Bizikletaren erabilerak indarra hartu du Gasteizen

hirinet 2013ko urt. 25a, 13:39

BizikletakAraban bizikletaren erabilerak gora egin duela begi-bistakoa da eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak 2012an egindako azterketan jasotako datuek ere horrela adierazten dute. Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan oinez eta bizikletaz egindako joan-etorrien hazkundea nabarmendu da. Izan ere, herritarren joan-etorrien hazkundearen zati handi bat jasangarritasunaren aldeko mugikortasun-moduei dagokie, oinez edota bizikletaz egindako joan-etorriei, alegia.

Gasteizek mugikortasunean duen pisu handiaren eraginez, barruko bidaien %49,5 oinez egiten dira, eta bizikletak hirugarren tokia hartzen du, autoaren ondoren. Garraio kolektiboaren erabilera, aldiz, txikiagoa da, gainerako lurralde historikoekin alderatuz gero; %11,3koa, hain zuzen. Dena dela, azterlanak azken urteetako gorakada azpimarratzen du, Gasteizko hiri-garraioaren eta Gasteizko tranbiaren lineak berregituratu baitituzte.


Gainera, lau urtean behin egiten den azterlan honek adierazi duenez, emakumeen mugikortasuna gizonena baino zertxobait handiagoa da, baita jasangarriagoa ere, gehiago erabiltzen baitituzte motorizatu gabeko garraiobideak eta garraio kolektiboa ere gehiago erabiltzen dutelako.


Arabako datuei erreparatuz, makrozefaliaren ondorioz, lurralde barruko joan-etorrien %77,3 hiriburuan bertan egiten dira. Arabako Errioxako eskualdea eta Arabako Haranak dira kanpoko lurraldeekin lotura handienak dituztenak, batez ere udalerri hauekin: Logroño, Haro eta Miranda Ebro.

 

Mugikortasunaren azterlana ikusteko HEMEN

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide