Elurra sutan, Juan Kruz Igerabide

hirinet 2013ko ots. 15a, 08:49

elurra-sutan-juan-kruz-igerLiburu ezberdina dugu hauxe, mistika, yoga, mendizaletasuna eta Hego Euskal Herriko trantsizio-garaia nahasten dituena, ideia moralez betea. Nabari da idazleak gaia ezagutzen duela, eta batzuetan gerta liteke yogan aditu ez diren irakurleak galduta sentitzea horrenbeste yoga-termino eta -konturekin.


Lehen atalean, kobazulo batean esperientzia bitxia biziko dute ume bik, Iñigok eta Mirentxuk. Bigarren atalean, antza aurrekoarekin zerikusirik gabe, menditik Linzako aterpera itzultzen ari dira pertsona bi, behe-lainoaren erdian, elurrez estalitako bideetan barrena. Hortik aurrera istorio gehiago agertuko dira –borroka armatuan sinetsi arren pistolarik hartzeko gai ez den Kandido, galduta dagoen Sara arreba, betiko bakea aurkitzearren aitaren bideari jarraitu nahi dion Ananda, azken bi horien maitasun-kontuak…–, eta pixkanaka-pixkanaka elkarrekin lotuko dituzte irakurleek, elurraren sinbolismo bereziaren inguruan betiere. Bestalde, bi jarrera ageri dira narrazioan zehar, etengabe kontrajarrita, nor baino nor elkarri gailendu nahian: yogari lotutako bakezaletasuna, mistika eta hortik eratorritako euskal arraza berriaren ideia, batetik; eta Hego Euskal Herriko diktadura zein trantsizio-garaiko borroka armatua, bestetik. Biak ala biak elkarri hozkaka, elkar kritikatuz, arrazoiz eta kontraesanez beterik. Eta, tartean, maitasuna, gorrotoa, askatasuna eta bakezaletasuna bezalako kontzeptuak.


Eleberrian zehar narratzailea aldatu egiten da, bai eta estiloa zein erregistroa ere: toka, lehen eta hirugarren pertsonak, orainaldia, lehenaldia, narratzaile orojakilea, bakarrizketak, narrazio moduan emandako elkarrizketak eta abar. Aipagarria da azken hori gertatzen denetan esaldiak luze-luzeak direla, hiru orrialdekoak ere zenbaitetan, gehienez ere puntu eta komaz bereizirik, eta horrek bizkortasuna ematen diola kontakizunari. Narrazioaren denbora ere aldatu egiten da: kronologikoa izan beharrean, aurrera eta atzera dabil etengabe, oraina eta iragana nahastuz; badirudi irakurleak galduta egotea nahi duela idazleak, pertsonaiak eurak bezala. Dena den, narratzaileak eta gertakizunak horrela tartekatzeak itxura berezia ematen dio eleberriari. Batzuetan galdurik egotearen sentipena izan dezakete irakurleek, baina liburuaren amaieran den-dena argituko zaie, bai eta liburuaren hasierako atala ere, zeinak ematen baitzuen ez zuela loturarik gainerakoekin.


Juan Kruz Igerabide Adunan (Gipuzkoa) jaio zen 1956an. Batez ere haur eta gazte literaturan egindako lan oparoagatik ezaguna den arren, idatzi du helduentzako eleberri, poesia eta aforismo-libururik ere. Elurra sutan du helduentzako bigarren eleberria. Euskal Filologian doktore da eta, egun, Euskal Herriko Unibertsitatean dabil beharrean, Donostian. 2003tik euskaltzain urgazlea ere bada.

 


FITXA TEKNIKOA

Izenburua: Elurra sutan

Idazlea: Juan Kruz Igerabide

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 2009

Orrialde-kopurua: 202


Egilea: Adriano De Mata

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago