'Euskal Herria: Ezkutuko Zorra' dokumentala

hirinet 2013ko ots. 1a, 12:59

euskal herria ezkutuko zorra gasteizOtsailaren bukaeran berriz iritsiko da “Euskal Zinemaren Astea”, baina aurtengo edizioa hasi bitartean, badugu entretenimendurik Gasteizen.

Montehermoson Dokusarea zikloko azken dokumentalaren proiekzioa izango da otsailaren 6an, GEU elkartearen eskutik. Euskal Herria: Ezkutuko Zorra dokumentala EHUk, Ekologistak Martxan GKEak eta Ekopol-ek prestatu dute, Euskal Herrian erabiltzen diren lehengaien jatorriko herrialdeei eta lehengaien ekoizpenak eta esportazioak inguru horietan dituen ondorioei buruz.

Arestian, gure kontsumorako zein industriarako erabiltzen genituen lehengaiak Euskal Herrian bertan ekoizten eta lortzen genituen, batik bat. Gaur egun, ordea, kontsumitzen ditugun material gehienak oso urrutitik ekartzen dira. Bada, Euskal Herrian kontsumitzen eta ekoizten ditugun produktu askok Hegoaldeko herrialde txirotuetan dute jatorria, eremu horiek kutsatzea edo langileak baldintza prekarioetan kontratatzea errazagoa eta merkeagoa delako.


Somalian arrantzatzea, Bolivian mineralak erauztea edo Indonesian nekazaritzako erregaiak landatzea merkea izaten da, kutsatzen denagatik ez delako ordaintzen, besteak beste. Iparraldeko herrialde industrializatu edo aberastuontzat onuragarria da horrela jokatzea; hau da, kontsumitzaileok, enpresek eta gobernuek onura ateratzen dute bidegabekeria horretatik.


Hegoaldeko herrialdeekin dugun zor ekologiko hori sakonki aztertzen eta jorratzen du 40 minutu inguruko dokumental honek.


NOIZ: otsailaren 6an, 19.00etan

NON: Montehermoson

Sarrera doan (aretoko toki guztiak bete arte)



Egilea: Regi Larrucea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago