Gogoratzen dut...

hirinet 2013ko mar. 4a, 09:04

HAIZEA-GALARRAGA

Haizea Galarraga

Irudia: Jon Gil

 

 

 

Gogoratzen dut nire haurtzaroa, zertzelada batzuk behintzat bai (eta ez da gutxi). Jolastea zen umeon helburu, jomuga eta kezka bakarra, jolasaren plazera, hori besterik ez. Gogoratzen dut zuhaitzetatik eroritako adarrekin eraikitzen genituen luxuzko txabola dotoreak, eta hostoak pilatuz sortzen genituen ohatzeak.

 

 

 

Ibai ertzeko harrixkak batu eta bidexka luzea gehitzen genion gure txabolari. Orduak, egunak eta urtaroak igaro genitzakeen bertan jolasean: ipuinak antzezten, istorio beldurgarriak partekatzen, maitasun sekretutxoak kontatzen, edo besterik gabe: egon. Kalean gozatzen genuen, eta etxera joan behar izatea bihurtzen zen gure nahigaberik larriena. “Afaltzeraaaaa” oihuak esnatzen gintuen gure irudimenezko mundu liluragarritik eta burumakur bueltatu behar izaten zen bakoitza bere teilapera.


Gogoratzen-dut-haizea-galarEz genuen gauza handirik behar jolasteko. Gogoratzen dut. Ez zen makila bat, ezpata bat baizik. Ez zen kartoizko kutxa zahar bat, kamioi erraldoi bat baizik. Edozerekin jolas zitekeen, baita esku hutsik ere: harrapaketak, esku-jolasak, abesti eta asmakizunak… Joseph Clinton psikologo izendunak aspaldi esan bezala, jolastea eta entzutea dira haurren garapenean eragiten duten bi zutabe nagusienak. Gutxi balitz, jolasak alderdi ludikoaz gain, onura anitz eskaintzen ditu: irudimena piztea, gaitasun sozialak garatzea eta zerrenda ezinak diren beste milaka alderdi.Eta nork esan dakidake, mesedez, zer gertatzen ari den orain? Umeek ez dakite jolasten, eta hori, zoritxarrez, egi absolutu bilakatzen ari da. Ez dakite. Parkean lagunartean algaraka ibili baino, nahiago dute etxeko egongelan geratu, teknologia berriek sortu dituzten tramankulu ditxoso horiekin tontoturik. Are tontotuago daude, ordea, helduak; umeak telebista edo bideo-jolas aurrean drogaturik utzi eta bake santua lortzen baitute. Hitz bakarra datorkit burura: pena. Egia esan, beste asko ere badatozkit, baina ildo beretik doaz.Gaurko umeek ez dakite euripean gozatzen, ez dakite paper zati batekin olgatzen, ez dakite argirik edo soinurik egiten ez duen aparatu batekin ongi pasatzen, ez dakite lokatzez zikintzearen sentsazioa zein gozagarria den. Ez dakite (edo ez diegu irakatsi, edo okerrago: ez diegu utzi).


Orain, makila bat, makila besterik ez da, eta kartoizko kutxa zahar bat, zakar puska hutsa. Ez dakite jolasten. Ez, ez dakite. Eta nik bitartean, gogoratzen dut….

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago