Gasteizko Udalaren inbertsioak 2013an

hirinet 2013ko ots. 12a, 13:31

gasteizko udalaren inbertsioak 2013anPPk eta EAJk Gasteizko Udalaren aurrekontuak aurrera ateratzeko egin zuten akordioaren zehaztasunak argitzen doaz pixkanaka eta kultura eta kirol arloei bideratutako diru sailak argitaratu ostean, aurreikusitako inbertsioen berri eman dute oraingoan.


Auzo berriek eta Alde Zaharrak diru sail garrantzitsuenak jasoko dituzte, baina ez dira bakarrak izango. Izan ere, Europa Jauregia berritzeko proiektuak 4 milioi jasoko ditu. Kasu honetan, finantzaketa hau Eusko Jaurlaritzatik dator.

Salburuako gizarte-etxea eraikitzeko 3,5 miloi euro bideratuko dira. Zabalganakoak, aldiz, milioi bat jasoko du. Izan ere, diru sail hauek soilik eraikuntza hauen zati txiki bat finantzatuko dute eta hurrengo urteetan gizarte-etxe hauek %100ean finantzatuko dituztela argitu du Udalak.

Mariturriko Haurreskolak 1,8 milioiko diru saila jasoko du eta Salburuak eta Zabalganak Hiri-ortu berriak estreinatuko dituzte,modu honetan, Salburua Bizirik eta Zabalgana Batuz bezalako elkarteek egindako eskakizunak bete egingo dira.

Dena den, aurrekontu hauen aurrean auzoetako elkarteen adierazten duten iritzia ikusteke dago. Salburu Burdindide auzo elkarteak, esaterako, bere blogean esan bezala, ez dago guztiz ados udalak aurkeztu dituen diru sailekin.

Alde Zaharrari dagokionez, Landatxo polikiroldegiak 400.000 euroko diru saila izango du, Ramon Bajo ikastetxearen berritze-lanek, berriz, 600.000 euro. Gainera, Gasteiz Antzokia proiektua martxan jartzeko 100.000 euro bideratuko ditu Udalak.

200.000 euroko diru sail batek Abastos merkatua eraberrituko du eta Gamarrako Mini Golf-a ere konpondu egingo dute, 120.000 euroko diru sailari esker. Bizikletak aparkatzeko sarea handitu egingo du Udalak eta horretarako, 20.000 euro bideratu ditu.

Ingurugiro Sailan, Gardelegiko zabortegia handitzeko milioi bat euro inguru erabiliko dira eta beste hiru milioi “inbertsio estrategikoak” egiteko erabiliko ditu Ingurugiro Sailak.

Trena lurperatzeko proiektuak eta Alde Zaharrean eraiki nahi zuten Pilota Zentroak euro sinboliko bana jasoko dute.

Azkenik, Sustapen Ekonomikoren Sailari 9,8 milioi esleitu zaizkio, hots, 2012an esleitutako 4,7 milioi € gutxiago. Bestaldetik, Bilduko zinegotzia Antxon Belakortuk adierazi duen moduan, “Maroto alkateak aurten Gizartegintzarako iragarritako 3,5 milioi €-ko igoeran enplegu arloko partidak sartu ditu, gehi iazko aurrekontuetan ez zegoen Garapenerako Lankidetzarako partida bat, 1,2 milioikoa”. Horrez gain, Belakorturen ustez, “aurrekontua iruzur hutsa da, besteak beste, kopuruak inolako lotsarik gabe puztu dituztelako”

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide