Maitasuna… Guk asmatutakoa da

hirinet 2013ko ots. 14a, 13:11

Maitasuna-Guk-asmatutakoa-dEzin naizela zu barik bizi, zoriontsu izateko behar zaitudala, konpartitzen ez ditugun egunek ez dutela zentzurik, nire planak zureak direla, zuri gustatzen zaizuna niri gustatzen zaidana dela, elkarrekin egiten ez dugunak ez daukala graziarik, benetan maite banauzu nirekin egon nahiko zenukeela beti, ezin duzula beste inor desiatu, nirekin zaudenetik pertsona hobea naizela, zurekin nagoenetik hobeto nagoela...

Maite ez banauzu ez dudala ezertarako balio, maite nauzunetik hasi naizela balio izaten, ez dudala inoiz zu bezalakorik aurkituko, nigandik espero duzuna egin behar dudala zuk ni maitatzen jarrai dezazun, beti maite izango nauzula, beti maitatu behar zaitudala, sexua bermatuta dudala zurekin, zurekin sexua izan behar dudala zuk nahi duzunero eta nahi duzun bezala, sexua zurekin bakarrik izan behar dudala...

Norbait topatzean zoriontsuagoa izango naizela, bikote harremanak nire bizitza osatuko duela, harremana haustea porrota dela, maitasuna amaitzen denean errudunak daudela, ni maite nauen norbait topatzen ez badut nire errua dela...

Maite zaitudanez zure intimitatea urratu dezakedala, azalpenak eman behar dizkizudala maite nauzulako, ezin dudala sekreturik izan, nire espazio propiorik ezin dudala izan, zuk lagun propiorik ezin duzula izan, zure aisialdia niretzat dela, nire aisialdia zurekin konpartitzeko dela, une guztietan egiten duzuna ezagutu behar dudala, egiten dudan guztia kontatu behar dizudala...

Hau guztia nik asmatu dut. Nire ingurunearen laguntzarekin, hala nola, kantuekin, pelikulekin, liburuekin, maitasun istorioekin, besteen usteekin, nik besteen bizitzari buruz pentsatzen dudanarekin. Horri deitzen diot nik maitasuna, nahiz eta batzuetan nahi dudanaren antzik ez izan.

Baina maitasuna elkar maitatzea da. Norberarentzat eta bestearentzat onena desiatzea. Bakoitzaren zoriona, ongizatea, lasaitasuna lortu nahi izatea.

Malkoak, antsietatea, ezinegona, oihuak, exijentziak, tristezia, amorrua, mugak, uko egiteak, beldurra, errua, adostasuna, inertzia, indiferentzia, gezurra... hori guztia, guk asmatutakoa da.


Testua: Faktoria Lila


BALENTINAK plataforma

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago