Eusebio Osa beti gogoan

hirinet 2013ko mar. 6a, 10:17

EUSEBIO-OSAHirinet-etik eskatu zait Eusebio Osa Unamunoren gainean zerbait idaztea. Ezetza ematea ezinezkoa gertatu zait, baina aitortu behar dut badagoela jendea Eusebiorekin harreman estuagoa izan zuena eta hartaz askoz hobeto idatz dezakeena. Dozena-erdi izen berehala emango nituzke. Izan ere, nik Eusebioren azken 13 urteak ezagutu nituen, 1980tik 1993 artekoak. Eta hainbat badira Eusebio 1967an Oñatitik Gasteizera etorri ostean ezagutu eta lagun izan zutenak, eta bat baino gehiago hona etorri aurretik ere Eusebioren berri zutenak.

 

Idazten hasi aurretik, egin dudan lehenengo gauza GEU aldizkarira jotzea izan da. Etxean ditut zenbaki guztiak, 17 urteko ibilbideko 201ak. Eta ez dut zalantzarik izan: zuzenean 4. zenbakira joan naiz (1993ko martxokoa), eta han ikusi dut Eusebio, enegarrenez, aldizkariaren azalean. Aldizkaria Eusebio hil baino hilabete batzuk lehenago jaio zen; Eusebiok ez zuen astirik izan aldizkarian idazteko, baina ustekabean, gaixotasun anker bat tarteko, 4. zenbakiko protagonista bihurtu zen. Ederra argazkia, eta halakoa argazkikoa. Izan ere, “itxurari so eginez”, Eusebio gizon handia zen, serioa, planta onekoa, “kolats ederreko gizona”, gure amak esango lukeenez. Serioa esan dut, baina ez umorerik gabea: bazuen ironia, irrirako gogoa, kanturako plazera…


Haren heriotzatik 20 urte igaro berri diren honetan, uste dut Eusebio gogoratu behar dugula, gure memoriaren eta historiaren parte delako, Gasteizkoa eta Euskal Herrikoa. Orduan gaztetxo edo jaio gabe zirenei Eusebioz galdetuz gero, ziurrenik gehienek ez dute entzuna ere izango. Eta tamala da!


EUSEBIO-OSA-GEU-ALDIZKARIAHaren bizitzaren berri jakiteko, badira hainbat iturri. Gero aipatuko ditut batzuk. Nik hemen zertzelada batzuk baino ez ditut emango. Ondo ezagutu zuen edozeinekin hitz egiten baduzu, berehala aipatuko dizu, hasteko, haren euskaltzaletasuna, euskaraz eta euskararen alde egindako lana; baina Eusebiok bazituen beste alderdi batzuk: pertsona irekia zen, aurrerakoia, pragmatikoa, aitzindaria, beste batzuen gidari eta laguntzailea, pentsalari kritikoa, konprometitua (adibide pare bat: 1976ko martxoaren 3ko gertaera latzetan izan zuen jarrera, edo NATOren aurkako plataforman egindako lana), langileen aldekoa, injustiziaren eta boterearen indarkeriaren salatzailea, kulturaz kezkatua, bakeaz arduratua…


Nik UPV/EHUn ezagutu nuenerako (eta berarekin batera, Arantxa bere emazte kuttuna), bide luzea egina zuen Eusebiok euskararen munduan, Gasteizera etorri aurretik ere bai, baina batez ere ondoren. ‘Juan Bautista Gamiz’ taldean euskalgintzan aritu zen, gero Gasteizko AEKren sorreran parte hartu zuen, Olabide ikastolan ere lan egin zuen (bota zuten arte!), alfabetatzeko eta euskalduntzeko berak sortutako materialez baliatu zen, etab. 1980tik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitatean lan egin zuen, Gasteizko Irakasle eskolan. Gogoan dut Eusebiok ikasle askoren aurrean hitz egitea maite zuela (apaiz garaian sermolari trebea izan zela ere ez dut esan!), baina hori Irakasle Eskolak ez zion eskaintzen. Hori ziurrago Fakultateak (gaur egungo Letren Fakultateak) eskain ziezaiokeen, baina harako ateak itxi zizkioten, eta gertukook badakigu zenbat sufritu zuen injustizia horrekin. Unibertsitatean, eskolak emateaz gain, ikerketan ere murgildu zen. Euskararen hitz-ordenaz egin zuen tesia (1989), Azkue saria jaso zuena. Bestalde, kargu garrantzitsu bat ere bete zuen: EHUko Euskararako Kabinete Teknikoko zuzendaria izan zen 1988ko maiatzetik hil arte.


Labur-labur bada ere, ezin aipatu gabe utzi Eusebio idazlea. Aipagarri dira 1970eko hamarkadaren hasieran idatzi zituen bi liburuak (Pedagogia eta gizartea eta Dialektikaz eta kulturaz), Eusebioren pentsamendu eta kezka filosofiko eta sozialen berri ematen digutenak. Hasieran esan dut GEU aldizkarian idazteko betarik ez zuela izan, baina ordurako hainbat aldizkaritan (Jakin, Argia, Anaitasuna, Olerti…) eta egunkaritan (Egin, Deia, Hemen, Euskaldunon Egunkaria…) dantzatua zuen bere luma zorrotza. Hiztun ona zen, eta hala berean idazle aparta. Hil ondoren, Eusebioren artikulu esanguratsu batzuk bildu ziren ‘Barne-barnetik’ liburuan. Haren prosa dastatze hutsagatik merezi dute, eta gai batzuek ez dute oraindik gaurkotasunik galdu.


Hamaika kontu geratu dira esan gabe (nolatan ahantzi, esaterako, haren kantuak ―aurten bertan, Santa Ageda bezperan entzuteko parada izan genion Araba abesbatzari Eusebioren Gurea da! kantu zoragarria―, edo haren bertsozaletasuna).


Eusebio Osaz gehiago jakiteko harra sortu bazaizu, horra iturri batzuk: hasieran aipatutako GEU aldizkariko 4. zenbakia; Auñamendi entziklopedia; Argia aldizkariko 2.355 zenbakian (2013-02-03) Felix Razkini egindako elkarrizketa; eta, bereziki, Miel A. Elustondok Bidegileak bilduman idatzitako Eusebioren biografia 


Egilea: Txipi Ormaetxea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago