Euskaltasunean lagun… Mikel Brandao

hirinet 2013ko urt. 29a, 09:29

euskaltasuneanlagun mikel brandaoOrain dela 30 urte jaio zen Mikel Brandao Gasteizen. Dekorazio munduan egiten du lan gazte honek. Kirolzalea eta musikazalea ere bada. Aurtengoa, Mintzalagun egitasmoan lehendabiziko urtea du eta asteartero elkartzen da bere taldekideekin alde zaharrean.

Noiz eta nola ikasi zenuen euskara?

Txikitan A ereduan ikasi nuen, eredu horrek ematen dizu oinarri bat euskara nolakoa den jakin dezazun, baina normalean ez da nahikoa izaten hizkuntza ulertzeko ezta bere erabilera defendatzeko ere, eta horregatik 29 urte neuzkanean erabaki nuen euskara benetan ikasten hastea. Harrezkero, euskaltegian sartuta nago.


Noiz hasi zinen Mintzalagunean, zergatik?

Aurten hasi naiz Mintzalagun talde batean, eta erabaki hori hartu nuen hitz egiterako orduan jariotasun gehiago lortzeko, eta, batez ere, beste euskaldunengandik ikasi nahi nuelako. Nire ustez, Gasteiz hiri euskalduna ez dela kontuan hartuta, ia-ia beharrezkoa da horrelako zerbait egitea, behintzat euskara maila lortzeko.


Zer egiten duzue zuen taldean elkartzen zaretenean?

Momentuz, plan berdina egin ohi dugu asteartero, taberna batean elkartu eta bi orduz, gutxi gora-behera, egoten gara hitz egiten. Egia da oso goiz dela plan bereziak egiteko, oraindik hilabete pare bat besterik ez da igaro elkar ezagutzen hasi ginenetik, baina ziur aski denborak aurrera egin ahala gauza gehiago egingo dugu.


Zer esango zenuke zure Mintzalagun kideen inguruan?

Ezin naiz kexatu, talde guztietan bezala denetarik dago eta pertsona bakoitzak bere ekarpen bereziak eman ditzake, elkarri lagun diezaiokegu eta edozein gauzari buruz hitz egin ahal dugu.


Gasteiz gero eta euskaldunagoa dela esango zenuke? Non entzuten da gehiago euskara?

Ez dakit euskaldunagoa den ala ez. Nire ustez, oso zaila da Gasteizen euskara entzutea eta oso zaila da jendeak euskaraz hitz egin nahi izatea. Beti pentsatu izan dut euskara hiru multzotan banatuta egon izan dela: euskara jakin nahi dugunok, euskara jakin BEHAR dutenak eta euskara erabiltzen ez duten euskaldunek.


Oporrak non eta zertarako?

Pasa diren oporrak barnetegi batean pasatu nituen. Hain zuzen ere, bi aste libre izan nituen eta ikasitako euskara ez galtzeko asmoarekin sartu nintzen barnetegira. Eta egia esanda, nire oporrik onenetarikoak izan ziren.


Disko bat?

"Zorion Argiak" Betagarri (2012)


Film bat?

Enterrado.


Zein ekintza kulturalean parte hartu duzu azkenaldian?

Musika ekintza askotan hartzen dut parte, esate baterako, Beldur Barik elkarteak antolatutako kontzertuetan izan nintzen azkenekoz.


Gasteizko taberna bat, zergatik?

Abendaño kalean dagoen Gold taberna. Betidanik gustatu izan zait  leku hori, hantxe egin ditut nire mintzamen luzeenak zein poteo berezienak. Leku handia da, besaulki askorekin, horregatik edonor joatekotan gera liteke egun osoa bere etxean izango balitz bezala (kar kar kar).


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Nik esango nuke edozein lekutan edozein hizkuntzataz bizi daitekeela, hizkuntza nagusiena ez izan arren, nahiz eta politikarekin erlaziona zaitzaketen. Kontua da,  hemen gero eta jende gehiago asimilatzen ari dela gero eta jende gehiagok euskara darabilgula, eta euskara hitz egitea edo entzutea gauza normala izan dadin esfortzua egiten dugu. 


  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago