Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Tel Aviveko Maccabiren bisitaren aurkako protestak debekatu egin ditu

hirinet 2013ko ots. 27a, 09:54

maccabiri-boikota-gasteizenEH-Palestina SAREAren idatzia

 

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Tel Aviveko Maccabiren bisitaren aurkako protestan Euskal Herria-Palestina Sareak antolatutako zenbait protesta ekitaldi debekatu egin ditu. Hain zuzen ere, astebeteko ekitaldien artean, Zurbanoko pabilioirako auto-karabana eta kontzentrazioa zeuden deituta, Baskonia eta Israelgo ordezkariaren arteko norgehiagoka jokatuko den egunean bertan.

“Maccabi kanpora, Israeli boikot, Palestina askatu” lelopean deitutako protestak debekatzeko kirolaren legea argudiatu du Eusko Jaurlaritzak; horretan adierazten da legez kanpokoak direla bortizkeria sustatzen duten leloak edota ikurrak, hala ere, lelo edo ikur horiek zein diren ez da zehazten, eta legea ezartzen duenaren esku uzten da horren interpretazioa. Lege horren irakurketa malguaren arabera delitutzat hartzen dute berez guztiz legala eta nazioarteko erakunde guztiek onartua den bandera. Halaber, legez kanpokotzat hartzen dituzte berez ilegalak ez diren lelo batzuk, izan ere, Israelen aurkako leloak Israelgo legedian baino ez dira ilegalak. Horrek guztiak erakusten du Herrizaingo Sailak Israelgo apartheid legediari men egiten diola, izan ere, Maccabi ez da etorri Euskal Herrira edozein saski baloi taldek egingo lukeen baldintza berberetan, aitzitik, Israelgo goi mailako enbaxadore direnez, babes diplomatikoarekin etorri dira, eta horregatik euren segurtasun protokoloak ezarri dituzte. Eusko Jaurlaritzak, lotsagabekeria handiz, adierazi dio Efe agentziari ez dituela protestaldiak debekatu, protestak pabilioi ingurura hurbildu daitezen baino ez duela debekatu. Euskal Herria-Palestina Sarea osatzen dugunok uste dugu debekuak ez direla segurtasun arrazoiengatik, aitzitik, horien atzetik goi mailako erabaki politikoak daudela uste dugu. Onartezina da Israelgo kirol-enbaxadorearen bisitaren aitzakian adierazpen askatasuna murriztea esparru publiko batean, eta bisitak dirauen bitartean salbuespen egoera ezartzea hiri osoan. Horregatik guztiagatik dei egiten diegu gasteiztarrei datorren ostegunean, 19:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan, PNVren egoitzaren aurrean egingo den elkarretaratzera etor daitezen; eta ozen adieraz dezaten ez dugula normaltasunez onartzen Israelgo estatuaren itxura garbitzea beste helbururik ez duen kirol ikuskizuna, ezta Eusko Jaurlaritzako alderdi nagusiak ikuskizun horri ematen dion babesa ere.

 

EH-Palestina SAREA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago