Euskaltasunean lagun… Lurdes Lekuona

hirinet 2013ko ots. 22a, 10:59

euskaltasunean-lagun-lourdeBeste mintzalagun batzuen esperientziak erakarrita pausua ematea erabaki zuen orain bi urte Lurdes Lekuonak. Gasteizen jaioa da gure hurrengo protagonista, Adurtza auzokoa, hain zuzen ere. Orain, bertan bizi ez bada ere, Lourdesek bere auzoa beti darama bihotzean.

 

 

Noiz eta nola ikasi zenuen euskara?

17 edo 18 urte nituenean hasi nintzen Manuel Iradier elkarteak antolatzen zituen gaueskoletan; gero, AEK sortu zen eta hara pasatu ginen denok.


Bigarren urtea duzu, bigarrena ere mintzalaguntzaile bezala. Zein da egiten duzun balorazioa?

Oso balorazio ona egiten dut, oso esperientzia aberatsa eta polita iruditzen zait. Hasieratik, mintzalagunaren esperientziak erakarri nau, baina beste kontu batzuk nituen eta ez nuen denborarik, iaz hasi nintzen eta poz-pozik nago.


Nolakoa da zuen taldea? 

Oso talde majoa eta martxosoa da, zorte handia ere badugu elkarte batean elkartzen baikara. Gure artean sukaldariren bat badago, horrez gain, mus eta saltsa-dantza ikastarotxoak egin ditugu eta, batez ere, euskaraz mintzatzeaz gain, ondo pasatzen dugu.


Zer esango zenuke zure Mintzalagun kideen inguruan?

Oso, oso, oso giro ona dagoela, esan dut jadanik esperientzia polita dela eta euskara hitz egiteko aukera bikaina.


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Nik horretan zorte handia daukat, bai lanean, familian, zein lagun askorekin ere euskaraz hitz egiteko aukera dudala, baina Gasteizen euskaraz bizitzea ia ezinezkoa da, tamalez.


Non entzuten da gehiago euskara? Orokorrean, aurrerapausorik nabaritzen duzu? Non?

Nik azken bolada honetan kalean nahikoa entzuten dut, nik uste dut ikastolan ikasitako gazte askok beraien seme-alabei euskaraz hitz egiten dietela, aurrerapausoak izan dira, baina bidea oraindik oso luzea da, euskaldun askok erdarara maiz jotzen dutelako/dugulako.


Oporrak non eta zertarako?

Uda partean herrian geratzen naiz, Zalduondon, eta udazkenean 7 edo 10 eguneko irtenalditxo bat egiten dut, edozein tokitara pozik joaten naiz, eta zertarako? Disfrutatzeko.


Liburu bat?

Oso gogorra da baina gehien hunkitu nauen liburua Saramagoren Ensayo sobre la ceguera da.


Film bat?

Gazta zati bat filma asko gustatu zitzaidan, jende askoren lana izan da, aurrekontu murriztua, eta mezua ikaragarrizkoa...


Zure mintzakideei aitortu nahi diezun zerbait…?

Niretzako mintzakideak baino askoz gehiago direla, lagunak.


Gasteizko txoko bat, zergatik? 

Olarizu menditxoa, Adurtzakoa izanik oso hurbil sentitu izan dut beti.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago