Bideo-errezeta: Barazki lasagna

hirinet 2013ko ots. 21a, 11:48

bideo errezeta barazki lasagna

Barazki lasgna egiteko bideo-errezeta!

 

{youtube}W2tV-OBdkvs{/youtube}

 

 


Denok edo gehientsuenok dakizuenez, lasagna italiarrek usu egiten duten zera hori da. Pasta kapa mordoxka bat jartzen dute, eta tartean bestelako gaiak sartu; mota ezberdineko lasagnak egin dituztela esateko. Barazkia, oilaskoa, txahala, hirugiharra, txanpiak, eta halakoak sartuz gero, ba, barazki-, oilasko-, txahal-, hirugiharra- edo txanpi-lasagna egingo dute.

Guk, gaur, barazki-lasagna bat egingo dugu. Lehenengo tartean sartuko dugun hori prestatzen hasiko gara, eta martxan dagoenean pasta prestatuko dugu. Porruak, brokolia eta txanpiak erabiliko ditugu.

Lehenengo ura irakiten jarriko dugu (brokolia egosteko), eta barazkiak garbituko ditugu. Esan bezala, brokolia egosten jarriko dugu. Bitartean, porrua zati txikitan egin eta zartagin batean sueztituko dugu. Biguntzen hasten denean txanpiak gehituko dizkiogu (noski, txanpiak zerratxoetan ebakita) eta hamar bat minutuan izango ditugu, egin arte.

Honezkero brokolia prest egongo da, uretatik atera eta ondo xukatzen utziko dugu.

Orain, porruari eta txanpiei ogirina gehituko diegu, eta bexamela egingo (gatza, piperbeltza edo nahi dena gehituaz). Arin xamarra egingo diogu bexamela. Eginda dagoenean, brokolia gehituko diogu. Eta hori izango da gure lasagnari izena emango diona.

Bestalde, brokolia egosteko erabili dugun ur beroan lasagna xaflak sartuko ditugu biguntzeko (pasta batzuk erdi egosiak saltzen dituzte, eta nahikoa da ur berotan apur bat biguntzea).


Bexamela

Ontzi batean 50 gr gurin urtuko dugu. Dagoenean, beste horrenbeste gr irin gehituko diogu eta ondo nahastuko dugu, irinaren zuria desagertu arte, eta horrela eutsiko diogu irakinalditxo bat eman arte. Orduan litroerdi esne gehitu, eta hagaxkaz eragingo diogu masa homogeneo bat erdietsi arte. Gero esnea gehitzen jarraituko dugu, hagaxkaz astintzen eta masa homogeneoak lortzen, nahi dugun lodierako bexamela lortu arte. Litro bat-edo beharko dugu. Ez ahaztu minutu bat edo biz irakin behar duela; eta ez ahaztu, gatza, piperbeltza eta intxaur muskatua gehitzen.


Muntaketa

Ontzi batean, hondoan, tomate apur bat jarriko dugu, ez pegatzeko (edo bexamela, gazta, olioa...). Horren gainean, pasta geruza bat jarriko dugu. Eta gero prestatu dugun horrekin estali. Eta gero beste pasta geruza. Eta gero masa gehiago. Eta gero pasta gehiago. Guk hor planto egingo dugu.

Gainean bexamela jarriko dugu, gaztaz estali, eta laberatu. 180 graduan izango dugu 15 edo 20 minutuz. Eta labeak gratinatzailea badu, ba, asmatu azken bi minutuan zer egin behar den.

Eta lixto.


Egileak: Ximon eta Igone

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago