Libe: “Poliki-poliki eta mimo handiz sortu diren kantak dira”

hirinet 2013ko ots. 20a, 12:15

libe-gasteizenNeubat taldearekin hasi, Sorkun, Ekon eta Brontze bezalako taldeekin kolaboratu eta aurten Izaki Gardenak taldearekin diskoa argitaratu du Libe gasteiztarrak. Bien bitartean, abesti propioak sortu ditu eta orain, bere musika taularatzen hasi da. Atxus, Eneko eta Txus musikariak ditu bidailagun; teklatua ere ondoan izango du. Datorren otsailaren 26an, asteartean, Parral Tabernan zuzenean ikusteko aukera izango duzue GEU elkartearen Kultur Errota programari esker.

 

 

Lan berria publikoaren aurrean aurkezteko irrikatan egongo zara, ezta?

Bai halaxe da. Hasieran denbora luzea ideiak ateratzen etxean  eta gero beste horrenbeste lokalean abestiak borobiltzen lagunekin. Azkenik iritsi da lan hori  guztia jendearen aurrean erakusteko garaia eta oso gustura ari gara.


Zerikusirik al du orain arte egin duzun musikarekin edo Liberen musikak harrituko gaitu? Zer izango dugu entzungai?

Orain arte egin dudan musika ez zen hain pertsonala, konposaketak taldearenak ziren eta. Proiektu honen helburua nire ideiak argitaratzea izan da hasieratik, nahiz eta orain talde gisa ari garen lanean.

Musikari dagokionez, rock iluna jorratzen dugula esan daiteke. Agian berezitasun handiena teklatuei eta ahotsari ematen diegun garrantzia da. Dena den, hoberena kontzertuetara joan eta norberak bere ondorioak ateratzea da.


Nolakoa izan da sortze-lana?

Betidanik egin  nahi izan ditut nire abestiak. Poliki-poliki eta mimo handiz sortu diren kantak dira. Abesti batzuetan oso garrantzitsua izan da Joseba Ponceren laguntza gitarra eta erritmoak lantzeko garaian. Horrez gain taldekideen ekarpena ere nabarmena da.


Taulan gainean ez zara bakarrik egongo eta musikariak ez ezik lagunak dituzun kideak izango dituzu alboan, hala nola, Atxus (Neubat, Sorkun, Vice-Presidentes) Eneko (Naüt, Trumbo, Mustapha!) eta Txus (Same Old, Eh!, Mustapha!). Lagunekin lan egiteak gauzak errazten al ditu?

Bai, beraiengatik ez balitz hau guztia ez zen posible izango. Sekulako musikariak eta batez ere pertsona bikainak dira. Ideia onak ekartzeaz gain, lokalean sortzen duten giroa izugarri ona da.


Abeslaria zara baina teklatuaren atzean ikustera ohitu gaituzu. Zergatik teklatua? Nolatan hasi zinen instrumentu hau jotzen?

Gure etxean beti egon da pianoa egongelan eta musika asko entzuten zen. Beraz, teklatuarekin eta orokorrean musikarekin erlazioa txikitatik datorkit.


Zer nahiago, abestea edo teklatua jotzea?

Egia esan gehiago gozatzen dut abesten teklatua jotzen baino. Dena den, aldi berean egitea oso aberasgarria da eta konposatzeko orduan pianoa ezinbestekoa izan da niretzat.


Zein da zure talde edo abeslari kuttunena?

Tina Turnerrek transmititzen duen indarra brutala iruditzen zait.


Noizko diskoa kalean?

Gugatik biharko, gogo handia  daukagu eta, baina horretarako diru pixka bat bildu behar.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago