Euskarazko Musikaren astea Gasteizen

hirinet 2013ko ots. 20a, 16:51

euskarazko musikaren astea gasteizen1Otsailaren 25etik martxoaren 3ra bitartean ‘Euskarazko musikaren astea’ antolatu du Korrika Kulturalak Gasteizen. Kontzertuak, argazkiak, master class-a, musika eta euskara izango dira Korrikak antolatu duen aste honen osagaiak.

 

Otsailaren 25ean Gasteizko Korrikaren aurkezpen ekitaldia ospatuko da Montehermoso kulturunean eta bertan Gasteizko Korrikaren eta Korrika kulturalaren inguruko xehetasunak emango dituzte antolatzaileek. Bide batez, Euskarazko Musikaren Astearen irekiera ekitaldia ere egingo da eta aste osoan ikusgai izango den ‘Zuzeneko istanteak’ argazki erakusketa ikusteko parada izango dute bertaratzen direnek. Argazkilaritza eta musika uztartzea gustukoa duten hainbat argazkilarik osatutako erakusketa kolektiboa da honako hau. 2011 eta 2012an egindako 50 argazki jasotzen ditu eta Musikazuzenean.com-en kolaboratzen duten argazkilarienak dira. Honekin batera, zuzeneko musikaz gozatu eta Hor Dago! tabernako mokauak dastatu ahal izango dira.


Otsailaren 26an, Libe gasteiztarrak  kontzertua eskainiko du Parral Tabernan, GEU elkartearen eskutik. Neubat taldean hasi zuen ibilbidea Libek. Sorkun eta Ekon-ekin elkarlanean aritu da eta Izaki Gardenak taldearekin diskoa grabatu du orain hilabete batzuk. Hala ere, kantu propioak landu ditu eta egindako lana eskenatokira eramateko ordua heldu da.


Otsailaren 27an, berriz, musika tresnak, trukuak eta bestelakoak gertutik ezagutzeko saioa antolatu dute eta Zigor Lampre DJak (Esne Beltza, Selektah Kolektiboa, Fermin Muguruza…) ‘DJ Master Class’ bikaina eskainiko digu. Hitzordua Ibu Hots aretoan izango da.


Hurrengo bi egunetan kontzertuak izango dira nagusi. Otsailaren 28an, Solaris Jazz Trash taldeak zuzenekoa eskainiko du Gora tabernan. Martxoaren 1ean, aldiz, hitzordu hirukoitza izango dute musikazaleek. Hell Dorado aretoan Izaki Gardenak, Zarama eta Balerdi Balerdi izango dituzue. Lehenengoa Jon Basaguren musikariak gidatzen duen musika egitasmoa da eta honakoan taldearekin taularatuko da argitaratu berri duen ‘Itsasargiak’ diskoa aurkezteko. Zarama taldea, bere aldetik, bueltan da. 80.hamarkadan talde esanguratsuak izan zenak egun ere badu zer esanik. Azkenik, Balerdi Balerdi talde nafarrak disko berria aurkeztuko du, melodia goxoz eta power pop giroaz beteriko lana.

 

euskarazko musikaren astea gasteizen kartela

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago