Krepe gazi eta gozoak

hirinet 2013ko ots. 8a, 09:08

krepe gaziak eta gozoak1Lehenengo eta behin, krepea bera egiteko behar ditugun osagaiak aipatuko ditut:

150 gr irin.

4 arrautza.

1/8 litro esne.

Gatza pixka bat.

(Horrako hori 30 bat krepe egiteko da)

Osagai horiekin egin behar duguna hagitz erraza da: ontzi bat hartu eta bertan irina jarri.  Hartara bertara arrautza xehetu eta bukatzeko, esnea erantsi. Behin hori guztia egina dugula, turmixa hartu eta irabiatu behar dugu dena krema fin bat gelditu arte. Horixe badugu prest eta bazter batean utzi eginen dugu farsak egin arte.

 


Lehendabiziko farsa (hotz eta gazia)


KREPE GAZI ETA GOZOAK2Surimia hartu eta xehe-xehe eginen dugu(ez bada dagoeneko xehatua). Hari arrautza egosia eta maionesa erantsiko diogu. Horren ondotik, izokin ketua zerrenda finetan moztuko dugu eta  beste hainbeste eginen dugu piper berdeekin. Izokina jateko prest dugu bezalaxe, piper frijitua  krepean jateko frijitu egin beharko dugu oliba oliotan. Hori guztia egina dugula, bazter batean utziko dugu masa gustua har dezan.

 

 

 


Bigarren farsa (bero eta gazia)


KREPE GAZI ETA GOZOAK3Lehenengo eta behin, barrengorriak xerratu behar ditugu fin-fin. Gero, ganboiak zuritu eta cm bateko puskatan moztu. Baratxuri ale pare bat hartu, zuritu eta xehe-xehe moztu. Ontzi bat hartu eta sutan paratu. Ondoren, oliba olio pixka bat bota eta behin baratxuria dantzan hasi zaigula, irina erantsiko diogu eta hura pixka bat egin ondoren, esnea. Sasoiz eragin behar diogu gatza pizka bat eman ondoren. Egintsia dugunean, barrengorri xerratuak eta ganboiak, denak batera, jarriko ditugu bertan egiten. Nabaritzen dugunean barrengorriak samur-samur daudela, masa hozten utziko dugu sutatik kanpo.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hirugarren farsa (samin-gozoa eta gazia)


KREPE GAZI ETA GOZOAK4Odolkiari berari hestea urratuko diogu artazi batzuen laguntzaz. Haren barrenekoa aterako dugu eta olio bero pixka batekin zartagin batean sutan paratuko dugu. Gero, hari tomate frijitu pixka bat erantsiko diogu bai eta pinaziak (ahal bada, aitzinetik pixka bat frijiturik) eta mahats-pasak ere. Instant ttiki batez izanen dugu hori guztia sutan  farsak nolabait itxura hartu arte. Halaxe denean, hozten utzi behar dugu.

 

 

 

 

 

 

Laugarren farsa (hotz eta gozoa)


KREPE GAZI ETA GOZOAK5Hasteko, banana zein kiwia zuritu ditugu eta puska ttikitan moztu. Halaxe egin ondoren, limoi zuku pixka bat emanen diegu erdoildu ez daitezen. Hori guztia egina dugula,  Philadelphia markako gazta guria  emanen diogu eta dena kontu handiz nahasi. Bidenabar eta halaxe nahi izanez gero, sakarina pixka bat eman ahal diogu. Prest dago honako farsa hau ere.


 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bosgarren farsa (bero eta gozoa)


KREPE GAZI ETA GOZOAK6Anana naturala edo  zuritu eta xerra finetan moztu behar dugu (Potekoa izanez gero, eta zuritu behar, noski, karkarkarkar). Gero, hura zartagin batean eta olio pixka baten laguntzaz gorritu egin behar dugu anana bera. Gero, bol bat hartu eta bertan natillak isuri behar ditugu eta mikrouhinean denbora ttiki batez berotu. Jarraitzeko, natillei Maria gaileta papurtuak erantsiko diegu eta masa bat egin. Masari, azkenik, anana frijitu eta xehe-xehe egina emanen diogu eta pixka bat eragin. Hauxe ere badugu prest.

 

 

 

 

 

 

 


Horiei guztiei laguntzeko saltsa bana jar iezaiekegu:


Lehenengoari: maionesa edota saltsa arrosa.

Bigarrenari: Emmental gazta urtua edota tomate frijitu pixka bat.

Hirugarrenari: tomate frijitua ere  ongi doakio edota pikotxo piper konfitatu saltsa.

Laugarrenari: esne kondentsatua edo marrubi marmelada.

Bosgarrenari: txokolate urtua.

 

KREPE GAZI ETA GOZOAK 7KREPE GAZI ETA GOZOAK9

 

Egilea: Patxi Irigoien

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago