Perretzailea
Zakuak zaharrak bildu eta eurekin egin dezakezu mozorroa. Gona edo galtzak egiteko aukera duzu, soinean, berriz, jaka edo pontxoak, zuk nahi duzuna, hori bai, beti kapela bat jarri buruan eta estali ondo aurpegia. Behin hori prest duzula, jarri gorputzean zintzilik etxean dituzun lanabes zaharrak, kateak, latak… eta egin zarata kalera irtetzean.

Perretzaileen mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea
Sorgina
Amonaren jantzi ilunak erabiliz egin dezakezu sorginaren mozorroa. Beste aukera bat baserritar jantzia erabiltzea da arropa ezberdinekin nahastuz: mantala, lepokoa, lumak, hezurrak, gorri koloreko azalak.. Oinetan abarkak jantzi eta hegan egiteko erratza ere garrantzitsuak dira. Beldur itxura handiagoa izateko, margotu aurpegia zuriz eta prest zaude! Izara zuri batekin buruko berezi bat egitea proposatzen dizugu silikona erabiliz. Argazki honetan errazago ikusiko duzu:

Sorginaren mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Elkartea
Momotxorro
Mozorro honen zailtasun nagusia burukoa da. Janzteko erabili maoizko prakak, zuri koloreko alkandora, abarkak eta odolez zikindutako mantala. Burukoa egiteko beharrezko osagaiak ondorengoak dira: adarrak, saskia, koltxoi zati bat, karoiak, ardi azala, narruzko bi gerriko, sardea eta zintzarria. Argazkian ikusiko duzu zer nolako itxura hartuko duen zure mozorroak.

Momotxorroa. Argazkia: willwalkonwater1
Ziripot
Lortu lau zaku, eta moztu horietako bat erditik. Zaku erdi bat josi beste zaku oso batekin, aurrekaldetik. Jantzi soinean buzo bat eta orkatilak eta eskuak ondo babestu lastorik sartu ez dadin. Zakuari zulo bat egin albo batean eta sartu lastoa, ahal adina. Bi hankak ere lastoz bete. Zakuari burua eta besoak sartzeko zuloak egin. Josteko ordua heldu da! Goiko zatia behekaldekoarekin josi, baina soilik aurrekaldea edo atzekaldea, oraindik lastoa sartzea falta baita. Goiko zatia ere lastoz ondo bete, kalean lurrean zehar ibiltzeko eta minik ez hartzeko. Geratzen dena josi, jarri aurpegia estaltzeko ehun zuri bat, lastozko kapela jantzi buruan, hartu makila eta ia oinez ibiltzeko gai zaren!

Ziripoten mozorroa. Argazkia: Ahari Kultur Taldea
Egilea: Euskaldunak euskaraz bloga
