Euskaltasunean lagun… Reina Ruiz

hirinet 2013ko ots. 13a, 11:53

reina-ruiz-gurasolagunaAsturiasekoa izan arren, Reina Ruiz Gasteizen bizi da aspaldi eta orain dela hiru urte inguru Mintzalagunean hasi zen, “maila mantentzeko asmoz”. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako teknikaria da eta besteak beste, GEUrekin mendira taldeak antolatzen dituen mendi-irteeretan parte hartzea du gustuko.

Noiz eta nola ikasi zenuen euskara?

Gasteizera bizitzera etorri nintzenean, duela 20 urte, euskara ikasten hasi nintzen, euskaltegi batean. Ez nekien ezer, eta hasieran oso gogorra egin zitzaidan. Lehenengo urratsa egin ondoren ikasteari utzi nion, baina gero, berriro, euskaltegira bueltatu nintzen eta jarraian 12 urratsak egin nituen euskaltegian. Horrez gain, hiru barnetegi egin nituen: Lazkaon, Oñatin eta Nafarroako herri batean.


Noiz hasi zinen Mintzalagunean, zergatik?

Nahiz eta etxean, kalean eta lanean euskaraz hitz egiteko aukera izan, zaila egiten zait. Behar nuen talde bat, nire antzeko maila zuen talde bat, alegia, mintzapraktika egiteko. Euskaltegia urrun geratzen zitzaidan eta maila galtzen ari nintzen. Hori dela eta, 2011n izena eman nuen mintzalagun programan. Benetan, oso pozik nago programarekin eta iazko eta aurtengo taldearekin. Oso momentu atsegina da. Gainera, mintzalagun taldean ‘GEUrekin mendira’ programa ezagutu nuen eta azken bolada honetan mendira joaten naiz haiekin. Oso jende ona eta oso giro atsegina dago. “Geurekin mendira” taldeko jendea hilabetean behin mendira joaten da eta pertsona guztientzat dago irekia.


Zer egiten duzue zuen taldean elkartzen zaretenean?

Asteartero biltzen gara taberna batean, 19.00etatik 20.00etara. Edozein gairen inguruan hitz egiten dugu, kafetxoa-edo hartzen dugu eta noizbehinka pastak ere jaten ditugu. Egia esan, denboraren poderioz, lagunak gara eta denbora azkar joaten zaigu hitz egiten, barre egiten...


Zer esango zenuke zure Mintzalagun kideen inguruan?

Nire taldean sei emakume eta bi gizon gara, 40 eta 60 urte bitartekoak. Jende gaztea, egia esan. Oso jende ona eta atsegina.


Gasteiz gero eta euskaldunagoa dela esango zenuke? Non entzuten da gehiago euskara?

20 urte daramatzat Gasteizen bizitzen eta aldaketa nabaritzen dudala esango nuke. Beraz, bai, Gasteiz gero eta euskaldunagoa dela esango nuke. Alde zaharrean bizi naizenez, kalean euskara entzuten da. Baita nire lanean ere.


Oporrak non eta zertarako?

Normalean oporrak ekainean hartzen ditut eta Gironara joaten naiz, Calella de Palafrugellera (kostaldean dago). Oso herri polita eta lasaia (behintzat, ekainean). Han, hondartzara eta mendira joaten naiz.


Liburu bat?

Momentu honetan Karmele Jaioren ‘Ez naiz ni’ irakurtzen ari naiz, 12 istorioz osatua. Giza harremanetan sortzen diren arrakaletan erreparatzen daki Karmele Jaiok.

Film bat?

Filmak gustuko ditut, baina egia esan gutxi joaten naiz zinemara eta ez dut telebistarik ikusten. Badago film zahar bat, Frantziako filma, AZUL izena duena (zuzendaria: Krzysztof Kieslowski), maitasunez gogoratzen dudana.


Zein ekintza kulturalean parte hartu duzu azkenaldian?

Joan nintzen azken hitzaldia, azaroaren 28an izan zen, “Maitasuna, erromantizismoa eta desberdintasuna” izenekoa. Hizlaria, Mari Luz Esteban zen, UPV/EHUko gizarte antropologiako irakaslea. Baina, Mª Teresa Egurrola Garayoren heriotza eta gaitzespen-kontzentrazioa zirela eta, hitzaldia bertan behera utzi zuten. Azaroaren 28an, emakumeen kontrako indarkeriari buruzko kasu berri hau ikusita, Gasteizko Plataforma Feministak gaitzespen-kontzentraziora deitu zuen. Azkenean, hitzaldia abenduaren 10ean egin zen.


Gasteizko txoko bat, zergatik?

Badaude asko. Oso hiri polita da Gasteiz. Baina, Alde Zaharra, nire auzoa, bihotzean daramat: bere erdi aroko egitura, giroa, hemengo eta kanpoko jendea, antolatzen diren gauzak, auzoko elkarteak, e.a. Auzoa bizirik dago.


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Jakina! Nahiz eta gutxi erabiltzen den euskara, jende askok badaki. Esparruak zabaldu behar ditugu guztiok. Ni prest nago… eta zu?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago