'E.H. Calling', Kaotiko-ren lan berria

hirinet 2013ko mar. 13a, 12:25

kaotiko-eh-callingKaotiko taldeari ere diskoak pilatzen doazkio. Urteetako lanaren poderioz eta betiko jarrera oldarkorrari muzin egin gabe, enegarren diskoarekin datozkigu. 2000an eman zioten taldeari izena Agurainen. Hasierako taldekide berberek segitzen dute eta disko berrian gogortasun pittin bat erantsi diete abestiei.

Kaotiko taldeak zortzigarren diskoa argitaratu du oraingoan. ‘E.H. Calling’ 2012ko abenduan hasi zen grabaketarekin eta 2013ko urtarrilean bukatu Higain estudioan (Usurbil, Gipuzkoa) Haritz Harreguy soinu teknikariaren ardurapean, nahasketak Jimmy SA taldekoak egin ditu eta ekoizpena Kaotiko eta Jimmyren artean erabaki dute. Edizio lan batzuk Victor Sanchezek egin ditu. Masterizazioa Jose Mari Rosillok. Musika laguntzaile hauek izan ditu diskoak: “Hitz egin begiekin” abestiaren hitza Xabier Silveira bertsolariak idatzi du eta Fermin Muguruzak kantatu. Diskoak bertsio bat du, “Falta de riego” abestia Arabako Falta de Riego taldearena da. Juan SA-k “Recarga” kantuan abestu du.


Kaotiko taldearen emisioak punk eta rockarekin astinduko ditu bazterrak. Abesti borobilak, laburrak eta zuzenak SA taldeko Jimmy-k ekoiztuta. Kaotiko taldeak The Clash taldeari lapurtu dio izenburuaren ideia eta Euskal Herrira ekarriko du dei hori eta gainontzeko herrietara zabalduko du gizateria gupida gabe mugi dadin ezarritako orden mundialaren aurka. Deia kirats nardagarria desager dadin. Sistema politikoen boterearen kolpe guztiak herri xumeak jasan ditu historikoki eta horrela segituko du ez bazaio galga jartzen. Kaotiko taldeak deia harro zabaldu nahi du arlo guztietan, hitzek zapalkuntza politikoa, ekonomikoa, soziala... aipatzen dituzte eta dei sakona ordena aldatzeko ahalik eta azkarren. Kaotiko taldearen ‘E. H. calling’ punk doinu garden, gordin eta trinkoz beteta dator. Punk doinuen babesean itzelezko koruak. Kantu arin, azkar, labur eta melodiaz blai eratu dituzte behin eta berriro. Baina badu kanpoko eragin handi bat lan honek, Jimmy SA taldekoak gogortasuna ezarri dio Kaotiko taldearen soinuari, hau lodiagoa bihurtuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago