Jakin ezazu nik zer

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2015ko mar. 24a, 01:00

Maialen Berasategi Catalán

 

“Euskaraz hitz egitea bizi garelako froga ematea da. Honainokotu garela, oraino ez garela hil esateko modua da euskaraz goraki aritzea, ez dakienari egitea […]: ez dakit dakizun, ez baldin badakizu utziko dizut neurea, gauza naiz zeurean, baina jakin ezazu, jakin ezazu nik zer, nik zer”.

K. Izagirre. Autopsiarako frogak (Susa, 2010).

 

Ez du lortzen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak, bere BEC izugarriko lirika, uhin, arnas-euste, urduritasun eta elkartasunarekin; ez du lortzen gizonezkoen euskal futbol selekzioak ere, bere San Mames argitsuko hots, bengala, gihar, bonbo eta kantiko bihotz-berogarriekin; zinez hurbildu bai, baina ez dute lortzen herri honetako hamaika injustiziari erantzuteko behin eta berriz egiten diren manifestazio kale-betegarriek ere.

 

Euskal Herriko txoko guztiak helburu beraren alde pauso-hots beroz esnatu eta dardararazten dituen ekinaldi bakarra Korrika da. Eszeptikoenen bihotz gogorra ere samurtzen duen lasterraldi handi txiki hori. Beharbada, horixe du abantailetako bat: handi-handia dela, bai geografikoki, bai sinbolikoki eta bai praktikoki, baina, era berean, zatitxoz zatitxo egiten duela aurrera, gure herriko geografiaren, sinbolikotasunen eta praktikaren ezin konta ahal puskatxoetan barrena, leku bakoitzaren nolako bereizgarriak bilduz eta aldi berean askatuz, kilometroz kilometro.

 

Izan ere, bi urtean behin errepideak hartuta, aste eta erdi inguruan, zintzo aitortzen diogu geure buruari ez garela euskaraz berdin bizi Urepelen eta Tuteran, Bilbon eta Agurainen, Zegaman eta Baionan, Gasteizen eta Leitzan, Durangon eta Donibane Garazin, baina orobat zintzo eta umilkeriarik gabe aldarrikatzen dugu nahi behintzat nahi dugula euskaraz, eta nahi dugula denok batera, jakinik ere urrats txikiz goazela leku batzuetan eta pauso luze sendoxeagoz beste batzuetan.

 

Aste eta erdi inguruan, elkarren lekuko bihurtzen gara gainerakoan elkar nahiko ahaztuta edukitzen dugunok, eta, behingoagatik, gu hitza aise samar erabiltzeak ez du eragiten hainbesteko kontzientzia-minik. Jabetzen gara, ahalduntzen gara, eta, behingoagatik, ez dugu hitz egiten behe-behetik. Aitzitik, entzun nahi ez gaituzten horiei guztiei begietara begiratu, eta gogorarazten diegu ez garela hil oraino, honainokotu garen bezala asmo sendoa dugula harainokotzeko ere, eta, zergatik ez, gonbidatuta daudela haiek ere: “Ez baldin badakizu utziko dizut neurea, gauza naiz zeurean, baina jakin ezazu, jakin ezazu nik zer, nik zer”.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago