Buztanikara talde batek lo-tokitzat hartu baititu Arka Plazako hankaluze ospetsuaren ondoko bi magnoliondoak. Arratsero-arratsero, sei eta erdiak aldera, handik pasatzen bazara, goratu begiak eta txori-festa polita ikus dezakezu, buztanikara bakoitza bere gustuko adarra aukeratzeko sesioan.
Arabako buztanikarak sedentarioak dira, ez dira neguan Afrikara joaten, baina Europa Erdialdetik eta Iparraldetik epeltasun bila (ejem) etorritako beste ahaide asko elkartzen zaizkie garai honetan. Horrenbestez, ez dakigu Arka Plazako hauek Berantevillan jaioak diren edo Berlinen. Guri bost.
Hala ere, dena esan beharra dago-eta, kontuz ibili gora begira jartzen zaren horretan, zirinik gainean erori ez dakizun. “Ez dago larrosarik arantzarik gabe”, esan ohi da. Ezta ere txoririk kaka egiten ez duenik, erantsiko genuke geuk. Zer egingo diogu ba!
(Izen-sorta polita du buztanikarak han eta hemen, bai euskaraz bai gaztelaniaz: azpizuria, apeztxoria, ildo-xoria, klabelin politta, pinpintxoria, aguzanieves, engañapastores, culiblanco, señorita… eta, Arabako mendialdean, rabicandil.)
Egilea: Martin Rezola