Berri Txarrak: "20 urte pasa ondoren, oraindik ere jendearen kariño hori sentitzea da ezbairik gabe saririk onena"

hirinet 2013ko mar. 13a, 13:06

berri-txarrak-gasteiz

Berri Txarrak martxoaren 21ean izango da Gasteizen. Hitzordua berezia da. Hala Bedi irratiak aurten 30 urte egingo ditu eta merezi duen moduan ospatzeko, hirukotearen kontzertua antolatu du, aurten ere 25 urte egingo dituen Gasteizko Gaztetxean. Aukera paregabe hau aprobetxatu eta talde nafarrarekin solas egin du Hirinet-ek.

Askotan jo duzue Gasteizen, leku anitzetan… Foru plazan, Jimmy Jazzen, Hell Doradon, Gaztetxean, Arabatakadan… Martxoaren 21ean Gasteizko Gaztetxera itzuliko zarete, nolakoa da horrelako leku batean jotzea? 

Gure lehenetariko kontzertuak Gasteizen Gaztetxean izan ziren eta aspaldi geneukan hona noizbait itzultzeko asmoa. Hala Bediren lana ere txalotzekoa iruditzen zaigu, beraz hitzordu perfektua izango da alde horretatik, bata zein bestearen urteurrenetan presente egongo baikara.


Gainera, oraingoan Hala Bedi irrati librearen 30.urteurrena ospatzera, hitzordu berezia, beraz… 

Bai, beti egin izan digute lekua etxe horretan, lehendabiziko diskotik, eta hori eskertzekoa da.


Zuen azken diskoa ‘Haria’ arrakastatsua izan da oso, izan ere, askotan esan da zuen diskorik onena dela. Ados horrekin? 

Ez zen disko erreza izan, traba ugari gainditu behar izan genituelako. Onena ala ez, uste dut gure diskografian bere toki propioa egin duen lana dela.


Aurreko diskoekin konparatuta, ‘Payola’ esaterako, zuen azken lan honek kanpora baino, gehiago begiratzen du barrura, sentimenduak nagusi dira, baikorragoa eta poetikoagoa dela esan daiteke. Kontzienteki egindako aldaketa izan al da? 

'Payola' oso disko iluna zen letren aldetik, nekea zerien kantuei. 'Haria', hein batean, disko haren antagonikoa da, hari emandako erantzuna-edo, ekoizpenetik beretik hasita. Altxatu eta aurrera egitearen beharraz ari dira kantu gehienak.


Musikak ez ezik, zuen letrek pisu handia dute abestietan. Nolakoa da sortze-prozesua? Zer sortzen duzue lehendabizi, letrak edo akordeak? 

Lehendabizi musika sortzen dugu, instrumentalki, normalean riff batetik tiraka. Gero, etxean, ahotsaren melodia eta letrak idazten ditut.


Aurreko abenduan Europatik bira egin zenuten eta hainbat kontzertu eman zenituzten  herrialde ezberdinetan.  Nolakoa da etxetik kanpo jotzea?

Osotara 19 kontzertu izan ziren 20 egunetan. Horrela irakurrita nekagarria dela irudi lezake, baina behin biraren dinamikan sartuta zaudela, nahiago ahalik eta toki gehienetan jo, ez goaz turismoa egitera.


Izan ere, bira horren berri emateko blog bat erabili zenuten eta orain dela gutxi zuen Youtube kanalean zaleen irudiekin osatutako bideoa jarri zenuten, ‘Harra’ (fan made). Jarraitzaileekin etengabeko kontaktua izatea garrantzitsua da, ezta?

Guk geure ezinegona arintzeko egiten dugu musika, baina talde bat ez da ezer entzulerik gabe eta gaur egun sareak aukera asko ematen ditu distantziak laburtzeko.


Zein da furgonetan eman dituzuen ordu luzeetan etengabe entzun duzuen diskoa?

Aipatu Europako bira horretan, esaterako, Tim Maiaren bilduma lana jartzen genuen kontzertu bakoitzaren ondoren, baina aldatzen joaten gara normalean.


Euskara mundutik zehar eramatea ere lortu duzue musikari esker. Ze harrera jasotzen du gure hizkuntzak atzerrian? 

Ez gara ez lehenak ez eta bakarrak ere. Denetarik dago: txundituta geratzen dira batzuk, existitzen zenik ere ez zekiten hizkuntza batean halako musika entzunda. Beste askorentzat, aldiz, ez dauka inongo misteriorik euskal talde batek euskaraz abesteak. Bitxiena da askotan Euskal Herrian bertan askok ez dutela logika hori onartu nahi, folklorearen edo bitxikerien tiraderan sailkatuta gutxietsi nahi dutelako euskaraz egindako edozein ekimen.


Gasteizkoa aurtengo zuen lehenengo emanaldia izango da. Ondoren, Euskal Herriko hainbat herri, Viñarock eta Hellfest jaialdiak eta Paris bisitatuko dituzue. Eta gero, zer? Atsedena hartzeko garaia edo disko berria darabilkizue buruan? 

Gero gerokoak, ilusio berezia egiten digu oraingo kontzertu sortak, hasi Gasteizko gaztetxetik, Kursaala, Hellfest handia, Parisko emanaldia Sick Of It All taldearekin batera... 'Haria' biraren bigarren eta azken atala izango da.


Talde bezala 20 urte beteko dituzue. Atzera begiratu eta zer balorazio egiten duzue? 

Bertigo pittin bat ematen du egia esan. Egoera asko pasa izan ditugu, normala den moduan, baina horrenbeste denboraren ondoren oraindik ere jendearen kariño hori sentitzea da ezbairik gabe saririk onena.


Nola ikusten duzue Euskal Herriko musika eszena? 

Orokorrean beti egon dira proposamen interesgarriak euskal eszenan eta gaur egun ere hala da. Halere, musikalki garai interesgarriagoak bizi izan ditugulakoan nago.


Azken aldian, ze euskal talde deskubritu berri duzue? 

Willis Drummond, Belako...


berri-txarrak-gasteiz-gorkaZu, Gorka, Gasteizen egin zenituen ikasketak, ze oroitzapen gordetzen dituzu? Zein da Gasteizko zure lekurik gogokoena? 

Galdera orainaldian egin beharko zenuke :)  Urte batzuetan erdi utzita izan ditut ikasketak, baina laster amaitzeko asmoa daukat, taldearen martxak uzten badit behintzat.

 

 

 

 


Berri Txarrak martxoaren 21ean Gasteizko Gaztetxean emango duen kontzertua ikusi nahi? Hirinet-ek bost sarrera zozketatuko ditu! Sartu eta parte hartu! Berri Txarrak ikusteko sarreren zozketa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago