Eskiaren xarma, Josu Erkizia eta Peru Sansinenearekin solasean

hirinet 2013ko ots. 6a, 11:32
eskiaren xarmaPasa den asteburuan, eskia maite dutenek bi zita garrantzitsu izan zituzten; alde batetik, Baqueira Beret-en burutzen den iraupen eskiko 42Km-ko “34 Marxa Beret” izeneko proba ospetsua eta bestetik Luz Sant Sauveur-en hasten den bi eguneko mendi eskiko “Open Altitoy Ternua” bikote proba, hau da, mendira eskiekin igotzea eta jaistea, aurten “Grand Course” zirkuitu barruan kokatua zegoelarik (Europako mendi eskiko lasterketak). Lasterkariek larunbatean 2000 metroko desnibel positiboa burutu zuten eta igandean berriz, 1700 metrotakoa.

Bertan, Gasteizen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak” ikasketak burutzen dituzten bi Donostiar izan ziren, Josu Erkizia eta Peru Sansinenea hain zuzen ere. Egun Gasteizen bizi dira eta euren entrenamenduak hiri berdean burutzen dituzte, askotan elkarrekin, lagun handiak baitira.

Josu Erkizia, 23 urteko donostiarra da, gurasoen zaletasunaren ondorioz txikitatik iraupen eskia egiten duelarik, hasieran afizio gisa eta azken urteetan afizio eta lehiaketa moduan. Peru Sansinenea donostiarrak aldiz, 30 urte hauetan mendia izan du afizio nagusi, baina eskia ezagutu bezain pronto, bi espezialitateak uztartzen dituen mendiko eskia praktikatzen hasi zen.


Zer du berezia eskiak?

Josu Erkizia: Jende guztiak kanpo paisaiaren edertasunaz hitz egiten du, nik aldiz nahiago ditut barne paisaiak, hau da, sentitzen dena, irristaketa, elur ezberdinen dastatzea, sentsazio pertsonalak... asko betetzen nau honek guztiak.

Peru Sansinenea: Niri izugarrizko askatasuna ematen dit eskiatzeak, mendiaz gozatzen dut, etengabeko kontaktuan nago naturarekin. Mendira eskiekin igotzeak eta jaisteak zirrara eragiten dit, elur gainean surfeatzea modu ezin hobea da emozioak plazaratzeko eta sentitzeko.


josuerkiziaNola eta non entrenatzen dira mota honetako lasterketak?

J.E: Gasteizen toki ugari dugu entrenatzeko, esaterako Otazu inguruan Roll-skiekin entrenatzen dugu, hau da, gurpilak dituzten eskiekin eskiatzen dugu errepidean. Bestetik, Olarizu, Gorbeia eta Aizkorri inguruan ibiltzen gara lasterka Peru eta ni, baita Salburua aldean ere, lasterka edo roll-skian,  mendi lasterketak ere egiten ditugularik. Honez gain, indarra lantzeko Jarduera Fisiko eta Kirolen Zientzien fakultatean dagoen gimnasioa erabiltzen dugu.

P.S:  Josuk esan dituen tokiez gain, ahal dugun guztietan Pirineotara joaten gara, elurra dagoenean eskiatzera eta bestela  lasterka bertako tontorrak egitera.  Halaber, entrenamendu fisikoaz gain, elikadura eta lo orduak ere asko zaintzen ditugu.


Kirola praktikatzeko Gasteiz hiri egokia dela uste al duzue?

J.E: Gasteiz hiri hotza da, eta ondorioz normalean tenperatura oso egokia da kirola egiteko. Zoritxarrez, elurrak gutxitan bisitatzen gaitu eta gure eskiatzeko irrika asetuko dituen aukerak bertan behera geratzen dira. Ondorioz, elurretan eskiatzeko bidaiatu beharra izaten dugu. Halaber, hiriko gune berde ugariak lasterka egiteko primerako tokiak dira.

P.S: Ene ustetan orokorrean hiri egokia da, izan ere, beste hainbat hiriek ez bezala aukera ezin hobea eskaintzen du kirola kalean praktikatzeko, korrika, bizikleta, mendia… Hauxe, Josuk aipatu moduan Gasteizko gune berdeengatik da, hauei esker doako makina bat ekintza burutu daitezkeelarik naturarekin etengabeko kontaktuan, naturak berak Gasteiztarrei bertara joateko deia eragiten dielarik.


Zergatik dira bereziak bi lasterketa hauek?

J.E: Maila internazionala duen lasterketa da, Eurolopped ligarako (Europako distantzia luzeko proben liga) proba puntuagarria delarik. Bestetik, oso lasterketa mediatizatua da, telebista ugari daudelarik, babesleak, ikusleak… Azken finean, Behobia-Donostia edo Gasteizko maratoi erdia bezalako proba da, horregatik lasterketa honetan fisikoki puntuan egon nahi izaten dugu.

P.S: Open Altitoy, lasterketa herrikoia da euskaldun ugarik parte hartzen dute lasterketa honetan eta bertan egoten den giroa paregabea izan ohi da. Gainera, aurten “Grand Course”-en sartu izanak, munduko eskiatzaile onenekin lehiatzeko aukera eskaini du.


PERUSANSINENEANola joan zitzaizuen lasterketa?

J.E: Eguraldiaren eta elur jauzien ondorioz, 42Km ordez, 30Km-ra murriztu zuten antolatzaileek lasterketa. Irteera oso azkarra izan zen, baina lehenengoekin joatea lortu nuen, bertan maila handia zegoelarik eta horrek moralki laguntza handia eman zidan, nahiz eta azkarregi hasi nintzenaren kezka izan momentu horietan. Kilometroak aurrera joan ahala, lauko taldearen erritmoari ezin jarraiki, nire erritmoan jarraitzea erabaki nuen, azkenean seigarren postua eskuratuz. Halaber, oso gustura amaitu nuen egindako lanarekin, ez bainuen espero horrelako emaitza lortzea eta honek konfiantza handia ematen dit lanean jarraitzeko eta ondorengo txapelketetan emaitza onak lortzeko.

P.S: Gure kasuan ere, elur jauziaren arrisku eta eguraldiagatik ibilbidea aldatu zen. Honela, Larunbatean oso eguraldi txarra egin zuen, elurra mara-mara eta izugarrizko hotza. Bestetik, trazatutako bidean zihoan jende andanaren ondorioz oso zaila izan zen hasiera batean posizioak hartzea, nahiz eta ondoren maldak bakoitza bere tokian jarri zuen. Elurraren kalitatea primerakoa zen, elur hautsa zegoen eta izugarri gozatu genuen jaitsieretan.

Igandean eguraldi oso ona egin zuen, baita hotza ere, eta etapa honetan aurreko eguneko nekea nabari zen, halaber, oso gustura amaitu nuen egindako lasterketarekin.


Zein espezialitate da gogorragoa?

J.E: Biak dira oso gogorrak, baina nire ustetan nire espezialitatea gogorragoa da, fisikoki exijentzia maila handiagoa delako, ez dago atsedenik, aldiz, mendiko eskian trantsizioak daude.

P.S: Ene ustez, iraupen eskian erritmoa ezinbestekoa da, baina mendiko eskian igoera eta jaitsierak daudenez, mendian aspektu teknikoak garrantzia handia du. Honela, zer da gogorragoa, lautadan korri egitea ala maldan gora korri egitea?


Pertsona guztien eskura dagoen kirola al da?

J.E: Ez, izan ere ekonomia arloan kirol garesti xamarra da, hau da, materialaz gain, hemen inguruan elurra ez dugunez bidaiatzeko beharra eta gastu gehigarria dugu.

P.S: Mendiko eskia ere kirol garestia da, baina arlo ekonomikoaz gain, badira beste hainbat muga ere. Izan ere, kirol hau praktikatzeko, alpinismo teknikak, segurtasun meteorologi aspektuak… bezalako jakintzak izan behar dira, oso kirol konpletoa baita eta ondorioz ez dago guztien eskura, ez da korri egitea bezala. Halaber, Gasteizen hainbat ikastaro eskaintzen dira formakuntza zabaltzeko asmoz eta eskertzekoa da.


Ikasketak eta kirola eramangarriak al dira?

J.E: Nik uste eramangarria izateaz gain, aldi berean ikasketak gomendagarriak ere badirela, beharrezkoa izateaz gain osagarriak baitira. Nik ez dakit zer den goi mailako kirolaria izatea, baina nik kirola lantzen dudan moduan, eramangarria da, eta asko entrenatzen dut.

P.S: Egia esan eramangarriak dira, baina ikasketa ordu eta entrenamenduen antolakuntza handia eskatzen du. Hala eta guztiz ere, beti ateratzen duzu denbora kirola burutzeko nahiz eta behin baino gehiagotan ez nahi bezainbeste.


Aurtengo denboraldiko egutegian gorriz ipinitako egun gehiago ba al dituzue?

J.E: Aurten helburutzat, Espainiako kopa dut eta gero Espainiako txapelketa. Bestetik, asteburu honetan “Club Vasco de Camping Elkarteak” antolatzen duen Somport-eko lasterketa dut begiz jota, aurreko urteko garaipena errepikatzeko asmoz joango naizelarik bertara.

P.S: Nire kasuan, Otsailean Antxon Bandres memoriala dut eta aurrerago Picos de Europako lasterketa. Ondoren, Pirinioetan, Frantzian, Benasque…

 

Egilea: Mikel Villarrolain


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide