Txinbo kaskabeltza, Jose Erbina kalean
Goiko hori txinbo kaskabeltza da (edo zen). Jose Erbina kalean dago, eta toki horretan bertan beste batzuetan ere ikusi izan ditut beste “kamikaze” batzuk lurrean zerraldo. Puntu beltz bat da.
Lakuako Jaurlaritzaren egoitza beste puntu beltz bat da. Bertako kristalen kontra txori ugarik egiten dute talka, batez ere migrazio garaian. Nik txio ugari ikusi izan ditut, eta handiagoak ere bai, esaterako argazkiko apo-hontza. Lehengoan, gainera, oilagor batek leihoa jo eta bertan hil zela esan zidaten.
Apo-hontza, Lakuan
Beste puntu bat bizikleten aparkaleku hau izan daiteke. Nola pegatinarik ez daukan kristalean, zartako galanta hartzen dute txantxangorriek, kaxkabeltzek, zozoek, txioek…, denetarik ikusi dut.
Beste puntu beltz bat
Horren moduko kristal gardenek konponbide erraza dute: ikusmira “apurtzen” duen edozer jartzea, dela hegaztien itzal bat, dela apaingarri bat, edozer gauza. Ispilu tankerakoek zailagoa dute, efektu ezberdina islatzen baitute.
Nolanahi ere, ez legoke batere gaizki Gasteizko puntu beltzen mapa osatzea, gauzak zertan diren jakiteko, eta informazioa zabaltzea konponbide erraza duten kasuetan esku hartzeko (itsasgarriak jartzea aholkatuz, adibidez). Green-aren lorratza aprobetxatuz, nolabait ere, eta ospakizunen erresaka azkarregi desagertu baino lehen. Dinot nik.
Martin Rezola