Gose: "Musikak gizartearen isla behar du izan, gaurko musikarik egiten ez badugu, biharkoek ez baitute atzoko musikarik izango"

hirinet 2013ko ots. 8a, 10:33

GOSE-KONTZERTUA-GASTEIZGose hirukote arrasatearra 2005ean sortu zenean, trikia eta elektronikaren arteko amodio istorio hark halako fruitua eman ahalko lukeenik inor gutxik espero zezakeen. Izan ere, trikitixa oinarri hartuta, taldeak euskal herri-musikari beste ikuspuntu bat eman nahi izan dio eta egun bosgarren diskoaren aurkezpen biran dago murgilduta. Besteak beste, elektro-jazza, tangoa, sehaska kantua, afrobraziliar perkusioak, technoa, punka edota arin-arina daude entzungai bere kantuetan. Hori guztia Ines abeslariaren ahots goxoak lagunduta. Datorren otsailaren 21ean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango da taldea.

 

Zuen bosgarren lana kalean eta egin ohi duzuen moduan, izenburua jarri beharrean, kolorea da diskoa identifikatzeko marka eta oraingoan laranja dator. Kolore honen aukeraketa zuen musikarekin transmititu nahi duzuenarekin bat al dator?

Bosgarren disko laranja hau beste guztiengandik guztiz desberdina da, eta era berean, inoiz baino gehiago, zeharo gose da.

Euskal Herrian, gurea bezalako proposamen ezohizko batekin, bosgarren diskoa kaleratuko genuela ez genuen inondik inora ere espero, eta gure buruari disko berezi bat egitearen plazera eman nahi izan diogu. Oso argi geneukan disko hau beste guztiengandik desberdina izatea nahi genuela. Lehenbiziko disko hura egin genuenean gure buruari hitz eman genion disko laranja egiteko gai ginenean egin egingo genuela, eta honatx!

Orain arteko lan guztiak geronek ekoitzi, grabatu eta nahastu ditugu Arrasateko Shot! Estudioan. Oraingo honetan, kanpoko ikuspuntu bat bilatu nahi izan dugu, "produktore" batekin lan egitea zer den ezagutu, gure kantuei beste buelta bat eman eta bide berriak bilatu. Ziaboga bat eman nahi genuen, eta gure kantei beste buelta bat eman.


gose kontzertua gasteiz 3Leial ere jarraitzen duzue autoekoizpenari. Zergatik aukeratu zenuten bide hau?

Autoekoizpenak eskaini digun plazer handienetariko bat zer, noiz, nola eta norekin egin askatasunez erabakitzea izan da. Bigarren diskoarekin, zuriarekin, ekin genion diskoak geronek ekoitzi eta argitaratzeari, eta oraingo honetan, beste behin, autoekoizpenaren hautua egin dugu, inoiz baino ziurrago gainera. Duintasun kontua da; gauzak dauden bezala, inork ez du gure kantuen alde apustu egiten guk beste.

Merkatuak agintzen duen bidetik aparte egin du gosek bere jarduna azken urteotan. Hori da gaur egungo industriaren gainbeheraren eraginik gozoena: guk beste inork ez dituela jokoaren arauak ezarri. Egin dugun guztia egin nahi izan dugunean eta egin nahi bezala egin dugu. Gu gara denaren errudun, guztiaren erantzule.


Begi bistakoa da estetikari garrantzia ematen diozuela. Izan ere, ‘Ezetz’ kantaren bideoklipa ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko, ezta?

Betidanik eman izan diogu garrantzia. gose entzun, ikusi, dastatu, ukitu eta usaindu egiten da.

Disko hau guretzat hain berezia izanda, bideoklipak ere hala izan behar zuen. Argi geneukan bideoklipa Mikel Clementek zuzenduko zuela, eta bere esanetara jarri gara. Mikel Clemente, David Herranz eta Alphax izan dira bideoklip honen errudun. Sekulako lantaldea eta gogoa bildu ditugu bideo hau egiteko, umila baina oso duina, eta benetan berezia.

Mikel eta Alphax duela urte t'erdi etorri zitzaizkigunean hurrengo bideoklipa 3Dan izango zela, zur eta lur geratu ginen. Lan askoren ostean, lehenbizikoz bideoa pantaila handian eta betaurrekoak jantzita ikusi genuenean, oilo ipurdia jarri zitzaigun! Kontuz zer esaten dizun bilbotar batek, agian egiteko gai izango da eta!


Zuen esanetan, lan berri honetan erritmo elektroniko amorratuek trikiaren soinuek ehunduriko sare trinkoarekin jolas egiten dute. Zer aurkituko dugu disko berrian?

Bageneukan hamar kanta berri bilduko zituen disko berri bat egiteko gogoa, inoren enkarguz egin gabeko kantak batuko zituen disko bat. Horixe da oraingo honetan egin duguna, barruak hala eskatzen zigulako.

Beti bezala, inguruan daukagunari buruz hitz egiten jarraitzen dugu. Behin eta berriz entzuten dugu garai berri bat dela, gauzak aldatu direla, baina hemen ezer gutxi aldatu dela iruditzen zaigu. Inoiz baino ozenago oihukatzeko garaia dela uste dugu, eta bageneukan gogoa berriz ere mikrofonoa hartu eta gustatzen zaigunari eta, batez ere, gustatzen ez zaigunari buruz kantatzeko. Tamalez, herri honetan badugu zeri kantatu.

Gauzak egiteko modu berri bat nahi genuen; lau disko geronek ekoitzi ostean, kantuei beste buelta bat eman eta beste batzuen eskuetan utzi nahi izan ditugu.

Prozesua guztiz desberdina izan da oraingo honetan. Kantuok Shot!-en jaio, baina N-1an barrena, atzerrian hazi dira. Behingoagatik, Madril aldera joan gara bisitan edo audientzia nazionalera joan behar izan gabe, gure hautuz, eta bidelagun ezin hobeak topatu ditugu Torrelodonesen: Juan eta Moli, SPAM. Atzerriko ekoizle baten bila hasi ginenean, argi geneukan musika elektronikoan eskarmentudun eta ingelesez mintzatuko ez zen norbait nahi genuela, bilatzen genuena argi esan ahal izateko nola esan pentsatu gabe. Atoan konturatu ginen SPAM zirela bilatzen genuena. Beraiekin kontaktuan jarri ginen, proposamena luzatu, eta beraien baiezko borobila jaso genuen. Horrela hasi zen lankidetza.


GOSE KONTZERTUA GASTEIZ2Azken urteetan, elektronika eta euskal musikaren arteko tandema izugarri zabaldu da eta gero eta gehiago zarete musika mota hau egiten duzuenak. Horrelako astindu bat behar al zuen gure musikak?

Gaur egun ordenagailua dugu eguneroko tresna alor gehienetan. Normala da musikan ere hala izatea. Elektronika beste instrumentu bat da, beste baliabide bat esateko daukaguna esateko. Eta asko dago esateko, bai horixe! Egunkariak irakurtzea besterik ez da horretaz jabetzeko.

Musikak gizartearen isla behar du izan, gaurko musikarik egiten ez badugu, biharkoek ez baitute atzoko musikarik izango.


Orain disko berriaren aurkezpen-biran murgilduta zaudete. Zer moduz doaz kontzertuak?

Izugarrizko gogoa geneukan kanta berriak taula gainean jotzeko. Taularatzeari berari ere eman nahi izan diogu buelta bat eta zuzeneko berezi eta desberdin batekin dator gose oraingo honetan. Gasteizen izango gara aurki, eta gonbidatuta zaudete zuen begiz ikustera, gustatuko zaizuelakoan gaude. Guk behintzat, inoiz baino izerdi gehiago botatzen ari gara kontzertuetan!


Euskal Herrian ez ezik, bestelako herrialdeetara ere eraman duzue zuen musika. Izan ere, Japonia eta Kurdistanen egon zarete. Aurten, bidaiatzeko planik?

Haize berria da gu bezalako talde batentzat mugak zeharkatzea. Saririk onena. Eta mugak apurtzeko daudenaren froga. Euskaraz eta Euskal Herrian sortzen dena atzerrian ulertu ahal eta nahi dutela sentitu dugu. Konplexuak alde batera uzteko garaia da. Badugu bidaiatzeko planik, bai. gose gara!!


On Egin!


Hirinet-ek Gose taldeak otsailaren 21ean Jimmy Jazz aretoan emango duen kontzerturako hiru sarrera zozketatuko ditu. Informazioa gehiago HEMEN

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago