Zertarako ez du balio izan Green Capital izateak?

hirinet 2013ko urt. 28a, 13:30

greencapital1Turisten etorrera %8,1 moteldu da 2012 urtean. Langabeziak gora darrai etengabe Gasteizen, eta Araban %18,3an da, iaz halako bi. Green Capital izendapenak saldu zenaren aldean eragin urria izan du herritarren ongizatean.

European Green Capital urtea amaituta, balorazioen ordua heldu da. Azkar ibili dira udaletxean. Javier Maroto alkatea buru duen Gasteizko Udalak etxeetako eskutokietan eskegi berri du “Zertarako balio izan dio Vitoria Gasteizi Green Capital izateak” izenburua duen informazio kartulina 10 arrazoi zerrendatu dituzte:

  • Finantzaziorako 5 milioi € baino gehiago lortzeko
  • Enpresen Mahia (sic) sortzeko, merkatu berriak ireki eta enplegu berdea sustatuko dituena 
  • Azkenean, Eraztun Berdea lotzeko, 250.000 zuhaitz gehiago landatuz
  • Uholdeen arazoa konponduko duen hitzarmena sinatzeko
  • Ingurumen alorrean Europako ordezkari nagusia izateko mundu osoan
  • Nazioarteko hedabideetan 15 milioi € baino gehiago balioko lukeen entzutea (sic) lortzeko
  • Hiriko turista errekorra gainditzeko 
  • Gasteiztarrak bertako izateaz harro sentiarazteko
  • Gasteiz hiribidea eraberritzeari ekiteko eta ingurumen proiektu estrategikoetan aurrera egiteko
  • Hiriaren bilakaerarekin jarraitzeko, ingurumena bereizgarritzat harturik

Baina, zertarako ez du balio izan izendapenak?  

greencapital2Hasteko, European Green Capital-ak ez du balio izan hizkuntza ekologian aurrera egiteko, ezta, adibideetan agerikoa denez, euskararen zuzentasunarekiko axolagabekeria instituzionala murrizteko ere. Horrez gain, 10 baieztapen horietatik asko subjektiboak dira, zehaztasunik gabeak, ez dira osoak, eta beste askok ez dute harreman zuzenik saria jaso izanarekin.

 


Langabezia bikoiztu da 

Udalak dioenez, Green Capital sariari esker, enplegu berdea sustatzea helburu duen Enpresen Mahaia sortu da. Sektorean zenbat lanpostu berri sortu diren ez dute jakitera eman, ez baita halako daturik existitzen. Ingurumenaren orbitako punta-puntako sektoreen balizko loratzeaz jakin bitartean, berdea eta enplegua bikoteari buruzko azken albistea “bici-taxi” izenekoen pedaletatik heldu da: funtsean Indiako rickshaw xumeak dira, green distiraz apainduta. Lanpostu horretan dozena erdi lagun ari dira, gutxieneko soldata jasotzen. Gidarietatik haratago, Udalak ez du azaldu Green Capital-en harira sortutako lanpostuak zenbat izan diren. Aldiz, gainerako sektoreetan langabeziak nabarmen egin du gora. Lurraldean langabezia %8,79tik %18,3ra igo da 2011ko ekainetik 2012ko abendura bitartean. Gipuzkako zein Bizkaiko langabezia tasa gainditu du Arabak urte eta erdian. Noski, Gasteizen ere goia jo du: 21.132 langabe daude.


Turismoaren igoera makaldu da 

Hiriko turista errekorra gainditu dela dio Gasteizko Udalak banatutako informazio kartulinak. Eustaten azken datuek neurrian jartzen dute baieztapena: %0,9 besterik ez da igo turista kopurua Green Capital urtean (iaz %9 igo zen). Hoteletako bezeroak 256.455tik 258.801era pasa dira . Urte hasieran izan zituen Gasteizek daturik onenak, baina neguan behera egin zuen bisitari kopuruak (abenduan %3,8 gutxiago iazko hilabetearekin alderatuz). Laburbilduz, turisten errekorra gainditu du Gasteizek Green Capital urtean, baina 2010 eta 2011 urteekin alderatuz igoera nabarmen mantsotu da. Urte berdea ospatzeko antolatutako ekintzek ez dute turismoa erakartzeko gaitasunik erakutsi.


Kaltea sortu du? 

greencapital3Green Capital-ek turisten etorrera moteldu eta langabezia hazi du Gasteizen? Ez, ezin zaio izendapenari ardura hori esleitu. Orduan, galderari buelta eman dakioke: zilegi da Udalak aldarrikatzea Green Capital izendapenak Gasteizi onura egin diola? Enplegua sustatu duela? Turismoa biderkatu duela? Hiruburutza Berdeari 10 onura horiek zerrendatzea marketing taktika da. Zulo bat estaltzeko maniobra. Haizeak eraman ditu Europa mailako sari batek ustez zekartzan turismo boom eta lanpostu berdeak. Atez ate informazioa uzteko marketing estrategiarekin, badirudi Green Capital-en joan-etorri bizkor eta gatzgabea ahanzturan ez erortzea lortu nahi dutela.


Eraginik izan al du herritarren ongizatean? 

Ez da zalantzatan jartzen ingurumen politiketako hainbat arlotan hobekuntza zehatzak egin direla 2012 urtean; gabeziak gabezi, zaborraren kudeaketa, natura eremuen hobetzea, edota garraiobide garbien apustua begi bistakoa izan da. Baina, agerikoa da ere politiken garapenak ez direla gertatu Green Capital izendapena heldu delako, baizik eta hiriak azken hogeita hamar urte abiatutako ildoa segi duelako. Green Capital-ek “hiriaren bilakaerarekin jarraitzeko, ingurumena bereizgarritzat harturik” edo “ingurumen proiektu estrategikoetan aurrera egiteko” balio izan duela esatea erdipurdiko baieztapena da. Oker esleitutako merezimendua.

Egia da herritarrek ekologismoaren azaleko kontzientzia bereganatu dutela, berdeak garela demostratu nahiagatik bederen. Aldiz, ekimen partehartzaileak edo erakusketak “porrota” izan direla diote datuek eta oposizioak. “Ingurumen alorrean Europako ordezkari nagusia izanik mundu osoan” etsigarria da adierazle ekonomikoek okerrera egitea, zehazki turismokoak eta enpleguarenak. Ez da inondik inora ere izendapenaren errua, absurdua litzateke hori pentsatzea. Baina, aldiz, maila apalean uzten du European Green Capital ponpoxo batek hiritarren ongizatean duen benetako eragina.

 

Egilea: Iñaki Larrañaga, Zuzeu-n argitaratua

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide