Mamuak eta mamuak daude

hirinet 2013ko ots. 28a, 09:19

Lierni Garmendia


Mamuak eta mamuak daude. Badira mamu gaiztoak, zekenak. Badira mamu zintzo, eskuzabalak ere. Baina mamu oro maindire zuriak estaltzen du, hori da euren esentzia, mamu egiten dituena. Egun hauetan gure herriak bezalaxe. Maindire zuriak estalita jaiki gara azken egunetan. Zenbait tokitan, maindirea baino, manta ere dei geniezaioke bota duenari. Zer ederragorik elurra baino. Zer, elur-lumak zerutik jausten ikustea baino. Azukre-kotoia bezain bigun, hozkada bat emateko gogoari ere eutsi egin behar izaten zaiolarik. Zer.


Zuriz inguratuta egonda ere, denok dakigu zer ikusten duen mamu mozorroa daramanak maindire zuriak estaltzen duenean. Iluna; iluna ikus badaiteke, noski. Beltz ikusten du guztia. Ezinegon kutsakorra Bilboko hil ala biziko kongresu baterako bidean; kirioak dantzan Gasteizko bidean azterketara goizeko bederatzietarako heltzeko milaka zailtasunen aurrean; klasera bidean sei orduz trenean sartuta egon beharra, osasun-zerbitzuen laguntza eskatzeko punturainoko kaosak inguratuta. Egunerokotasunerako martxan jartzen garenean hasten dira, izan ere, arazoak, aieneak eta madarikazioak. Arazo da egun osoan zehar berrietan adituko den hitza. Aditu, entzutea eta aditzea ez direlako sinonimo zuzenak. Juanita eta Ortentxiren eguneroko tertulien testigu diren kafetegiko hormetako belarrietara helduko den hitza, nazkatzeraino.

Gehiegi kezkatzen gara. Dena esku artean izatetik eskuak patriketatik irteteko gorriak pasatzera igarotzeak izutzen gaitu. Natura kontrolatzeko gai den izaki gain-jartzaileari horrelakoak ezin baitzaizkio gertatu. Nolatan, bada? Mundua geurea dugu eta! Ez dago XXI. mendeko gizakia gaindituko duen elurterik. Pentsatzea ere!

Eta ez gara konturatzen mamu-mozorroari begi-zuloak egin diezazkiokegula, iluntasuna ikusi beharrean, argia bistaratzeko. Ez baitago itzalik gabeko argirik. Gakoa itzala onartu eta argiaz gozatzean dago. Polita delako egun batez edo biz etxean isolatuta egotea, lasai, zentimetro gutxi batzuengatik iparra galtzen duen zibilizazio sasi-jakintsu honetatik aldentzea. Eta, bereziki, sutondoan eserita zauden bitartean denboraren nozioa galtzea. Estresari hanka-tartean ostikoa ematea. Laneko estutasunak popatik hartzera bidaltzea.

Aiton-amonak izutzeko asmoz mugitzen da mamua gero, eta amona Ortentxik ondorengoa esan: gerra eta gerraosteko gosetea pasatakoak gara, eta elur-zentimetro gutxi batzuengatik kexu zarete? Eta katilukada txokolate bero-beroa gerturatzen dit eskuetara. Kontuz, erre gabe. Azukre pittin bat botako diot. Elur-luma gutxi batzuk.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago