Maccabi talde israeldarrari boikota

hirinet 2013ko ots. 13a, 09:21

maccabiri-boikota-2

Otsailaren 28an Tel Aviv-eko Maccabi saskibaloi taldea Baskoniaren aurka arituko da Gasteizen. Hori dela eta, talde israeldarra gure hirira etorri den beste hainbat alditan bezala, taldea “gerra krimenen laguntzailea” izateagatik boikota egiteko deialdia eta ekintzak antolatu dira. Honen guztiaren berri izateko Euskal Herria- Palestina Sareko kide den Koldo Alzolarekin hitz egin dugu.

 

 

 

Otsailaren 28an Gasteizen Baskoniaren aurka arituko den Tel Aviv-eko Maccabi taldea gerra krimenen laguntzailea dela diozue, zergatik?

Tel Aviveko Maccabi, erakundea bera eta bertan diharduten pertsonak, gerra krimenetako laguntzaileak dira, halaxe erakusten baitute klubaren webgune ofizialean eurek argitaratutako zantzuek. 2009ko urtarrilaren 9an, Israelgo armada Gazako maccabiri-boikota-3Zerrendako populazio zibilaren gainean “berun urtua” izeneko operazioa burutzen ari zen bitartean, maccabitarrek propaganda-erreportajea argitaratu zuten euren web orrialdean operazio militarrari sostengua eta zilegitasun itxura emateko. Albiste horren arabera taldeko izarretako hiruk; Lior Eliyahu, Omri Casspi, eta Marcus Fizerrek; bisita egin zieten Gazan ari ziren Israelgo armadako soldaduei; opariak banatu, autografoak sinatu, eta haiekin lagun giroan solasean ibili ziren. Bien bitartean, handik 300 metro eskasetara, ejerzito horrexek berak fosforo zuri zaparrada jaurtitzen ari zitzaien Gazako herritarrei. 2008ko abenduaren 28 eta 2009ko urtarrilaren 10a bitartean gertatutako sarraski hartan 1500 pertsona inguru erail eta zerrendako azpiegitura oinarrizkoenak suntsitu egin zituzten. NBEak Palestinan duen Giza Eskubideetarako Irakurleak, Goldstone txostenean, triskantza hura gerra krimena izan zela ebatzi zuen. Horrek ez du inongo eragozpenik ekarri Maccabi taldekoek interneten duten gune ofizialean operazio haren gorazarre publikoa egiten jarrai dezaten. Beraz, sarraski hari emandako sostengu publikoa eztabaidaezinezko zantzua da taldeak gerra krimenei emandako laguntza erakusteko.


Hau ez da Israelgo taldeak gure hiria bisitatzen duen lehenengo aldia izango. Izan ere, behin baino gehiagotan izan da taldea, eta Baskoniak zein Arabako Foru Aldundiak hiritarren adierazpen askatasunari eragozpenik ez jartzeko ahozko konpromisoa hartu bazuten ere, azkenean, ezin izan zenuten modu baketsuan Israelen krimenen aurka protesta egin. Zer gertatu zen orduan?

Bai, ez da lehenengo aldia Gasteizen jokatzen dutena. Azken aldian, Gazako triskantza gertatu eta Goldstone txostena argitaratu zenetik, bitan izan dira gure hirian bisitan, 2010eko urriaren 21ean eta 2011ko martxoaren 24an, hain zuzen ere. Bietan, Baskonia taldeko gerenteak zein Foru Aldundiko Kirol arloko Diputatuak (erakunde horixe da pabilioiaren jabea) ahozko konpromisoa hartu zuten hiritarren adierazpen askatasunari eragozpenik ez jartzeko, alegia, baimena geneukan modu baketsuan Israelgo krimenen aurka protesta egin eta Palestinarekiko elkartasuna aldarrikatzeko pabilioi barruan. Hala eta guztiz ere, ertzaintzak Mossadek (Israelgo zerbitzu sekretuak) ezarritako segurtasun protokoloei men egin, eta bortizki jardun zuen pabilioian zein inguruetan edozein elkartasun adierazpen publiko galarazten. Ondorioz, mota guztietako material guztiz legalak atzeman zituzten, besteak beste, banderak, pankartak, esku-orriak, globoak, zapi palestinarrak... Oldarraldi errepresiboak ere burutu zituzten, ekintzaile zein ikusleen kontra. Ekintzaile bat eskuan Palestinako bandera zeramala kantxara ateratzeagatik atxilotu eta gerora ikur terroristaren gorazarre egitea leporatu zioten. Terrorismoa, bai, eta ez kantxara salto egin izana. Beste batean, polizia autonomikoek Palestinako bandera zerabilen ikusle bat bere eserlekutik aterarazi eta sotora eramandakoan jipoitu egin zuten. Ondorioz, larrialdi zerbitzuetan artatu behar izan zuten.


Gerra krimenak, edo krimenen egileak, edo krimenei babesa eman dietenak normaltasunez onartzeak erantzukizunen kateko mailaren batean kokatzen gaituela diozue. Zein izan beharko litzateke, hortaz, erakunde publikoek zein Baskoniak berak hartu beharko luketen jarrera?

Israelgo gobernuaren estrategia, hain zuzen, normaltasunarena da. Sionismoaren ideologoek ongi ezagutzen dute kirolak duen eragin propagandistikoa, eta ondorioz, kirol taldeak baliatu dituzte Israelek nazioarte mailan duen irudi publiko kaltetua samurtzeko. Tel Aviveko Maccabi estrategia horietako eragile garrantzitsuenetakoa da, horregatik ez dugu normaltasunez hartu behar. Desmond Tutuk, Hego Afrikako artzapezpikuak, esan zuenez: «injustiziaren aurrean jarrerarik hartu ezean, zanpatzailearen aldeko hautua egiten ari gara». Erakundeek ere eskura dituzten baliabideak erabili beharko lituzkete gerra krimenen gorazarre hori normaltasunez gerta ez dadin. Foru Aldundia pabilioiaren jabea da; Udalak ere baliabide asko jartzen ditu partidaren zerbitzura: garraio publikoa, udaltzaingoa... Herrizaingo zaila, zer esanik ez, horiena baita adierazpen askatasuna murriztearen ardura. Horien guztien esku ere badago jarrera arduratsu bat hartzea, etikagatik, eta giza eskubideekiko errespetuagatik.


maccabiri-boikotaKasu honetan kirola eta politikoa banatzea ezinezkoa da, ezta?

Bai, jende askok uste du ez direla politika eta kirola nahastu behar. Baina kirolaren erabilera politikoa ukatzen dutenak oker daude, izan ere, kirola kirol izatetik masa-ikuskizuna izatera pasa zenetik batekoek zein bestekoek baliatu egin dute espektakulu hori jendetzaren pentsaeran eragiteko. Historia oparoa da adibideetan. Gogoratu besterik ez dago, zer etekin propagandistiko atera zieten naziek 1936ko Berlingo joko olinpikoei; edo Videla diktadoreak Argentinak 1978an irabazi zuen munduko futbol txapelketari; edo Tommie Smith eta John Carlosen keinua, 1968ko Mexikoko olinpiadetako podiumean burumakur eta ukabila gora beltzen harrotasuna aldarrikatu zuena; edo Iribar eta Kortabarriak 1976an ikurriña atera zutenekoa. Sionismoaren ideologoek ere, kirolak duen eragin propagandistiko horren jabe dira eta euren irudia zuritzeko baliatzen dute.


Maccabiri eta Israelgo ordezkari guztiei boikot egitea eskatzen zaie gasteiztarrei. Nork egiten du deialdia eta zer proposatzen diezue hiritarrei?

Gu Palestinan sortutako nazioarteko deialdi baten bozgorailua gara. Israelgo apartheidaren aurkako nazioarteko Boikot, Desinbertsio eta Zigorren deia Palestinako gizarte zibilak berak jarri zuen abian 2005ean. Kanpaina horren bidez dei egiten zaio mundu osoko gizarte zibilari Israelgo ordezkariei boikot egin diezaien harik eta okupazioa amaitu, apartheid harresia bertan behera bota, errefuxiatuen itzultzeko eskubidea bermatu eta Israelgo hiritar palestinarrei hiritartasun eskubideak onartzen dizkieten arte. Maccabiren aurkako boikot deia, beraz, kanpaina horren barruan kokatzen da. Euskal Herrian BDS mugimenduaren deiarekin bat egiten dugunok helburu argia daukagu: Maccabi ez dezagula normaltasunez hartu Gasteizen, gure esku dagoen guztia egingo dugu horretarako. Eta, halaber, dei egiten diegu Gasteizko hiritarrei boikot egin diezaioten Maccabiren aurkako partidari, eta Baskoniaren partidara joaten direnei, bilaka dezatela Zurbanoko pabilioia Palestinako giza eskubideen aurkako aldarri ozen bat. Helburu horrekin, mezu hori gizarteratzeko, zenbait ekitaldi antolatu dugu aste osoan zehar. Aste horretan, hedabide ofizialek ezarri ohi diguten boikot informatiboaren gainetik, mezu ozen gailenduko da Gasteizen: Maccabi, Gasteizen ez zara ongi etorria.


Ekitaldien egitaraua 

Otsailaren 23an, larunbatean, Andra Mari Zuriaren plazan. 11.00-14.00 eta 16.00-19.00, Salaketa eta elkartasun gunea (zanpantzarrak, perkusioa, musika eta janari palestinarra, material eta propaganda banaketa, performance...). 19.00etan MANIFESTAZIOA: Maccabi kanpora! Euskal Herrian ez zarete ongi etorriak.

Otsailaren 25an, astelehenean, Prentsa aurreko masiboa, 12.00etan Martxoak3 memoria gunean.

Otsailaren 26ean, asteartean, BOIKOT TAILERRA, 12.30ean Unibertsitatean, 19.30ean Zapateneo Kulturgunean. (Uhintifadak antolatua)

Otsailaren 27an, asteazkenean, 19.00etan, Aizkora tabernan, Palestinari buruzko HITZALDIA ETA BIDEO EMANALDIA (Askapenak antolatua)

Otsailaren 28an, ostegunean, ISRAELGO APARTHEIDARI BOIKOTAREN ALDEKO BORROKA EGUNA, 12.00 General Loma plazan KONZENTRAZIOA. 19.00etan auto karabana. 20:00 Zurbanoko pabilioian KONZENTRAZIOA: Maccabi kanpora! Euskal Herrian ez zarete ongi etorriak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide