Emeki proiektua:"Gurasook askotan umeen sexualitateaz kezkatzen gara, eta agian zentzudunagoa litzateke geureaz arduratzea"

hirinet 2013ko urt. 28a, 10:36

emeki1Basotxo elkarteak, Emeki proiektuaren eskutik, proposamen bikoitza dakar otsailean. Batetik, ‘Umeen sexualitatetik geure sexualitatera’ ikastaroa, otsailaren 3an, eta bestetik, ‘Samurtasun Tailerra  Zure sexualitatera hurbilpena’, otsailaren 16an eta 17an.  Gasteiztik oso gertu (Monasterioguren) izango da, euskaraz eta gaian adituak diren Aingeru Mayor eta Olatz Marcos sexologoekin. Bi ekintza hauetan jorratuko diren gaiei hurbilpena egin nahian, Emeki proiektua osatzen duen bikote honekin solas egin du Hirinetek.

Zer aurkituko dute parte-hartzaileek Gasteizera ekarriko dituzuen bi proposamen hauetan?

Ikastaroa proposamen teoriko bat da ulertzen saiatzeko umeen sexualitatearen garapena, elkarrekin hausnartzeko gurasoek umeen sexualitatearen aurrean nola joka dezakegun eta jabetzeko horretan zein garrantzitsua den guk nola bizi dugun gure sexualitatea eta gure erotika. Gurasook askotan umeen sexualitateaz kezkatzen gara, eta agian zentzudunagoa litzateke geure sexualitateaz arduratzea.

Samurtasun-tailerra, berriz, bizipenetan oinarritutako proposamen bat da, hazkunde pertsonalerako, hazkunde erotikorako laborategia. Bertan norberaren sexualitatearen esploraziorako aukera ematen dugu, samurtasunaren bizipenean sakonduz.


Gurasoek seme-alaben sexualitateaz kezkatu ohi direla diozue eta askotan zer egin ere ez dakite honi naturaltasunez aurre egiteko. Nola bizi dute, bada, umeek haien sexualitatea?

Bere sexuatze-prozesuari buruz hitz egiten badugu, hau da neska eta mutil egiten joateko prozesuari buruz, ume bakoitzak bere modura bizi du prozesu hau, bere berezitasunekin. Ume bakoitza bera sentitzen den bezala izaten saiatzen da eta bere bizipenak oso desberdinak izango dira ingurukoek bere berezitasunak onartzen eta hazten badituzte edo, ordea, norberaren berezitasunak ukatzen badituzte, mutil eta neska izateko ereduak inposatuz. 
Bere erotikari buruz hitz egiten badugu, hau da bere plazerari edo bere desioei buruz, gure gonbidapena da behatzera nola umeek bizi duten, adibidez, bere gorputza: esploratzen dute, gozatzen dute, partekatzen dute, gustukoa dute, harro sentitzen dira eta bere ahalmen guztiak garatzen dituzte. Plazerari buruz hausnartzeko oso interesgarria da behatzea umeak jolasten ari direnean. Jolastean gozatzen dute, bere bizipenean une-unekoan erabat murgilduta, ez inora iristeko, baizik eta arreta guztiz jarrita hemen eta orainean. Pentsa helduek horretan zenbat ikasteko daukagun... Noski, umeen bizipenak guztiz aldatzen joango dira, helduen mundutik bere erotikaren adierazpenak ukatzen hasten garenean.


Zer paper jokatu behar dute gurasoek umearen sexualitatearen garapenean? Nola hezi behar dute haurra arlo honetan?

Guk ez diogu inori esango nola jokatu "behar" duen, zer egin behar duen edo zer ez. Hori moralak egiten du. Gure helburua da, batetik, aztertzea eta ulertzea nolakoa den haurren sexualitatearen garapen ebolutiboa eta, bestetik, hausnartzea haurren prozesu horretan gure jarrerek zein eraginak izan ditzaketen. Adibidez, haurren erotikaren adierazpenak ukatzen, erreprimitzen eta zigortzen baditugu, agian lortuko dugu umeek guk nahi duguna egitea edo ez egitea, baina honek erruduntasun eta lotsa sentimenduak sortzeaz gain, beldurra eta amorrua eragingo du. Galdetzen duzu "nola hezi haurrak" eta ez dugu ahaztu behar "hezi" hitzaren lehengo adiera dela "otzandu edo menderatu", animalia basatiekin egiten dena. Eta, bai, hori da guraso askoren kezka eta galdera: nola bideratu, nola zuzendu, zer egin. Geure gonbidapena oso bestelakoa da: hainbeste irakasten saiatzeari uztea, eta haurrei behatzeari ekitea. Behatzea zertarako? Batetik, haien prozesuak errespetatu eta lagundu ahal izateko. Bestetik, lehen esan bezala, haiengandik zer ikasi asko dugulako. Heztea baino gehiago, guri haztea interesatzen zaigu. Jarrera debekatzaile zein permisiboak alde batera uztea, eta hazte-jarrerak esploratzea.


samurtasuntailerra-1Eta zeintzuk izan daitezke gurasoen hazte-jarrera horiek  haurren sexualitatearen inguruan?

Lehenik eta behin haurrak izaki sexuatuak direla aitortzea eta bere sexuatze-prozesu propioan neska eta mutil egiten joateko nor bere modu berezi propioan onartzea. Oso garrantzitsutzat jotzen dugu ere haurrek haien gorputzaren esplorazioa zein beste umeekin jolasak errespetatzea. Eta, noski, haien galderei eta zalantzei kasu egitea argi eta zintzoki erantzutea.


Haurrentzat gurasoek sexualitatearekiko duten jarrera eta batez ere euren sexualitatearen bizipena funtsezkoa dela diozue. Zergatik?

Haurrek esaten diegunagatik baino gehiago, egiten dugunagatik ikasten dute, eta are gehiago, esaten eta egiten duguna bizitzen dugun moduagatik. Haientzat gurasoak dira, beste arlo guztietan bezala, erreferentzia nagusia. Haurrentzat funtsezkoa izango da adibidez gurasoek nola bizi duten bere gorputza. Edo sentitzea gurasoek elkar maite dutela. Ez gara konturatzen zein garrantzitsua den beraientzat, adibidez, ikustea bere gurasoek elkar besarkatzen dutela, elkarri musu ematen diotela...


Helduon sexualitatean aldaketarako jarrerak ere proposatzen dituzue, zeintzuk?


Hainbatetan helduok gure erotika hala-moduzkoa dela sentitzen dugu. Eta hau ez da harritzekoa kontutan hartzen badugu zenbateraino baldintzatzen gaituzten gure gizarte honek inposatzen dizkigun ereduek. Existitzen ez den emakume-prototipoa inposatzen zaigu, gizonari erotika bakarra bere zakil tentearena dela sinestarazten zaio, eta kopula inposatzen da plazererako harreman modu bakartzat. Hortik ateratzeko gure jarrerak aldatzeko esplorazio-bideak proposatzen ditugu hiru ardatzen inguruan: gorputza, plazera eta komunikazioa. Gorputza balioetsi eta gozatu ahal izateko beharrezkoa izango da aurretik nor bere gorputza ezagutzea eta, horretan, masajea eta laztanak tresna oso baliogarriak izango dira. Plazerari buruz norberak une bakoitzean gustukoa duena esploratzeko gonbidapena egiten dugu. Helmugarekin obsesionatuta dauden turistak izateari utzi, eta bidaiari bihurtu, plazeretan hierarkiak ezabatuz eta, haurrak bezala, unez unekoaz gozatuz. Eta komunikazioaren inguruan erronka izango da gizarteak inposatutako gidoiak alde batera uztea eta plazerean bestearekin aurkitzeko modu propioa esploratzea, asmatzea, eraikitzea. Gure gain hartuz izaki eskaintzaileka garela. Bestearekin aurkitzeko ez dugu ezertan jakitunak izan behar. Beharrezkoa da soilik partekatzeko gogoa izatea, besteari ni naizena eskainiz. Elkarrekin gustura egon nahi badugu bidea izango da entzutea besteak zer nahi duen eta azaltzea nik zer nahi dudan, horrela aurkituz biok zer nahi dugun. Zeren eta nik zurekin egon nahi dudanean, nahi dudana zurekin egotea da. Bide horretan ikasi beharko dugu eskatzen eta ematen, jasotzen eta eskaintzen, ados jartzen...


Samurtasun tailerrean ere sexualitatea ongizaterako giltza dela aldarrikatzen duzue. Zergatik kostatzen zaigu hainbeste gizakioi horretaz jabetzea eta horren aurrean naturaltasunez aritzea?

Gizarte ukatzaile honetan txikitatik oso ongi ikasi eta barneratu dugulako guk behar duguna ez dugula merezi, guretzat atsegingarria dela ez dugula merezi.


Nola lagundu ahal gaitu samurtasunak?

Carlos Menéndez gure maisua izan zenaren hitzetan, samurtasuna da zuretzat garrantzitsua izateko gaitasuna, zu niretzat garrantzitsua zarelako. Beste modu batetara esanda, samurtasuna da besteari adieraztea: zu niretzat garrantzitsua zara, zeren eta nik, ni garrantzitsuena naizena, zurekin partekatu nahi dut, zurekin egon nahi dut.


Zer egiten duzue tailerrean hori lortzeko?

Geure tailerretan konfiantza eta segurtasunezko gune bat sortzen dugu,  emakume eta gizon bakoitza, bere erritmora eta bere biografiaren arabera, ikerketa propioa burutu ahal izateko sexualitatearen eta samurtasunaren inguruan, hainbat jolas eta dinamiken bidez. Mugimenduak, erlaxazioak eta automasajeak gorputza sentitzeko eta gorputzaz kontzientzia hartzeko bidea ematen digute. Elkartze-jolasetan bestearekin komunikazioa esploratzen dugu: eskatu eta eman, eskaini eta jaso... Ikaspenak beti bizipen positiboetatik abiatuta.


Informazio gehiago HEMEN 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide