Oihane Perea, Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna

hirinet 2013ko mar. 18a, 09:29

araba bertso finalistakOihane Perea Arabako Bertsolari txapelketan garaile atera zen aurreko larunbatean Printzipal Antzokian ospatu zen finalean. Horrela, Oihane eta Manex Agirre izango dira Euskal Herriko Txapelketa Nagusian Arabako ordezkariak; buruz burukoa jokatu ondoren.

 


Oihane Pereari lotu zaio txapela. Printzipal aretoa  bete-bete, 700 entzuleren txalo eta algara artean ospatu da Arabako Bertsolari Txapelketa finala. Oihane Perearen atzetik (616p), Manex Agirre (606p), Iñaki VIñaspre (411p), Asier Otamendi (410,5p), Ruben Sanchez (371p) eta Jagoba Apaolaza (341p) geratu dira, hurrenez hurren.


Zortziko handian down sindromedun seme-alaba duen gurasoen papera egokitu zitzaien Agirre eta Otamendiri. Sanchez eta Apaolaza gehiegizko droga kontsumoa dela-eta lagunaren osasunagatik kezkatuta dauden bi kide izan ziren. Hala ere, ofiziorik osoena Pereak eta Viñasprek egin zuten gonarekin eskolara joan nahi duen semearen gurasoen azaletik. Pereak “Aita santuak ipintzen badu ateook zergatik ez” argudiatuz hasi zuen bertsoaldia. Viñasprek ondo eutsi zion guraso kezkatuaren paperari: “Hankak airean eraman nahian bera da agertu dena,Baina lehenago aireatu behar genuke gizarte dena!”.


Zortziko txikiko lanetan algara eta txaloek gora egin zuten. Viñasprek eta Agirrek eskolako zuzendariaren bulegoan egin baitzuten topo, dutxetan zelatatzen ibiltzeagatik. Viñasprek pena zuela aitortu zuen: “Baina hala ere dago gauza bat krudela/ goizegi harrapatu egin gintuztela”. Agirrek anatomiarakako praktiketan ari zirela aipatuz erantzun zion. Interviua, pay-per-viewa…. Zuzeneko elementuak txertatu zituzten eta entzulea berotzen jakin zuten.


arabako-bertso-txapelketa-fJagoba Apaolazak lehenengo finala zuen arren oholtzan defendatzen ondo dakiela erakutsi zuen, puntu erantzunetan kasu. Ruben Sanchezen ideia fresko eta ateraldiek ere txalo zaparrada mordoa jaso zituzten.


Hamarreko txikian Asier Otamendi eta Oihane Perearen lana izan zen borobilena. Ezkontzear zeuden bi lagun ziren, streaper ikuskizunaren aurrean beldurtu eta komunean ezkutatu zirenak. Otamendik “Egingo al diogu elkarri streapteasa” esanez hasi zuen ofizioa. Oihanek gerria mugitzeko kapaza ea izango ote zen galdegin zion. Eta, Otamendik, saltsa dantzatuz erantzun. Otamendik aurrez 9 txapel irabazi izanaren jakitun  “txapelen bat izango duzu ba patrikan?!”  esanez amaitu zuen bertsoaldia.


Bakarkakoetan ale politak utzi zituzten guztiek. Nabarmentzekoak dira Otamendi eta Viñaspreren aleak. Otamendiri alzheimerra duen aitak ez duela ezagutu egokitu zitzaion gaitzat. Ederki jardun zen; aurreneko bertsoan sentsazioak azaldu zituen: “Zu nitaz igual etzara oroitze ta ni enaiz zutaz ahaztu!”. Bigarrenean, aldiz, bihotza biluztu zuen: Aizu nor zara galdetu arren nahiz bihurtu erdi ero/Seme berri bat izango duzu egunero egunero!”.


Viñaspreri hala jarri zion gaia Maialen Kortabarriak: “Atzo zure azkeneko lan eguna izan zen. Gaur egunero bezala 06:30ean altxatu zara. Gosaldu ondoren mahaian geratu zara, pentsakor”.


Viñasprek  puntuz puntu oso ondo josi zuen bakarkako lana:


Iratzargailua itzali

Ohetik jaiki aurrena,

Ohi bezala pasatu naiz

Ostean dutxan barrena,

Esnea berotu eta

Bertan busti madalena,

Gustora gosaldu egin dut

Aitortzen ez dut problema,

Baina zazpirak dira ta

Igual hori da onena,

Ezer ez dut egiteko

Eta buruan dut dena,

Igual ez da hain ederra

Jubilazioarena!

Baina emaztea jaiki

Egin da halako baten,

Ta esan dit denboratik

Soberan gabiltza aurten,

Egun dena elkarrekin

Ia ezin digu hau inork ken,

Nobio garaian bezela

Parkean, bankuan egoten,

Edo inserso bidaiak

Aukera hor da izaten,

Ahateei jaten eman

Edota obrak ikusten

Ea nere ondorengoek

Ea aukera hori duten!

 

Epaileek Manex Agirre eta Oihane Perea aukeratu zituzten buruz-burukorako. Seiko motzean ederra eta piztia bilakatu zituzten, denborarekin izaera aldatzea erabaki nahi zutenak. Ale politak utzi zituzten, bertsozaleengan barre algarak piztuz.


Kartzelakoan irabazi zuen Oihane Pereak txapela. Hankak dardarka ate aurrean sartu edo korrika alde egin zalantzan dabilen pertsonaren larruan jarri zituzten bertsolariak. Pereak presoei bertsoak abesteagatik Auzitegi Nazionalera deitu dituzten bertsolarien paperetik abestu zuen, kulturak aske izan behar duela nabarmenduz.


Txapela Arabako bertso eskolen sortzaile den Abel Enbeitak jantzi zion Pereari. Lautadako bertso eskolari eskaini zion bertsolariak garaipena.


Horrenbestez, Oihane Perea eta Manex Agirre izango dira Euskal Herriko Txapelketa Nagusian Araba ordezkatuko duten bi bertsolariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago