Euskaltzaindiak bi arabar euskaltzain urgazle izendatu berri ditu

hirinet 2013ko ots. 27a, 11:27

EuskaltzaindiakOtsailaren 22an, Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen osoko bilkuran, 14 euskaltzain urgazle berri izendatu zituen. Horien artean bi arabar aurkitzen dira, Elena Martinez de Madina gasteiztarra eta Felix Mugurutza laudioarra.

Elena_Martinez_de_Madina-Eu

Elena Euskal Filologian lizentziaduna da eta “Topodok” Hizkuntz Zerbitzuak eskaintzen dituen enpresan lan egiten du. Horrez gain,  Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean egiten ari den Gasteizko Toponimia egitasmoko ikertzailea da. Felix Mugurutza Euskal Filologian lizentziaduna da ere eta egun Laudioko Udaleko Hizkuntza Normalizaziorako teknikaria da. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen aginduz, hainbat herritako toponimia bilketa lanetan aritu da, horien artean Orduña, Gorliz, Aiara, Zaratamo edota Zamudio.


Felix_Mugurutza-EuskaltzainAkademiaren Arautegia eta Barne-Erregelak oinarritzat harturik, Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu euskaltzain urgazle berriak. Hala, 2006an maiatzean izendatu zituen azken aldiz urgazle berriak. Orduan esparru ezberdinetako 35 pertsona izendatu ziren: zientzia, hizkuntzalaritza, irakaskuntza, kazetaritza, bertsolaritza, itzulpengintza, bibliotekonomia edota literatura arlokoak.


Oraingo honetan, Akademiaren batzorde akademikoetan lanean ari diren pertsonak izendatu dira. Guztiak dira batzorde horietako kide, gutxienez 2005. urtetik.


Hauek dira euskaltzain urgazle berriak: Iñaki Aldekoa, Kaxildo Alkorta, Iñaki Amundarain, Nagore Etxebarria, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Antton Gurrutxaga, Patxi Juaristi, Gerardo Luzuriaga, Elena Martinez de Madina, Felix Mugurutza, Manu Ormazabal, Erramun Osa eta Iratxe Retolaza.


Gaur egun, 146 euskaltzain urgazle ditu Euskaltzaindiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago