin

hirinet 2013ko mar. 19a, 09:24

euskaltasunea-lagun-begonaGasteizen jaio zen orain dela 34 urte Begoña Martin. Kazetaritza ikasketak burutu zituen Leioan eta, dagoeneko, bederatzi urte daramatza Diario de Noticias egunkarian lanean. Begoñaren ustetan, asteburuetan lan egiteak estresa sortzen duen arren, “egunero zerbait desberdina gertatzen da eta hori abantaila da ez aspertzeko”. Bestetik, mendira joatea gustuko du, baita irakurtzea ere, batez ere gauean, lanetik ailegatu ondoren “gozamena da”. Irakurtzea nahiago du telebista ikustea baino, nahiz eta telebista eta liburuak “harmonian bizi daitezke”.

 

Noiz eta nola ikasi zenuen euskara?

Txikitan, eskolan ez nuen euskaraz ikasi. Gogoratzen dut euskara ikasgai bat zela eta astean zehar bi orduz bakarrik ikasten genuela. Horregatik, hogei urte nituela euskaltegian ikasten hasi nintzen, oso gustura. Baina lanean hastean, hizkuntza ikasteari utzi behar izan nion. Orain dela hiru urte itzultzea erabaki nuen. Aurten, astean bitan Hizkuntza Eskolara joaten naiz. Eta aitortu behar dut, euskararekiko menpekotasuna daukat.


Hirugarren urtea duzu… Zer da Mintzalaguna egitasmoa zuretzat?

Etxean ez dut inoiz euskaraz hitz egiten, gurasoek ez dakitelako, ezta nire bikoteak ere. Horregatik, orain dela hiru urte Mintzalagunean parte hartzea erabaki nuen. Niretzat lehentasuna da klasetik kanpo hizkuntza erabiltzea, normaltasunez hitz egiten saiatzeko. Hiru talde desberdinetan egon naiz. Horren bitartez, lagun interesgarri asko ezagutzeko aukera izan dut.


Zer egiten duzue zuen taldean elkartzen zaretenean?

Aurtengo taldea astean behin elkartzen da, asteartero hamabietan, taberna batean. Eguneroko gauzei buruz hitz egiten dugu, ea zer moduz lanean edo asteburuan egindako gauzaz. Edo astean zehar gertatutako berriei buruz.


Zer esango zenuke zure Mintzalagun kideen inguruan?

Adin ezberdinetako lagunak elkartzen gara. Eta nire ustez, horregatik taldea askoz interesgarriagoa eta dibertigarriagoa da. Lagun bati sukaldatzea gustatzen zaionez, iaz azaroan elkarte batera bazkaltzera gonbidatu gintuen, primeran pasatu genuen.


Gasteiz gero eta euskaldunagoa dela esango zenuke? Non entzuten da gehiago euskara?

Gasteizen gero eta jende gehiagok euskaraz hitz egiten du, batez ere, gazteen artean eskoletan eta tabernetan nabaritzen da. Baina baita beste leku batzuetan ere. Adibidez, noizbehinka, Aldabe gizarte etxera igeri egitera joaten naiz. Igerilekuan hizkuntza gero eta gehiago entzuten da, batez ere asteburuetan, gurasoek seme-alabak igeri egitera eramaten dituztenean.


Oporrak non eta zertarako?

Mendian eta hondartzan oporrak pasatzea gustuko dut. Posible bada, hamabost egun mendian eta gero, astebete hondartza ondoan. Bi leku oso gomendagarriak: Oto (Huesca) eta Otsagabia (Nafarroa). Orain dela lauzpabost urte nire bikoteak eta biok karabana bat erosi genuen eta ideiarik onena izan da, benetan.


Liburu bat?

Eduardo Mendozaren liburuak.


Film bat?

Telebistako serieak gustuko ditut, adibidez, Juego de Tronos eta Modern Family.


Zure mintzakideek oraindik ez dakiten sekreturen bat?

“Zabor janaria” asko gustatzen zaidala, batez ere, pizzak eta hanburgesak. Eta, noizbehinka, Sálvame eta Gran Hermano saioak ikusten ditudala.


Gasteizko txoko bat, zergatik?

Salburua parkea.


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Bai, posiblea da, baina beharrezkoa izango litzateke denon artean ahalegina egitea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago