Hizkuntza ardatz duen ‘Of More Than One Voice’ erakusketa aurkeztu du Katarina Zdjelar artistak Artiumen

hirinet 2013ko urt. 29a, 13:29

Katarina_Zdjelar aitormenaArtium zentro-museoak Rotterdamen bizi den Katarina Zdjelar serbiar artistaren ‘Of More Than One Voice’ erakusketa aurkeztu du (2013ko urtarrilaren 26tik apirilaren 28ra). 15 lan inguru biltzen ditu, gehienak bideoak, azken sei urteetan eginak eta nabarmen uzten dutenak Zdjelar-ek hizkuntzaz, hotsaz, musikaz eta nortasun politiko eta kulturalaz duen interesa, horiek baitira bere ekoizpen artistikoaren ardatzak. Artista honek gizarte garaikidearen azterketa egiten du eta horretarako darabilen tresna nagusia hizkuntza da, hor biltzen baitira edozein gizartetan oinarrizkoak diren nortasuna, erkidegoa eta aginpidea.

Artiumen ikusgai dagoen erakusketak serbiar artistaren 15 lan biltzen ditu, azken sei urte hauetan eginak eta guztiak bideo lanak —Recipes eta Change of Name izan ezik. Zenbait pieza egin berriak dira, besteak beste Gasteizen bertan filmatutako bideo bat. Bertan, ‘euskal rock erradikala’ esan izan zaion mugimenduko abesti ezagunak erabiliz artistak ideia horien inguruan hausnartu du. Zehazki, bideoak ‘Aitormena. World jautsitsaitsutsitsaitsuguena’ du izena eta Euskal rock erradikalak trantsizio garaian euskararen berreskuratze prozesuan izan zuen garrantzia, eta politikarekin, kulturarekin eta nortasun kontuekin zituen loturak aztertzeko saio bat da. Euskararen erabilera helburu guztietarako legeztatu zenean musika talde batzuk hizkuntza jakin gabe ere euskaraz abestea (askotan, euskaraz ez zekiten entzule batzuen aurrean gainera) erabaki izana izan zen Zdjelar-en arreta erakarri zuena. Artistak garai hartako protagonista batzuekin hitz egin du (Hertzainak taldeko Garirekin, Zaramako Roberto Mosorekin eta Kortatuko Fermín Muguruzarekin), eta prozesu demokratikoetako ahotsaren eta gizarte mugimendu handiagoetan norbanakoak duen parte hartzearen inguruko eztabaida bat zabaldu du. Bideoan, “musika mugimendu” horren jarraitzaile bat agertzen da Hertzainak taldearen Aitormena abesten. Ez daki euskaraz, eta abestiaren errepikako “Mundua jautsi zaigu gainera” bere ahoan piezari izena ematen dion “zera” hori bihurtzen da. Bideoaren ondoan, artistak egindako elkarrizketen transkribapenak jarri dira.


ARTIUMen Iparra aretoan, 2013ko urtarrilaren 26tik apirilaren 28ra

Lotura interesgarriak: Katarina Zdjelar  eta Artium 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago