Gasteizko udalaren diru sailak kulturan eta kirolan

hirinet 2013ko ots. 11a, 17:09

Gasteizko-udalaren-aurrekonGasteizko Udalak  Aurrekontuen proiektua aurkeztu du eta horren arabera, Gauekoak gazteei zuzendutako aisialdi programa berreskuratu eta 150.000 euroko diru saila izango du ekimenak. Horrekin batera, aurtengo Jazz Jaialdiak iaz baino 45.000 euro gehiago jasoko ditu, 145.000 euro guztira. Azkena Rock Festivalaren diru sailak ere gora egingo du eta egun soilik  talde gutxi batzuk (The Black Crowes, Smashing Pumpinks…) konfirmatu dituen arren, 290.000 euro jasoko ditu. 180.000 euro jasoko ditu irailean ospatu ohi den Festval Telebista jaialdiak.

Gasteizko Batailaren urteurrena ospatzeko ekintza ezberdinak antolatzeko udalak 95.000 euroko diru saila bideratuko du. Aldiz, fotokazetaritzaren inguruko Periscopio ekimenak 36.500 euro jasoko ditu. Magialdiak eta Jolas Jaialdiak 88.000 eta 75.000 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren.

Gasteizko Jaien aurrekontua, bere aldetik, murriztuko du udalak (676.800 euro). Horrela, Blusa eta Nesken Kuadrilek 5.000 euro gutxiago jasoko dituzte aurten, guztira 65.000 euro.

Artium museoak jasoko duen diru saila erdira murriztu da aurten eta 100.000 eurokoa izango da. Gasteiz On elkarteak, berriz, askoz gehiago jasoko du, 250.000 euro, hain zuzen. Bestalde, 450.000 euro merkatari txikiei zuzendutako diru laguntzetara bideratuko da.

Kirolei dagokienez, Baskoniak eta Alavesek 224.000 euro jasoko dituzte batera. Horrez gain, babesle gisa, Udalak 157.000 euro emango dizkio Alaves taldeari eta 255.000 euro Baskoniari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago