‘Euskara da gure territorio libre bakarra’

hirinet 2013ko ots. 20a, 11:45

herriraOtsailaren 22an, azken ostirala, 20.00etan, Andra Mari Zuriaren plazan euskalgintzaren eragileek parte hartuko dute presoen aldeko konzentrazioan

Askotan salatu izan ditugu euskal preso politikoek sufritzen dituzten eskubideen urraketak, kartzeletako bizi baldintza latzak, dispertsioaren ondorioak… Oraingo honetan, otsaileko Azken Ostiralean eta euskalgintzako hainbat eragilerekin batera, euskal preso politikoek jasaten duten eskubide linguistikoen zapalkuntza salatzera gatoz.

Sakabanaketaren helburu nagusietako bat da presoari bere ingurune sozial, linguistiko eta kulturaletik isolatzea. Milaka kilometrora urrundurik, ezinezkoa dute Euskal Herriko albistegiak entzun eta ikustea. Entzuten eta ikusten duten irrati eta telebista gaztelaniaz dira, eta Euskal Herriko berriak oso urriak izaten dira. Euskal Herriko prentsa beti berandu jasotzen dute. Gainera, kartzela askotan ezin dute musika CDrik sartu, bertan erosi behar izaten dituzte, eta, gainera, leku gehienetan euskarazko CDrik ez dute saltzen. Bestalde, moduluetan isolaturik dauden presoek ezin dituzte harremanak euskaraz izan, ezta inorekin euskaraz hitz egin ere.

Komunikazioari dagokionez, 5 minutuko 8 dei egiteko eskubidea dute, baina kasu askotan funtzionarioek komunikazioa eten egiten diete euskaraz hitz egiteagatik. Idazten eta jasotzen dituzten eskutitzek, zentsura eta itzulpenaren ondorioz, hilabete bateko atzerapena izaten dute, eta , maiz, horietako batzuk ez dira inoiz iristen. Aurtengo Gabonetan, zenbait kartzelatan (Algecirasekoa izan zen lehenengo kasua) ohi baino postal gehiago igorri ahal izan zuten (normalean astero bi eskutitz idazteko aukera dute), baina muga eta debeku batzuk jarri zizkieten:

­ euskara erabili ahal izango da, baldin eta ondorengo esaldiak edo antzekoak erabiltzen badira: zorionak eta urte berri on; eguberri on; errege magoen gutuna; urte berri, bizitza berri; badator Olentzero; zortea loteria zozketan; gabon gau zoriontsua izan; gabon zahar gau zoriontsua izan…

­ gehienez hiru lerro idatzi ahal izango dira.

­ gutun batean ezingo dira bost postal baino gehiago sartu.

Kasu batzuetan bisitak beste hizkuntza batean egitera behartua izan da presoa (Eneko Goieaskoetxearen kasuan, adibidez, bisitak ingelesez egitera behartuak daude; ingelesa ez dakitenentzat itzultzaile bat edo grabagailu bat eskatzen da, baina kasu gehienetan ez dira lortzen, eta ondorioz, bisitak bertan behera gelditzen dira).

Ikasketen kasuan, estatu espainoleko kartzeletan EHUn matrikulatzeko debekua dute (estatu frantsesean, aldiz, EHUn matrikulatu daitezke). UNEDek ere ez du euskarazko ikasketarik eskaintzen. Euskara ikasteko zailtasunak dituzte preso askok, Euskal Herritik kanpoko kartzeletan ez baita euskarazko klaserik ematen (aldiz, ingelesezko eta frantsesezko klaseak jasotzeko aukera dute). Gainera, ezinezkoa da euskarazko apunteak sartzea, horretarako depositu legalik ez badago. Euskarazko aldizkariak sartzeko ere oztopoak jartzen dituzte.

Aipatutako kasu horiek guztiek adierazten dute presoen egoera zein den. Eta presoez gain, familiarrek eta lagunek ere sufritzen dituzte.

Egungo testuinguru honetan, estatuek espetxe politika gogortzea erabaki dute, Euskal Herritik konponbide demokratikoaren alde pausuak ematen ari direla kontuan izan gabe.

Herrira

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago